Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Nazioarteko Dantza Izarren Gala

Dokumentuaren akzioak

Nazioarteko Dantza Izarren Gala

Kritika, Dantzaren gala

Egilea
Montserrat Auzmendi del Solar
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Mota
Kritika
Data
2001/08/23

Dantzari guztiek —batzuek besteek baino gehiago— frogatu zuten nazioarteko gala batean aritzeko meritu nahikoa dutela. Goyo Montero eta Daniela Severianen aktuazioak ireki zuen emanaldia lan mitiko batekin: Coppelia, Ronald Hynden koreografiarekin hain zuzen ere. Mugimendu doi eta perfektuak izan ziren nagusi, nahiz eta momenturen batean décalage txiki bat egon musikarekin. Monterok biribilketa erakustaldi izugarria egin zuen, taxuz. Hala ere, hobeto luzitu zituen bere posibilitateak Jacques Brelen Les Bourgeois kantaren Van Cauweenberg-en koreografiarekin, oso deskriptiboa. Monterok, gorputz menderatze izugarria erakusteaz gain, interpretatzeko ahalmen notablea frogatu zuen. Daniela Severian, berriz, txukun aritu zen Non, je ne regrette rien Edith Piafen kantarekin, adierazkorra.

Lucia Lakarrarekin aho zabalik

Besteen artean agian Lucia Lakarra izan zen gehien destakatu zuena, eta ez etxekoa izateagatik, baizik eta bere mugimendu delikatu eta ezin doiagoak —zehaztasun milimetrikoarekin musikarekin bat egiten dutenak—, flexibilidade izugarria eta itxura etereoa paregabeak direlako taula gainean. Cyril Pierrekin batera bi koreografiatan agertu zen: Light Rain izenekoan, non erakustaldi kontorsionistikoa egin zuen, eta Samuel Barber-en Adagio for Strings musikarekin Gerard Bohbotek egindako numero delikatu eta espresiboa. Aho zabalik utzi gintuen Lakarrak bi emanaldietan.

Elina Palshina eta Dimitri Belogolovtsev, Moskuko Bolxoi Antzokiko dantzariak, numero politenetako baten protagonistak izan ziren. Khatxaturianen Spartacus-en gaineko Grigorovitxen koreografia erromantikoak interprete ezin hobeak aurkitu zituen, Errusiako dantza eskolaren ordezkariak baitira biak, adierazkorrak, pasionalak, teknika artearen menpean uzten duten dantzariak.

Delphine Moussin eta Karl Paquette ongi aritu ziren Mahlerren Adagietto-an, baina Moussinek arazoak izan zituen orekarekin Esmeralda izeneko numeroan, beharbada urduritasunak jota.

Rut Miro eta Carlos Lopez bikoteak aktuazio aipagarria egin zuten, batez ere Minkusen On Kixote-ren Pas à deux famatuan. Dantza egiteko era dotorea dute biek. Oso doiak ibili ziren, bai jauzietan, bai oreka mantentzerakoan.

Azkenik, Eva Yerbabuenaren koreografia flamenkoa eskaini ziguten. Talentoa ez zaio falta bailaorari, baina, egia esan, bere numeroa petatxo bat bezala gelditu zen saioan, zentzu handirik gabe testuinguru horretan.

Dantzariak: Dimitri Belogolovtsev, Lucia Lakarra, Carlos Lopez, Rut Miro, Goyo Montero, Delphine Moussin, Elina Palshina, Karl Paquette, Cyril Pierre, Daniela Severian eta Eva Yerbabuena.

Zuzendaritza artistikoa: Boris Trailine.

Lekua: Kursaaleko Auditorioa.

Data: Abuztuaren 21a.

Dokumentuaren akzioak