Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Neke gozotan

Dokumentuaren akzioak

Neke gozotan

Dantza dute pasio. Dantza dute bizimodu eta luzaroan hala izatea nahi lukete. Ballet Biarritz Juniorreko dantzari gazteek gogor egiten dute lan egunero. Donostiako Egiako Kultur etxean dute entsegu lekua.

Egilea
Gorka Erostarbe
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Erreportajea
Data
2007/03/24

Goizero, astelehenetik ostiralera, Ballet Biarritz Juniorreko 10 gazteak entsegu aretoan elkartzen dira klase, ikastaro eta entsegu egun gogor bati aurre egiteko. Erik Odriozola (Gabiria, 1985) eta Miren Gomez (Irun, 1984) gipuzkoarrak falta dira gaur. Lehena, Kanarietako Gran Ballet konpainia profesionalak fitxatu berri du, eta bigarrenak beste zeregin batzuk zituen.

Aurelie Luque (Frantzia, 1984), Gisela Ribas (Katalunia, 1985), Irma Hoffren (Donostia, 1986), Andrea Vallescar (Katalunia, 1986) Pierre Henrion (Flandria, 1987), Vivien Ingrams (Ingalaterra, 1987), Mickael Conte (Frantzia, 1988) eta Lea Gilbert (Frantzia, 1988) lurrean etzanarazi ditu irakasleak. Hankak altxa, eta paretaren kontra jarri dituzte oinak: «Arnasgora txiki bat eta hasperen handi bat», eskatu die. Arnasketa zikloak hasi dituzte eta berehala dira denak begiak itxita. Lo baleude bezala, guztiz erlaxatuta. Ordu erditik gora egin dute ia isiltasun eta baretasun erabatekoan.

09:45Lurretik jaiki eta «pixkana» ibiltzen hasteko agindu die irakasleak. Atzera eta aurrera. Orain poliki, orain azkarrago: «Hasi hitz solteak esaten, hasi barre egiten, hasi zarata ateratzen». Ispilua lagun dutela jolasean hasi dira.

Geldiarazi ditu, eta organoaren parean jarri ditu zortzi gazteak, berak emandako tonuan ahots desberdinak atera ditzaten: «Nahiz eta nota bera erabili, soinu desberdina aterako duzue, ahots norabidearen arabera». Aurpegi, lepo eta sorbaldak askatzeko nor bere aurpegia ukitzen hasi da. Gargarak eta hasperenak ere edonoren ahotan: «Hasperenak beti datoz ongi», bota die irakasleak. Denak barrez.

10:15Banan-banan, liburu baten pasarte bat irakurri dute, atzeraka ibiltzen doazela. Nork bere jatorrizko hizkuntzan. Burua zintzilik uzteko aholkatu dio Irma Hoffren donostiarrari, azkarxeago irakurtzeko Lea Guilbert frantsesari, polikiago, aldiz, Gisela Ribas kataluniarrari: «Ahotsa egoera ezberdinetara egokitzea da zailena».

Klaseari amaiera emateko, lurrean eseri dira guztiak, biribilean. «Sekula ez nintzen jarri pentsatzen nola arnasten dugun», esan du Hoffrenek. Ondorio nagusia, irakaslearen ahotik: «Dantza egiterakoan arnasketa ahalegin handia egiten duzue, eta garrantzitsua da teknika ezberdinak menderatzea. Hori ez duzue astebetean lortuko, urteetan eta askotan errepikatuz baizik». Txalo artean agurtu dute irakaslea. Goizeko 11:00ak dira, eta bost minutuko atsedena dute dantza irakaslea iritsi artean.

Ballet Biarritz Junior ez da eskola bat, ez da akademia bat, ez da kontserbatorio bat: «Oinarrizko trebakuntza ez dakigu egiten, baina badakigu konpainia profesional bat egiten. Gure proposamena hori da, harri txiki hori ekarri eta konpainia profesional baterako prestatu». Filgie Claveri dantzaz elkarteko zuzendariaren hitzak dira.

11:15Iritsi orduko musika jarri du Gael Domenger dantza irakasleak. Musika klasikoa aurren-aurrena. Ballet Biarritz konpainiako kidea izateaz gain, gazteei klaseak ematen dizkie, Adriana Pous-ekin batera. Hura ere Ballet Biarritzeko kidea da.

Dantza urratsak eta beroketak errazago egin ahal izateko barra bat atera dute aretoaren erdira. Guztiak kokatu dira hormako nahiz areto erdiko barrari helduta, ispiluari begira. Musika ekipoan pieza bat jarri eta egin beharreko urratsak erakutsi dizkie irakasleak, serio. Berak bakarrik aurrena. Bitartean, zortzi ikasleek eskuekin imitatu dute, gero hankekin egin beharrekoa: «1, 2, 1, 2, ezker-eskuin, ezker-eskuin...», irakasleak ahoz laguntzen ditu ikasleen urratsak. Frantsesez mintzo zaie.

Behin eta berriro errepikatu dituzte urratsak. Kubako Guantanamera doinu moldatua edo Espainiako Besame mucho aukeratu ditu irakasleak, besteren artean. «Ez dit denbora ematen mugimendu horiek guztiak kateatzeko», kexatu da gazteetako bat. «Emango ez dizu ba denbora. Mugimendu guztiek dute beren logika. Bilatu logika hori», erantzun dio irakasleak.

12:00Dantzari gazteen aurpegiak gorritzen eta izerdiz bustitzen hasiak direnean, irakaslearen sakelakoak jo du. Hartu eta aretotik irten da. Irribarretxo bat atera zaie ikasleei, eta arnasa hartu dute. Halere, bada bere kabuz urratsak entseatzen edo beroketak egiten jarraitzen duenik.

Hamar minutuko atsedenaldia eskaini die irakaslearen geldialdiak, baina lehen baino are serioago eta kementsuago ekin dio saioari. Areto erdiko barra kendu eta alderik aldeko ariketak egiten jarri ditu ikasleak. Increscendo doa dantza mugimenduen zailtasuna eta abiada. Aurrenekoz ezina gailendu zaio bat baino gehiagori: «Ezin dut hori egin» kexatu da dantzarietako bat. «Bai, ahal duzu. Saiatu» Irakaslearen erantzun lehorra. 13:00etan amaitzekoa zen klasea ordu erdi geroago bukatu da.

13:30Bazkaria. Kultur Etxean den jangelara joan dira zortzi dantzariak. Inork ez du aparteko otordurik egin, arratsaldean datorkiena gogoan. Aurelie Luquek ogia, mandarina bat eta kafea hartu ditu.Gisella Ribasek pasta, ogia eta mandarina. Andrea Vallescarrek purea hanburgesarekin. Barrez hasi dira denak hanburgesa ikusi orduko. Ez dute oso ohiko agidanez.

14:30Bazkaldu eta berehala, entsegu aretora joan dira beste behin. Ibilaldi dantza ikuskizuna eskaintzen ari dira bai Euskal Herrian eta baita atzerrian ere. Ikuskizun horretako bi pieza moldatu behar dituzte, Erik Odriozolaren hutsuneak aldaketak eragin baititu ezinbestean. Bazkal aurretik dutxatzeko betarik ez dute izan. Zenbaitek arropa aldatu du eta desodorantea ere dantza batean darabilte.

Denak isilik. Nor bere lekuan. Prest. Piotr Ilitch Txaikovskiren La valse des fleurs-en lehen notak atera dira bozgorailutik. Thierry Malandainen koreografiak bizia hartu du. Baltsaren doinu gozoarekin bat egin dute dantzarien mugimenduek. Entsegua eten egin du, ordea, Gael Domengerrek. Urrats bat nola egin duten ez zaio gustatu: «Mesedez, kontzentrazioa eskatzen dizuet. Behin bakarrik egin behar izan dezagun».

Hasieratik ekin diote berriro. Leun eta espresioz beterik. Gorputz guztiak harmonian. Musika hunkigarria da. Oraingoan bai, oraingoan egoki atera zaie: «Voila! Magnifique!». Egun osoan aurrenekoz agertu da konforme bere dantzariek egindakoarekin. Halere, gogoetarako hitz batzuekin bukatu du: «Inoiz ez ezazue pentsa dena badakizuela. Utzi ateren bat zabalik dudari ere. Horrek hobeagoak egingo zaituzte».

16:00Aureliek, Giselak, Irmak, Andreak, Pierrek, Leak,Vivienek eta Mickaelek txalo artean agurtu dituzte bai egun osoko jarduna eta baita irakaslea ere. Nekea dute aurpegian, baina baita irribarrea ere.

Dokumentuaren akzioak