Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Neskak mutil-dantzari

Dokumentuaren akzioak

Neskak mutil-dantzari

Emakumeak mutil-dantzari? Kontu hutsala dirudi, baina atzo, arratsaldeko 5etan, 180 iruzkin zituen horren inguruko azken albisteak, egunkari honen edizio digitalean.
Egilea
aingeru epaltza
Komunikabidea
Noticias de Navarra
Mota
Iritzia
Data
2013/09/17
Lotura
Noticias de Navarra

Ez dakit zuzen zer gertatu zen lehengoan Elbeten. Ideia onek defendatzaile txarrak izaten dituzte batzuetan. Garbi baitago tradizioak fosil huts gelditzen direla, gizartearen aldaketekin batera kanbiatzen ez badira. Duela 50 urte arte, gizonezkoa zen Euskal Herriko ospakizunetako ardatza. Harendako zen besta. Harena zen espazio publikoa. Emakumerena, berriz, sukaldea edo etxe barrena. Handik kanpora, ikusle. Hori konprenitu gabe ez da konprenitzen ahal gure folklorearen agerpen gehienek (izan) duten kutsu maskulinoa. Gure garaietako iraultza da emakumearen plazaratzea, hitz horrek duen adierarik zabalenean. Mutil-dantza erakustaldi erritmiko hutsa baino gehiago da Baztango herrietako bestetan. Nor harrituko emakumeak bertan egon nahi izatea, protagonista, gizonen pare? Duela 40 urte inon ez zen emazteki aurreskularirik edo joaldunik. Lapurdin eta Nafarroa Beherean gizonen kontu hutsa ziren mutxikoak. Eta zer erran maskaradez eta pastoralez, Zuberoan. Gaur egun, emakumeen parte hartzea onartua eta normalizatua da horietan guztietan. Are gehiago, zenbait kasutan, biziraupena segurtatu dio ospakizunari. Izena eta izana arrazoitzen dute emakumea mutil-dantzatik urruntzeko. Euskararik ez dakite? Baztaneraz, tradizioz, mutila morroia da. Sehia. Mirabea. Etxeko zerbitzaria, hura gizona delarik. Halako guti ikusten da, gaur egun, mutil-dantzan. Beharbada, gisa horretako mutilik gelditzen ez delakoz ia-ia. Eta adiera berriagoa -edo zabalagoa- hautaturik, mutila gizon gaztea baldin bada, zertan ari dira 50 urteak gibelera aspaldi utzi dituzten mutikoak, beren tripatzarrekin mutil-dantzan? Bidasoa fundamentalista kantatzen zuen Muguruzak. Baztango urek Hondarribiraino ailegatzen segitu behar lukete. Ez alderantziz.

Dokumentuaren akzioak