Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Nazioarteko folklorea gurean zabaldu duen jaialdi aitzindaria

Dokumentuaren akzioak

Nazioarteko folklorea gurean zabaldu duen jaialdi aitzindaria

Portugaleteko Nazio Arteko Folklore Jaialdia

Egilea
Unai Brea
Komunikabidea
Argia astekaria
Mota
Albistea
Data
2010/07/22

Aldizkari hau kaleratzeko unean egiten ari den Portugaleteko Nazio Arteko Folklore Jaialdiaren edizioa 36.a da, baina kenketa sinple batek ez dizu balioko kontuak egiteko. 1972an antolatu zen estreinakoz jaialdia, baina hiru urteko etena eduki zuen Franco hil osteko urteetan. 1980an itzuli zen, gaur arte.

Elai Alaikoek nazioarteko jaialdia antolatzeko ideia eduki zutenean, nahiko gaztea zen taldea. 1962an sortu zen, besteak beste Jose Ignacio Beitia sestaotarraren eskutik. Bera da gaur egun Portugaleteko Jaialdiaren zuzendaria, eta berak lagundu digu historian barnako ibilalditxo hau egiten lehen urratsetatik: “1971n Perpinyà ingurura gonbidatu gintuzten; atzerrira gindoazen lehen aldia zen, ikusi genuen zer nolako jaialdi eredua zeukaten eta ideia inportatzea erabaki genuen”.

Clermont-Ferrandeko (Okzitania) jaialdi antolatzaileen elkarte batekin harremanean jarri ziren, eta azkar lortu zuten emaitza: hurrengo urtean, 1972an, lehenbiziko jaialdia egin zuten Portugaleten. Hastapenei dagokien apaltasunez, talde bi besterik ez zituzten ekarri, Irlandatik eta Frantziatik. Aurtengo edizioak, Elai Alaiz gain, sei partaide ditu, Europa, Asia eta Amerikakoak.

“Gutxirekin hasi ginen, baina guretzat bazen asko, taldeetako kideak non sartu ere ez geneukan”, gogoratzen du Beitiak. Bizkaiko Zubitik oso hurbil dagoen hotela itxita zegoen garai hartan. Elai Alaikoak bertara sartu, hautsa kendu, era guztietako animaliak uxatu, zaborra atera, eta logela-lege batzuk atondu zituzten, espainiar ejertzitoak bidalitako oheekin. Orduko alkatearen bitartekaritzari esker lortu zuten ezusteko opari hura. Dantzaldietarako Areiltza Doktorearen Parkea aukeratu zuten.

Euri asko bota du lehen saio hartatik, eta Bizkaian beste leku batzuetan baino gehitxoago. Hori izan zen emanaldietarako beste leku bat aukeratu izanaren arrazoia. Baina horretarako 1980ra arte itxaron behar izan zuten. Ordurako, eraikita zegoen Zubialde kiroldegia, eta hura izan da Jaialdiaren eszenatokia orain dela oso gutxi arte. Azken urte bietan, jatorrira itzuli dira, kalera. Klima aldaketa, nonbait.

Beste hobekuntza bat ekarri zuen 1980. urteak: Asti Leku ikastola berria. Hark ordezkatu zuen hotel zaharra, gaurdaino; urtero, ikasturtea amaitzen denean, Elai Alaiko kideek ikasgelak hustu eta logela bihurtzen dituzte. Baina 1980, batez ere, itzuleraren urtea izan zen, aurreko hiru urteetan ez zuten-eta jaialdirik antolatu. Espainiako Trantsizio esaten zaion hartan kaleko giroa konplikatua zen, “eta ez geneukan dirua ari ginen arriskatzen”.

Ez zeukatenez, bilatu egin behar. Horretarako, ia jaialdiaren jaiotzatik gaur arte dirauen formula ipini zuten martxan: aurrekontuaren zati bat –heren bat inguru– laguntza publikoekin osatzen da. Gainerakoa jaialdia “esportatuz” lortzen dute: urtero, Bizkaiko udal askotxok, eta baita Arabako eta Gipuzkoako batzuek ere jaialdiko taldeak kontratatzen dituzte euren herrietan dantza egin dezaten. Elai Alairen webgunean daukazu aurtengo programa, eta uztailaren 31ra arte garaiz astia baduzu.

argazkia

Elai Alaik utzia

 

Dokumentuaren akzioak