Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Neskatxak, euren plaza berreskuratzera

Dokumentuaren akzioak

Neskatxak, euren plaza berreskuratzera

Egilea
Jon Ordoñez
Komunikabidea
Berria
Tokia
Beasain
Mota
Albistea
Data
2008/06/25

Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia liburuan eman zuen Juan Inazio Iztuetak garai bateko neskatxen sokadantzen berri. Gaur egun ez da ohikoa emakumezkoek dantza tradizionaletan gizonezkoak dantzara ateratzea, baina XVIII. eta XIX. mendeetan ohikoak ziren neskatxen eta etxandreen dantzak Gipuzkoan eta Bizkaian, eta horietan emakumezkoak ziren protagonistak plazan: ezkongabeak lehenengoan eta ezkonduak bigarrenean.

Emakumezkoek jendaurrean izan behar duten espazioak beti piztu du eztabaida, baita garai batean orduko dantzen aldekoen eta kontrakoen artean, Josu Larrinaga Zugadi Eusko Ikaskuntzako kideak Emakumeak eta Soka dantza artikuluan idatzi zuenez; ez ziren soilik noizean behin bakarrik dantzatzen, baizik eta denboran eta espazioan erregularki izaten ziren. Gaur egun dantza taldeetan dantzari gehienak emakumezkoak direlako eta dantza gehienak gizonezkoenak direlako, emakumezkoei plazan protagonismo hori itzultzeko asmoarekin, neskatxen sokadantza berreskuratu zuten herenegun San Joan gauean Beasainen (Gipuzkoa), su edo alamartxoaren inguruan.

Bizkaiko herri askotan bezala, Gipuzkoako Goierri eskualdean ere emakumezkoen dantzen galera gertatu da. Beasainen, esate baterako, bi dantza tradizional mantendu dira, haurren eta helduen sokadantzak, eta orain dela urte gutxi agintarien sokadantza berreskuratu zuten. Hiru dantza, eta hirurak ere gizonezkoenak.

San Joan suaren ohiturak baliatuz, ordea, 11 eta 14 urte bitarteko neskatxei ere eman nahi izan diete egun zehatz batean herriaren aurrean dantzatzeko aukera. «Gazteak eta gaztetxoak izan ohi dira sanjoanen inguruko ospakizun hauetako parte-hartzaile nagusiak, eta beraiei emango diegu protagonismoa. Dantza taldeetan daukagun neskatila kopuru altua kontuan izanda, eta tradizioan protagonista beraiek dirn dantzen egungo hutsuneari begira, 11 eta 14 urte bitarteko neskatxek zuzenduko eta dantzatuko dute esku-dantza hau», azaldu zuten dantzaren antolatzaileek. Guztira, hogei dantzarik baino gehiagok hartu zuen parte San Joan gaueko dantzan.

Loreak bildu eta koroa gorde

Neskatxen sokadantza heldutasunera pasatzeko erritua zen. Orain dela 250 urte oso zabalduta zegoen. San Joan bezperan hasi ziren dantzari beasaindarrak gaueko dantza prestatzen. San Joan egunean loreak eta landareak biltzeko tradizioan oinarrituz, bezperan bildu eta buruan apaingarri gisa erabiltzeko koroa egin zuten. Hainbat herritan San Joan goizean loreak bildu eta hurrengo urtera arte gordetzen zituzten, sutan erretzeko, zaharrak botaz eta berriak hartuz. Beasaingo dantzariek koroak dantzan erabili zituzten herenegun, eta etxean gorde dituzte hurrengo urteko San Joan sua pizteko. Emankortasunaren ikur dira landareak, eta, besteak beste, gaitzak eta trumoiak urruntzen zituztelako ustea zegoen. «Emakumeek San Joan loreak eta eskura zituzten beste batzuk biltzen zituzten: milorriak, iratzeak, arrosak, krabelinak, lizarra, elorria eta gereziak».

Dokumentuaren akzioak