Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Nehoiz baino herri gehiago dantzari

Dokumentuaren akzioak

Nehoiz baino herri gehiago dantzari

Irailaren 7an hasiko da Maitaldia, eta 22 konpainia ekarriko ditu Miarritzera hilaren 16a arte

Egilea
Nora Arbelbide
Komunikabidea
Berria
Tokia
Miarritze
Mota
Albistea
Data
2007/06/22

Eta dirudienez, desafioari aurre egiteko gai da 17. dantza jaialdia. 22 konpainia ekarriko dituztela, azken urte hauetako egitarau aberatsenetako bat da, ez bada aberatsena, Abeberrik deritzonez.

Lehen gaualditik abiatuko dira indartsu, eskuzabal jokatuz, Portu zaharrean dohainik izanen den emanaldi bat eskainiz Marseillako Balleta nagusiarekin. Frederic Flamand koreografoarekin landu La Cite Radieuse emanen dute. Hiriaren arkitekturari buruzko gogoeta bat izanen da.

MAMIA DUTEN LANAK. Gogoeta engaiatua, Maitaldian ikusiko diren beste obra anitzetan bezala: «Koreografo anitz lurraren bilakaeraz kezkaturik daude. Eta hori ageri da beren lanetan. Horren berri eman nahi dugu. Artista gizartearen miraila bezala aurkeztea garrantzitsua zaigu», zehaztu du Filgi Claverie jaialdiko programazioko zuzendariak.

Beste irizpideen artean, estilo orotako egitaraua osatzea ere badu Claveriek: «Gure nahia ez da baitezpada puntako fama duen jaialdi bat egitea. Gu publikoak gustukoa ukanen duen egitarau baten alde gabiltza. Gustukoa ukanen duena eta aldi berean harrituko duena. Flamenkoa dantzatuko da, adibidez, baina segur da batzuk ez luketela pentsatuko ere horrelako flamenkoa existitzen denik». Flamenkoa, beraz, neoklasikoa, garaikidea, hip hop edo beste, denetarik izanen da.

Eta horiek oro mundu guztitik etorriak. Alabaina, nehoiz baino herri gehiago ordezkatuak dira. Claveriek dioenez, «kasik munduko itzulia egiten ahalko dugu astean barna». Euskal Herriratuko diren konpainia han eta hemengo herrietatik heldu baitira, franko Frantziatik etorriak, euskal herritarren presentzia ere segurtatua dute Ertza, Organik, Matxalen Bilbao eta Aukeran konpainiei esker.

Baina jaialdia ez dela taula gaineko erakustaldietan mugatzen eta, bideoak, argazki erakusketak, konpainien errepika publikoak eta ikastaldiak ere pentsatuak dituzte aurtengo.

Konpainiak

Marseillako Ballet Nagusia (Frantzia). Frederic Flamand koreografoak landu La Cite Radieuses (2005) dantza aurkeztuko dute.

Montalvo-Hervieu ballet nagusia (Frantzia). La Bossa Fataka de Rameau (2006), haurrentzat.

Paulo Ribeiro (Portugal). Masculine (sorkuntza) Maitaldiarekin ekoitzitako obra.

Lunion (Frantzia). Lichemek koreografiatu L'album (sorkuntza) funk eta hip hop munduaren nahasketa bat da.

Beau Geste (Frantzia). La repetition (2006). Iaz jadanik izan ziren.

Thomas Noone Dance (Herrialde Katalanak). Thomas Noone koreografoaren Fútil (2004).

Rukmini Chatterjee (India-Espainia). Flamenkoa eta Indietako dantza elkartzen dituen Entre Ciel et Terre (2006).

Pockemon Crew (Frantzia). C'est la vie!? (2006). 2003an hip hop saileko munduko txapelketa irabazi zuen.

Baleko Operako Balleta (Suitza). A midsummer night's dream (2007) neoklasiko estiloan, Richard Wherlockek birmoldatua.

Androphyne (Frantzia). Le spectacle dont vous êtes le héros (2006) obrarekin ikusle bat oholtzara igotzen dute.

NND / Galili dance (Herbehereak /Israel). Hiru lan.

Matxalen Bilbao (EH). Haikua 4-rekin (2007) dator.

Eva Yerbabuena (Espainia). Santo y seña (2007) dantza flamenkoa.

Ciento Cincuenta Cuerdas (EH). Rest (2007).

La Parenthese (Frantzia / Katalunia). Erritu (sorkuntza) Maitaldiaren koprodukzioa, euskal errituetan oinarritua.

Ertza (EH). Asier Zabaleta Ostrukaren zuloa-rekin etorriko da (2007).

Miguel Robles (Argentina). Tabula Rasa (2002).

Organik (EH). +ES3 lana.

Cia Nacional de Danza (Espainia). Nacho Duato koreografoaren lanak.

Biarritz Balleta (EH). Hainbat lan .

Aukeran (EH). Bideak obra.

AIrene Tassembedo (Burkina Faso). Souffles (2002).

Dokumentuaren akzioak