Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Neskek dute mantendu eta bizirik atxiki zuberotar dantza"

Dokumentuaren akzioak

"Neskek dute mantendu eta bizirik atxiki zuberotar dantza"

Transmisio naturalari jarraikiz, dantzari izan zen herrian, ber adineko gazteekin. Dantzari uzteko tenorean, ez zion haren giroari utzi nahi. Eta xirulari heldu zion, ordu arte gizonena zen karguan. Eta xirula joz jin zaigu, dantzaz eta musikaz, Muskildin sortu txülülaria.
Egilea
Migel Anjel Elustondo
Komunikabidea
Argia
Mota
Elkarrizketa
Data
2020/09/20
Lotura
Argia

Argazkia: Dani Blanco

Argazkia: Dani Blanco

Celine Otatxegi. Muskildi, 1978
Asme etxaldekoa. Xirulari, edo txülülari, usaian gizonezkoek hartua duten karguan. Xirula utzia duela dio, adin batetik at ez baita jostetarik, eta bai, aldiz, familia begiratu beharra, eta Celinek baititu bi haur ere, Sohütako Eperra ikastolan ikasten ari direnak. Hogei urtean plazako xirulari izateari utzirik ere, xirulari ari zen duela bi urte Muskildiko maskaradan. Celine Otatxegi, Celine Asme lagunendako, sortetxearen izenaz.

Xirulari baino lehen, dantzari izan zinen...
Hala da usaian Zuberoan, dantzari izatea. Nik ere ikasi nuen lehenik dantza, ene haur denboran, herriko dantza taldearekin. Herri guzietan bada dantza eskola bat, eta ni ere hasi naiz, bost urtetarik, ene lagunekin dantza ikasten. Ez uste hori galdua dela: orai ere badira dantza eskolak herri guzietan, eta ene alaba gehiena ere Muskildin ari da dantzen ikasten. Ene denboran, herriko gazteak izan nituen irakasle. Haiek ikasi zuten, eta ondoan, irakatsi ziguten guri. Ez zen izan irakasle bat, izena duena, irakatsi ziguna. Ez. Hemen horrela transmititua izan da dantza, gazteek haurrer, eta guk ere horrela irakatsi dugu gazteagoer.

Zuberoan azkar dira dantza, musika, pastorala…
Guk txipi-txipitik ikasi dugu horietan sartzen. Beti badira gazteak ondokoei erakusten, orai ere bai, eta horren barnean izan gaituzu gu. Dantzarekin eta kantorearekin hazi gara. Transmisio natural bat izan zen guk jaso genuena, eta beti izan da horrela. Eta hori ez da galdu: orai ere, gazteak, jaietan, edo bestetan, beti ari dira kantan eta dantzan. Nik hogeita bost urte artexean utzi nuen dantza. Hala ere, behar nuen dantza taldea jarraiki, nahi nuen, baina ez haboro dantzan. Orduan, pentsatu nuen: “Eta zendako ez musika egitez?”.

Eta musika egitez, txülülari ibili zinen, xirularia gizonezkoa zen denboran.
Bai. Adin batetarik at, desberdina da... Dantza, maskarada eta horiek gazteendako dira. Utzi nuen dantza, utzi maskarada... baina salbu Muskildin denean, laket bainaiz han, ene sorterrian. Beraz, ene familia egin nuen, eta ez nuen denbora herriko gazteekin herriz herri batera eta bestera joateko. Dantza taldean, edo maskaradan berdin, higitu behar da, gazteak behar dira jarraiki… eta horrela hartu dut xirula.

Zertako xirula?
Enetako xirula izan da beti misterio bat bezala. “Nola hainbeste soinu elkitzen ahal da hiru zulorekin?”, pentsatzen nuen. Eta nahi ukan nuen jakin, ikasi, nola ari xirulan. Banuen lagun bat, Urdiñarbekoa, Jean-Charles Sans, xirula ttipitik ikasia zuena. Hari galdegin nion ea ahal nuenez harekin ikasi xirula. Hark baietz, gogo onez. Ordea, ni ez nintzen sekula solfeo kurtsorik egina, ez deus ere, eta Jean-Charles harekin ikasi badut ere, ikasi dut oro belarrira. Eta ikasi nuen soinu hanitx egiten, baina soinua hatsarekin, hats desberdinarekin egiten. Ikasi nuen azkarrago pujatzen banuen, soinua ez zela berdin. Behar zen hatsa modelatu eta xuxen egin erien higimendua. Ez da aisa, baina ikasi nuen.

Zer zioten zure inguruan emazte bat xirulari ikusiz?
Ene aitak erraten zuen pixka bat uzteko, zeren eta hark nahi zuen siesta egin lasai! Kar, kar... eta ni beti ari nintzen xirularekin etxean! Baina aitak eta amak, biek, plazerarekin ikusi naute xirula hartzen. Kontent ziren. Herrietan ere nehork ez du gaizki ikusi nik xirula jotzea, ez dut hitz gaixtorik entzun. Denetan ontsa hartua izan naiz, denetan. Zuberoan beti batzarri ona ukan dut ene xirularekin. Beti izan da gizon edo pottiko musikaren aritzen, baina ni ez naiz galtoa pausatu emakume bainintzen.

 

 

Argazka: Dani Blanco

 

 

Eta xirula ikasi eta gero, non ari izan zinen jotzen?
Orduan, hasi naiz herriko dantzariekin harat-honat, zeren eta garai hartan non-nahi bazen galtoa, edo Hegoaldetik edo beste herri batzuetatik, joateko dantzatzera, eta ni nintzen musikarekin. Hastapenean Muskildiko taldearekin hasi nintzen, Zuberoako dantzak jotzen. Gero, utzi nuen taldea, orai bi urte artino, duela bi urte izan baitzen maskarada Muskildin, eta, ondotik, jarraiki dut. Plazer bat zen enetako xirula jotzea ene herriko taldearekin maskaradan, Muskildin baitzen! Ene sorterriarentako! Beste galto bat heltzen bada, maskaradan xirula jotzeko, ez dut uste eginen dudan, zeren eta maskarada da gazteen jokoa. Hala ere, nik plazer ukan dut beti xirula jotzea, zeren eta, xirula jotzen dudalarik, beti zerbait pizten da ene baitan, maite baitut soinu hori. Oroitarazten dit gure kultura, gure hizkuntza… Enetako, dena lotzen da xirularekin, euskara eta kultura guzia.

Zer erran nahi duzu?
Enetako beti hor da euskara, Zuberoako kulturari lotua. Euskara da gure mintzatze nagusia. Enetako bai, bederen. Maskarada egiten da euskaraz. Ezin pentsatzekoa da beste hizkuntza batean egitea. Egia da gazteak hein batean galtzen ari direla euskara, eta ageri da hori zeren eta, adibidez, maskaradan, kargurik nagusienak behar direlarik hanitx mintzatu, egungo egunean hanitx gaztek ez dute maila ona kargu horien ontsa egiteko. Maskarada ez zen galtzen ari, baina mementu batez, kargu handien egiteko ez zen gazterik. Orai, aldiz, iduri zait gazteak arrajiten ari direla, kontzientzia hartu dutela euskara galtzen ari zela, eta behar dela euskaraz mintzatu.

Atharratzen, astelehen oroz egiten den merkatua, izan gazteak, izan zaharrak, frantsesez omen da gutiz gehiena.
Ez da toki guzietan berdina. Muskildin sortua naiz eta beti euskaraz ari gara han. Muskildirendako  inportantea da hizkuntzaren egitea eta laguntzea. Nik haurra ezartzen dut Muskildiko dantza eskolan, baitakit Muskildin badela dinamika, han naturalki egiten baita euskaraz, oro. Eskola bakarrik ez, oro! Ez da dinamika hori denetan… Egun, Sohutan bizi naiz ene familiarekin, hurbilago Ospitalepetik. Aurten, bada arrabote berri bat!

Arrabotea eginagatik ere, nor ari izanen da jokoan?    
Ez dakit, konplikatua da. Ni oroitzen naiz ene gazte denboran gau oroz biltzen ginela herriko plazan, arrabotean, pilotan aritzeko, dantzan aritzeko, edo jateko elkarrekin. Ez baitzen besterik, hori zen gure plazera. Guk ez genuen kirol ez deus ere, eta bazen dinamika hori. Orai ez, orai arraboteak hutsik dira. Lehen, aldiz, beti bazen norbait. Oraiko gazteek zernahi badute egiteko, eta ez dira haboro hor.

Agian, itzuliko dira dantza eta musikara. Zu ere denbora hanitx igaran ondotik itzuli zinen.
Bai, zeren eta dantza utzi dut kasik orai hogei bat urte! Hatsarrean, haboro ari nintzen Zuberoako herri bestetan edo besten prestatzeko, antolatzeko, zeren eta, hemen, bestak baino hiru bat aste lehenago, gazteak joaten dira etxez etxe, egitarauaren presentatzeko, eta usaia da musikalariak haiekin joatea, laguntzeko, eta nik ere hori egin dut Zuberoako herri desberdinetan.
Xirularekin beti.

Ni xirularekin, bai. Hala ere, badira beste musika tresnak ere, nola diren atabala eta ttunttuna. Atabala guziz klasikoa da, ezaguna. Eta ttunttuna, berriz, zurezko tresna hori duzu, beti ttun-ttun-ttun-ttun… ari dena. Nik ez dakit xirula eta atabala, edo xirula eta ttunttuna, jotzen biak elkarrekin. Zailegi da enetako. Hasi nintzen, baina ez nintzen heltzen biak egiteko elkarrekin. Hor dira Mixel Etxekopare, Jean-Mixel Bedaxagar, Jean-Charles Sans… Horiek bai, egiaz artista dituzu. Eta, bestalde, orai badira gazteak xirulan ari direnak, maskaradak jarraikitzen. Bai, bada xirula eskola bat.

Lehenago, zu baino lehen, izanak ziren emakume xirulariak Zuberoan?
Bai, eta hor da, adibidez, Dani Etxart, Xiberoko Botzan ari zena. Hark jo zuen xirula. Hala ere, emakume xirulariak ez dira hanitx izan. Haboro beti gizonak edo pottikoak. Egun ere, bada haboro gizon, edo gizon gazte, xirulan ari. Neska gutiago, nahiz neskak ere gero eta haboro gara xirularen ikasten.

Xirularen ikasten haboro dira neskak, eta dantzan ere hor dira: pastoraletan, usu da nesken ikustea, lehen pottikoak egiten zituzten dantzen ematen.
Pottiko gutiago baita dantzan ari orai. Ez da oraiko gauza. Pottikoek badute kirol, errugbi edo beste zernahi, eta usaian bazterrera uzten dute Zuberoako dantza. Beharrik, badira neskak, bestela Zuberoako dantzak galduak ziren. Neskek dute mantendu eta bizirik atxiki zuberotar dantza. Behar ere! Bestalde, badira zenbait herri, Barkoxe bezala, beti izan dena dantza-eskola handi bat, edo modelo. Barkoxe dantzari herria izan da beti, pottikoekin nahiz neskekin, eta oraino ere, egun ere, bada eskola Barkoxen. Eta dantzari onak! Barkoxe, Urdiñarbe, Muskildi… Zuberoan badituzu bizpahiru herri, non baden dantza eskola azkar bat. Badute “urguilua”.

Eta Barkoxeko da, xuxen, Germaine Lexardoi, Topa Noka tropa hari esker, besteak beste, hasi baita bere ikusgarriaren egiten: “Topa Noka herroka, plazaz plaza saltoka biziari txaloka, dantza aitzina pika, urratsak errepika, eten ez dadin soka. Gizoner desafioka, korpitzer bardinaka, neskatilen guduka”.
Bai, eta egin dute ikusgarria Lexardoi emazte horren lekukotasunarekin. Hark kontatzen du nola ikasi zuen dantzan, bere herriko pottiko lagunen so egitez, zeren eta, lehen, emazteek ez zuten dreta karrikan dantzatzeko! Topa Nokak egin du ikusgarri hori, kontatzez nola izan den lehen emazteen lekua dantzan eta orai zertan garen. Ikusi behar da Topa Nokakoak zer heldu diren egitera. Ikusgarri hanitx ederra da, eta fisikoki emaiten dituzte puntak hanitx gogorrak.

Puntak ontsa eman behar, urratsak ontsa errepikatu behar… Ez da plazer hutsa.
Zuberotar dantza beti izan da berezia eta gogorra, hein berean. Behar da indar, behar da puntak eman, behar da pikatu, behar du dantza ontsa landu, hanitx! Hemen maite dugu ontsa pikatzea, ontsa zerratzea, indar ukatea, fin izatea, arin... Maite dugu oro ontsa egitea! Eta Topa Nokako horiek, hanitx, heltzen dira horien oro ontsa egitera. Herriz herri kurritzen dira Iparraldean, eta uste dut Hegoaldean ere bai.

Musika eta dantza beti Zuberoan, nahiz baden lana ere.
Johañe Etxebest, Larrainekoa, xirulari eta dantzari ona duzu. Ari da lanean dantzarekin eta, duela bizpahiru urte, plantarazi du dantza lehiaketa bat herrien artean, haien arrapizteko. Txista deitzen da, eta izan zen lehenik Urdiñarben. Zuberoako herri guziek hartu dute parte. Dantzari bakoitzak bere punturik hoberenak egin behar zituen. Izan da lehiaketa bakarka eta taldeka, eta jendeak behar zuen bozkatu herrietako dantza eskolentako. Ezpeizek zuen irabazi. Lehiaketa horrek lagundu du dantza indartzen, eta gazte dantzarientako ere eman du helburu bat: beste herriekin lehiatzea. Eta ikusi da azkar dela dantza Zuberoan.

 

Argazka: Dani Blanco

 

MINTZATU
“Muskildin sortu nintzen, Sohutan bizi naiz, eta lanean naiz Donapaleun, etxetik ez sobera urrun. Ene bi haurrak ikastolan ditut, Sohutan. Ehun baino haboro haur badira han, eta badira guraso gazteak, ez bortxaz euskaldunak, beren haurrak ikastolan ezartzen baitituzte euskaraz ikasteko. Bada jendea, euskara inportante dela konturaturik bizi dena. Ez dute nahi gure hizkuntza galtzea, eta badakite, gure hizkuntzaren begiratzeko, behar dela mintzatu”.
HIRIETARA
“Gazteendako bada lan Zuberoan, baina gazteak behar dira hiri handienetara joan estudioentzat: edo Baionarat, Pauerat edo urrunago. Lana hiri horietan atxemaiten dutelarik ez dira, bortxaz, Zuberoan bizi. Bada hala ere gazte zenbait arrajiten eta beren enpresa muntatzen dute Zuberoan”.
SEGIDA
“Miranderen garaiko euskal irakurle gehienek nekez ulertu ahal izango zuten haren lana. Askotan, bere idazlanen muina gutxi batzuek ulertzeko moduan idazten zuen, bazekielako zein ziren mugak, baina trikimailu literarioak ere ezagutzen zituelako”. 
Azken hitza
EDERRA, XIRULA
“Ez naiz haboro ari xirulan. Utzia dut, badu aspaldi. Gazte denboran ari nintzen, eta bestalde, ez naiz artista! Bitxia egin zait zuek nahi dezazuen jakin zerbait enetaz. Zuentako bitxia da nik xirula jotzea, baina enetako ez da bitxia, zeren eta gazte denboran nuen ikasi, eta beti aitzina jarraiki dut, pausatu gabe. Eta harro naiz, zeren musika tresna ederra da xirula, eta jotzen baitut”.

 

Dokumentuaren akzioak