Dokumentuaren akzioak
Nazioartera begira jarri da dFERIA, Donostiako arte eszenikoen azoka
Taularatuko diren lanen erdiak estreinaldiak izango dira; besteak beste, Ttanttakaren 'Tatami'
Proposamen berriak erakartzea izan da antolatzaileen helburuetako bat.
Feriaren barnean taularatuko diren lanen erdiak, hain zuzen ere,
estreinaldiak izango dira, inoiz baino gehiago. Tartean, Brasilgo Sutil
Companhia de Teatroren Avenida Dropsie lana eta Ttanttaka konpainiaren Tatami ikuskizuna izango dira.
Aretoen babesera jo dute emanaldietarako, eta aurreko urteetan
ez bezala, ez dute kaleko ikuskizunik antolatu. Inguruko herrietan kale
antzerkiko jaialdi ugari antolatzen direla aipatu du Azpitartek
erabakiaren arrazoi gisa. Emanaldiak aretoetan eskaintzea, feriaren
jatorriko izaerara itzultzea dela azaldu du Norka Chiapusok, dFERIAko
zuzendariak.
Krisi ekonomikoa dela eta, Aurrekontu murritzagoa du aurten
dFERIAk. Baina, Chiapusok esan bezala, «feria guztientzat izan dadin»,
sarreren prezioak merkatu dituzte.
Antzerki eta dantza adarretan soilik oinarrituko da aurten
ekitaldia. Azken urteetan zirku emanaldiei ere egin zaie lekua
dFERIAren barnean.
Hogei dantza eta antzerki konpainia inguruk hartuko dute parte
jaialdian. Viktoria Eugeniako, Antzoki Zaharreko, Gazteszenako eta
Lugaritzeko agertokietan emango dituzte lanak.
Euskal konpainiak
Ez Dok Hiru Biko Teatroak dFERIAn euskaraz egingo den antzezlan bakarra aurkeztuko du: Euskarazetamol. Patxo Telleriaren eta Mikel Martinezen umorezko obra Dibertimenduak izeneko triologiaren azken emaitza da.
Madril eta Tokio arteko bidaia baten kontakizuna da Ttanttaka konpainiaren Tatami lana.
Hegaldian topo egingo duten bi pertsonen arteko harremana da Donostiako
taldeak aurkeztuko duen antzezlanaren argumentuaren oinarria.
Aukeran dantza taldeak Gernika estreinatuko du. Euskal dantza tradizionala eta garaikidea uztartuz, bonbardaketa hildakoen ahotan jarriko dute.
Dantzaz konpainiaren 1.01, azken sorkuntza lana, eta Mama Crea taldearen ¿Se puede? antzezlana nabarmendu dituzte, dFERIAren barnean euskal konpainiek aurkeztuko dituzten lanen artean.
Hego Amerika
Aurtengo arte eszenikoen jaialdiaren apustu sendoenetakoa da Sutil Companhia de Teatroren Avenida Dropsie.
Will Eisner artista grafikoaren lanean oinarrituta dago antzezlan hori.
Hirietako egunerokotasunean oinarritzen da. Formatu handiko emanaldian
200 pertsona baino gehiago lantzen dituzte, emozioen mosaiko bat
eraikiz.
Hego Amerikak presentzia handia izango du dFERIAren XV. aldi
honetan. Familiako harremanen analisia egiten du Uruguaiko Complot
konpainiaren Mi muñequita lan gordinak. Bere barne ahotsari oihartzuna emango dio Mireia Carbonek Paso doble lanean.
Norbera den bezala agertzearen premia eta etengabeko barne borroka da
Perutik datorren lan horren oinarria. Costa Rica eta Salvadorretik Mirando al sur ekarriko dute, migrazioari buruzko lana, eta Argentinatik Desdichado deleite del destino,
identitate nazionalean blaitutako testua. Pertsonaia arazotsuak eta
matxistak arituko dira agertokian. Hondurasko Grupo Teatral Bambu-k
alkoholismoari buruzko gogoeta egiten du Mea culpa lanean.
Europa
2016an Europako kultur hiriburua izateko Donostiaren
hautagaitza indartzeko Europara begira ere antolatu dute aurtengo
dFERIA. Hain zuzen ere, Polonian helburu bera duten bi hiritatik, Sopot
eta Lublinetik, dantza eta antzerki konpainiak ekarriko dituzte.
Provisorium konpainiaren Bite the Dust lana Poloniako
Armada Nazionalaren pentsamolde militarrari buruzko satira dela azaldu
du Norka Chiapusok, dFERIAko zuzendariak. Bigarren Mundu Gerrako
izugarrikeria kontatzen du istorioak.
Teatr Okazjonaly dantza eta antzerki konpainiak bi lan ekarriko ditu: D-KOD-R eta Powiekzenie. Lehena,
dantzaren hizkuntzaren eta giza gorputzaren komunikatzeko ahalmenak
sortutako liluran oinarritzen da. Nork bere burua norbanako gisa
ezagutzeko bizi duen prozesua du bigarren obrak hizpide. Azken horretan
dantzari bakar bat arituko da agertokian.
Espainiako eta Herrialde Katalanetako ordezkaritza ere izango da arte eszenikoen ferian.
Programa eta konpainiei buruzko informazioa biltzen du www.antzerki.com webguneak.
Dokumentuaren akzioak