Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Natxo Montero: "Euskal Herrian ez dago dantza garaikidea ikusteko ohiturarik"

Dokumentuaren akzioak

Natxo Montero: "Euskal Herrian ez dago dantza garaikidea ikusteko ohiturarik"

Komunikabidea
Berton, 84. zkia, Iratxe Ruiz
Tokia
Mahatserria
Mota
Elkarrizketa
Data
2006/02/01

Gaztetxo zinenean eskolan hasi zinen dantzan. Hor izan zenuen lehenbiziko harremana mundu horrekin, ezta?

Birjinetxe eskolan ikasten nenbilela, eskolaz kanpoko ekintzetan euskal dantzak ikasten hasi nintzen. Garai hartako laugarren mailatik zortzigarrenera egon nintzen. Eskolatik irteterakoan harremana galdu nuen dantzarekin. Euskaltegian sartu nintzen orduan eta inauterietarako dantza prestatu genuen. Kasualitatez Gaztedi dantza taldeko Amaia Angulo zegoen idazkari euskaltegian. Mutilen falta zutenez Gaztedin izena emateko animatu ninduen. 17 urte nituela hasi nintzen Gaztedin, gaur arte.



Gaztedin bost urte eman zenituenean esperientzia berrien bila hasi zinen...

Bai. Euskal Herriko folklorea oso aberatsa da baina azkenean dantzak amaitzen dira. Hori da Gazteditik asko maite dudan gauza bat, dantzak diren moduan mantentzen dituela. Baina mugimendu aldetik zerbaiten falta sumatzen nuen... Bilborock ondoan dagoen Muelle 3 eskolan dantza garaikideko ikastaroak ematen zituztela enteratu nintzen eta ezagutzearren hasi nintzen. Elektrikaria naiz, bitartean dantzarekin zerikusirik ez zuten beharretan nengoen! Gainera urtebete Boliviara joan nintzen. Kaleko haurrei ogibide bat irakasten genien eskola baten ibili nintzen.



Hurrengo bost urteetan elektrizitatea eta dantza uztartu behar izan zenituen...

Hemen dantza ez da ogibide bat. Bi hilabetez lan egin dezakezu, oso gaizki ordainduta... baina ondoan beste lan bat izan behar duzu! Oporrak nituenean turismoa eta prestakuntzarako aprobetxatzen nuen.



Zer ikasi zenuen Bilbon jasotako dantza eskoletan?

Zure gorputza ezagutzen duzu. Zer egin dezakezu berarekin... Dantza garaikidean bakoitzak bere mugimendua du: atzamar bat mugitzearekin hamaika gauza adieraz daitezke! Oso abstraktua da. Tamalez, Euskal Herrian ez dago dantza garaikidea ikusteko ohitura askorik. Deustuko La Fundicion aretoan antzezpenak izaten dira baina ez dago publikorik.



Jendea ezagutuz joan zinen, proiektu txikietan sartu eta orduan heldu zitzaizun aukera paregabea...

Hala da. Jorge Lastrarekin ‘Naranjas del Tiempo’ proiektua egin nuen. Interneten audizio baten deia topatu nuen, Frantziako konpainia batek Bartzelonan froga bat egin behar zuen. 2004ko otsailean izan zen. Mutil bat behar zuten hiru urteko proiektu baterako. Pisua erosi berria nuen, kredituarekin nengoen eta irakaskuntzan lan ia finkoa nuen… Hala eta guztiz ere, Bartzelonara abiatu nintzen. Astebete geroago hautatu nintzela esateko deitu zidaten eta hamabost egunen bueltan beharrean hasi behar nuen Frantzian, Marsellan: lanera joan nintzen eta egoera azaldu nien. Etxea lagun bati alokatu nion. Horrela izan zen… lana, etxea, familia eta herria uztea erabaki nuen… urteak neramatzan barruan behar hori nuela. Gaztea nintzela eta konpromiso gutxi nituela aprobetxatu nuen.



‘Traneuropeanne’ proiektuan buru-belarri sartu zinen orduan…

Beste sei pertsonekin batera: bost frantziar, italiar bat, katalan bat eta ni. Boterearen inguruko antzezlana zen: AEBtako boterea, gizonek emakumeenganakoa dutenaren ingurukoa... ordu eta erdiko lan oso gogorra zen. Bai guretzat fisikoki gogorra zelako eta baita ikusleentzat ere. Gordina, zuzena da. Bukatzerakoan publikoa ez zen txaloka hasten… isilik geratzen ziren denak, asimilatzeko denbora behar zuten. Kritika latzak izan genituen! Kreazioan lau hilabete eman eta gero gira hasi zen Txekian, Pragan, Polonian eta Finlandian. Garai hartan konpainian liskarrak hasi ziren eta pieza bertan behera geratu zen. Aurreko beste proiektu bati ekin genion, ordezkari lanetarako aukeratu ninduten. Islandian, Danimarkan, Bruselan egon gara. Zuzendariak Polonian beste lan bat abiatu zuen eta bertan izan nintzen iaz. Esperientzia oso interesgarria izan da!



Orain atsedenean zaude baina datozen asteotan lanera ekingo diozu berriro!

Eslovenian izango da lehenengo antzezpena. Momentuon, bi proiektuek bizirik diraute eta horietan nabil. Horregatik, otsailean Poloniara bueltatu behar dut.



Artisten baldintzak askoz hobeagoak dira atzerrian.

Frantzian artisten estatutua lortu dut eta horri esker, ekonomikoki lasai nabil. Dantzari kontratu bat da. Ordu kopuru bat lan egin ostean hamar hilabeterako langabezia duzu. Beste ogibideekin antzera bizi daiteke!



Eta hori gutxi balitz lan eskaintzak etengabe heltzen zaizkizu...

Beste konpainia batekin hasi naiz eta birekin lanean nabil. Bata Toulonekoa, bestea Marsellakoa. 70 kilometro besterik ez dago bien artean.



Zorionekotzat du bere burua Natxo Monterok?

Jende askok esaten dit zorte handia izan dudala gustatzen zaidana egiten dudalako. Zortea existitzen da baina landu daiteke. Horrelako momentuetan arraro sentitzen naiz... zerbait nahi duzunean ez da amestu behar, egin behar da!



Girak direla eta egun osoa bidaian eman behar duzu. Aberasgarria bezain neketsua izango da, ez?

Hasieran oso polita iruditzen zaizu herrialdeak ezagutzea. Gainera turismoa egiteko askotan geratzen naiz dantzatu izan dugun lekuetan. Baina egun osoa motxilarekin ematea oso gogorra da. Bi urte pasatuta ez daukat etxerik. Konpainiak logela jartzen dit, baina hamabost egunetan hiru tokitan egon gaitezke! Egonkortasun apur bat behar dut. Eta taldeko gazteena naiz!



Dantzaren inguruan ikasi behar zenuena ikasi duzula uste duzu?

Ez! Oraindik asko daukat ikasteke. Zurrupatu nahi dut, asko ikasi eta etorkizunean Euskal Herrira bueltatu nire proiektuak aurrera ateratzeko. Posible ez baldin bada, ba beti geratuko zait irakaskuntzaren mundua. Dantzaren munduan hasten nabil, nahiz eta urteak eman ditudan. Proiekturik onena etortzeko dagoela uste dut, itxaropena daukat behintzat. Bide onean nabil, konpainia potente batean bainago.



Etxean zaudela prestakuntza fisikoarekin jarraitzen duzu ala oporretan soinketa ahazten duzu?

Konpainiarekin egun arrunt batean goizeko hamarretan hasten gara beroketekin arratsaldeko ordu batak arte. Arratsaldean egingo ditugun ariketentzako prestakuntza baino ez da. Luzaketak hasieran eta gero mugimenduak; korrika asko egiten dugu gainera. Baina egia esan ez naiz asko zaintzen! Erretzen dut, edaten dut, nahikotxo jaten dut… Eta Bilbora etortzen naizen bakoitzean (hiru hilean behin hamabost egunetarako saiatzen naiz etortzen) ez dut ezer egiten! Abuztuan hemen egon nintzen jairik jai eta muskulatura galdu nuen... Horregatik lanik ez daukadanean beste lagun batekin kirola egiteko geratzen naiz. Dantzari esker badakit zer arnasketa egin behar dudan txarto sentitzen naizenean! Eskoletan gure gorputza ezagutzen irakatsi beharko lukete. Nahitaezkoa da, ezin dugu gorputzaren kontra joan.



Euskal Herritik aldentzean zaila egingo zaizu senitartekoak eta lagunak uztea.

Oso. Lau loba txiki ditut eta jaio direnean ez naiz hemen egon... bueltatzen naizen bakoitzean bere osaba ezagutzea gustatzen zait. Eta oso koadrila ederra daukat Santutxun eta gertatzen denaren berri izaten saiatzen naiz, kanpoan egon naizela ez nabaritzeko. Beste alde batetik, gaur egun lotura gehienak apurtu ditut. Ez ditut konpromisorik hartzen. Minimorekin bizi naiz, gauza batzuk kentzen dizkit baina horrek askatasun itzela ematen dit. Konpromisoak eta zamak gainetik kentzen saiatzen naiz. Hasieran atzerrira joateari beldurra nion, orain gainditu dut. Dantza ikasi dut, hizkuntzak, jateko, bizitzeko beste modu bat ezagutu dut, lagunak egin ditut. Komunitate sendo bat sortzen du bizimodu honek. Hezkuntzak irakasten ez duen zerbait da!



Santutxun zaudenean Gaztedin dantzan jarraitzen duzu. Gero eta mutil gutxiago omen daude, zergatik?

Arrazoia ez dakit. Beti egon da mutilen falta. Niretzat oso garrantzitsua da umeak dantzan hastea benetan nahi dutelako eta gustatzen zaielako, eta ez gurasoek behartzen dituztelako.





Bederatzi galdera labur



Pelikula bat: ‘Harry gato nego, gato blanco’.

Abestia: ‘Baldorba’.

Leku bat: Urbasa

Zure ametsa: Ez aldentzea nahi ditudan gauzen bidetik

Izen bat: Markel

Liburu bat: ‘Particulas elementales’

Janari bat: Indabak

Zure bertute bat: Lagunak egiteko erraztasuna

Eta akatsa: Nonbait ezin gelditzea.

Dokumentuaren akzioak