Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Neguko adar biluziak

Dokumentuaren akzioak

Neguko adar biluziak

Kritika, '3600' , Blanca Arrieta

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2004/04/18

Agertokian inor ez dagoen bitartean neguko adar biluzien irudiek betetzen dituzte 3600 izeneko lanaren lehen minutuak. Izan ere, hasierako irudi haiek Blanca Arrietak estreinatu berri duen ikuskizunaren osagai nagusiak dira, musika elektroakustikoa eta dantzarekin batera, ordubeteak teorian dituen 3.600 segundoetan.



Teorian diot, zeren eta emanaldiak ez du gero hainbeste segundo irauten, denbora subjektiboa norberaren gorputzetik igarotzen den hori benetako denbora baino laburragoa edo luzeagoa den bezalaxe.Neguko adar biluzien atzean atso baten ahots zimurtua entzuten dugu, bere bizitzako gertakizun batzuk azaltzen dizkigula. Batzuk tristeak dira, besteak ez hainbeste, baina kontakizun haiek entzuteak halako goibeltasun sentsazioa sortzen du gugan.Eta goibeltasunarekin batera artegatasuna dator, jaiotzear dagoen guztiak nolabaiteko ezinegona eragiten duelako, adar biluzietako kimuetan bezala. Blanca Arrietaren eta Fernando Hurtadoren mugimenduetan ere sentitzen dugu zerbait gertatzeko, jaiotzeko, eztanda egiteko zorian dagoela, batez ere hasierako pasartean, non Arrietaren gorputz osoko mugimenduek erregulartasun oro saihesten duten.



Hasierako dantza minutu horiek nahikoak dira ikusle guztiak konturatzeko Arrietaren maila artistikoaz eta haren mugimenduen edertasunaz. Dantzariaren hanka luze eta biluziak, bere adats beltz soltea, janzten duen lihozko alkandora zuria... dena dator bat araztasunaren ideiarekin eta kontraste artegagarria egiten du mugimenduaren sosegurik ezarekin. Fernando Hurtado agertzen denean pentsatu ahalko genuke berak imajinatutako mugimenduak burutzen dituela Blanca Arrietak eta bigarren fase batean ageri-agerikoa da sentsazio hori, gizonak emakumearen mugimenduak gauzatzen dituenean, fisikoki, panpina bat maneiatuko balu bezala albo bateko horma diagonalaren kontra. Irudi horiek eta paraleloan burututako mugimendu-segida dira niretzako lan horretako mementurik zoragarrienak.



Bere aurreko piezan bezala, Borja Ramos eta Oscar Grijalbaren laguntza izan du koreografoak obraren eraketan. Grijalbak sortutako argiztapenak eta eremu eszeniko bereziak beste dimentsio bat eman diote dantzari bien lanari. g Agus Perez

Dokumentuaren akzioak