Dokumentuaren akzioak
Neskentzako baserritar jantziak, Legazpin eginak
Ainara Valencia da Didare mertzeriaren jabea. Gizonezkoen baserritar jantziak kanpotik ekartzen ditu, baina emakumezkoenak, alkandorak izan ezik, berak egiten ditu, osagarri eta guzti. Gabonak bertan dira, baina oraindik baditu batzuk aukeran.
Eskuz eginak eta bakarrak
Legazpin Didare mertzerian bakarrik eros daitezke baserritar jantziak. Neskenek gehigarri bat badute, gonak, tokillak, zapiak, eta beste osagarri batzuk Valenciak berak egiten dituelako, eta bakarrak direlako. Gonak, esaterako, taila desberdinetakoak egiten ditu, jaioberrienetik hasita, eta kolore askotakoak dira, oihal konbinazio ugari eginda. «Aukera zabala daukat, baina norbaiti ez bazaio ondo geratzen, edo kolorea gustuko ez badu, oihala ekarri eta nik nahi duen bezalakoa egingo diot», azaldu du Valenciak.
Gonak eta alkandora ez beste gainerako osagaiak berak egiten ditu: amantala, tokilla, zapiak eta paparrekoa. Alkandorak kanpotik ekartzen ditu, eta, horrela, traje osoa erosteko aukera eskaintzen du. Piezak solte ere saltzen ditu. «Bakoitzak behar duena, batzuk badutelako amantala amonak jositakoa, edo tokilla oparitu dietelako, edo gona txiki geratu zaielako, edo nik egindako kolore eta oihal konbinazioak ez zaizkiolako gehiegi gustatu».
Valenciak bere diseinu propioak egiten ditu. «Ez dira, agian, jantzi tradizionalak, baina urtetik urtera modak aldatu egiten dira, eta nire jantziak ere azken joera horietan sartzen direla esango nuke».
Joera horien berri Dantzari Txiki egunetan jasotzen du. Neskek janzten dituzten jantziei erreparatzen die. «Nire alaba gazteenarekin Dantzari Txiki askotara joaten gara, eta beti egoten naiz neskak nola janzten diren begira, baita alkandorei ere», nahiz eta pieza horiek josten ez dakien. «Ni ez naiz jostuna, baina ausartu egiten naiz, eta eskua dut josteko», aitortu du. Ondoko Arku dendan lan egiten duen Marian Dominguezen laguntza izaten du. «Jostuna da, eta gauza dezente erakutsi dit». Momentuz, berak egindako alkandorarik ez du; «baina nork daki, egunen batean ausartuko naiz agian alkandorekin ere». Bitartean, bere diseinuko traje guztiekin ondo datorrena du aukeran, zuria edo artile kolorekoa. Txaleko batzuk ere baditu, eta pololoak ere bai.
Tokillekin hasita
Urte osoan egiten ditu joste lanak Valenciak, dendan bertan eta etxean. «Urtarrilean jai hartzen dut jostetik, eta otsailean hasten naiz, armairua osatu arte». Iraileko Artzain Egunerako armairutik ateratzen ditu jantziak, eta ikusgai jartzen ditu. «Urretxuko Euskal Jaietarako ere izaten ditut eskura, eta gero, Gabonetarako».
Pozik dago legazpiarra negozioaren atal horrekin: «Oso ondo saltzen ditut, jendeari asko gustatzen zaizkio nire lanak». Duela hamar urte inguru hasi zen, «tontamentean». Osagarriak bakarrik ekartzen zituen orduan, txapelak nahiz gerrikoak. «Baina horrek gehiago eskatu zidan, eta egun batean puntuzko tokilla bat egin nuen, erakusleihoan jartzeko. Bezero bat etorri zen, gustatu zitzaiola eta hura eta haur batzuentzat beste hiru gehiago erosi nahi zituela esanez. Dendan artilea banuenez, baietz esan nion, eta egin nizkion tokillak. Haien ondotik gehiago egin nituen, txikiak, eta ondo saltzen zirela ikusita, aurrera egin nuen».
Trajeekin ere antzeko zerbait gertatu zitzaion. «Kanpotik ekarritako betiko beltzak nituen, tanto zuridunak, eta saltzen nituenak baino txikiagoak eskatzen hasi zitzaidan jendea. Ausartu egin nintzen, eta hasi nintzen batzuk josten, txiki-txikientzat hasieran, handixeagoentzat gero, eta azkenik, helduentzat».
Mutilentzat ere salgai
Neskentzako jantziak bakarrik egiten ditu Valenciak, baina mutilentzat ere baditu salgai: prakak, kaikuak, gerrikoak, zapiak, galtzerdiak eta abarkak.
Dokumentuaren akzioak