Dokumentuaren akzioak
Naturaren omenez
'Alonzo King-Lines Ballet'
Miarritzeko dantza-programazioan Alonzo King dugu denboraldi honetako izar nagusietariko bat, urrian ikusitako Jose Montalvo konpainiaren Y olé! lanarekin batera. King iparamerikarra munduko koreografo handien artean dago, eta bere Lines konpainiak eskaini digun egitarauan argi geratu da bere dantzari guztiek maila goreneko heziketa daukatela ballet klasikoan, eta entrega osoz dabiltzala Alonzo Kingen estilo askean.
Gare du Midiko emanaldirako bi pieza ekarri dituzte eta bietan izan da natura inspiraziorako iturria. Gaualdiko lehena Biophony animalien ahotsetatik eta zaratetatik abiatu da, eta dantzarien jantzi dotoreek urrunetik iradoki dute gorputzen animaliatasuna intsektu zein hegazti, piztia zein abere baina ezein izaki zehatzi lotua izan gabe. Argien kalitatea ere hondar eta zeruko tonuen artean mugitu da, eta soinu bandak era guztietako orroak, txilioak eta burrunbak jaso ditu, xederik gabeko pasarte melodiko batzuk han-hemenka tartekatuta. Dantzariek, bitartean, solo laburren segida bikainak burutu dituzte, banaka nahiz taldeka, oreka estatiko posizio sinestezinak lagun, eta norberaren inprobisazioetatik abiatuta. Beren jarreretan ez dute inola ere animaliaren bat imitatu, eta horretan egon da dantzaren handitasuna. Naturaren izakiak ere ez dira beren edertasunaz beren izaera bakanaz jabetzen, eta, hala ere, haien existentzia justifikatua da diren bezalakoak izate soilarekin.
Egitarau bikoitzeko bigarren piezak Sand harearen izaeran hartu du inspirazioa, eta bi jazz-musikari Jason Moran eta Charles Lloyd izan dira saxo eta pianoaren arduradunak. Kasu honetan ere oinarritu da proposamena dantzarien erakustaldi pertsonaletan, eta, aurrekoan bezala, argi geratu dira haien guztien artea, arintasuna eta dotorezia. Haatik, eta irudi fisikoen edertasuna gorabehera, agerikoa izan da honetan ere Ipar Amerikako ezaugarria den, eta hango koreografo handi guztiengan gertatzen den muturreko indibidualismoa. Printzipio horren arabera, gorputzek ez dute inoiz elkar ukitzen eta beren mugimenduek askatasun pertsonalaren bilaketa obsesiboa adierazten dute.
Duoetan, ordea, gorputzek ezinbestean behar dute elkarren laguntza, eta haietan sortu da arazo kontzeptuala, duo garaikideak izan arren molde klasikoa zutelako jatorrian. Eredu horren arabera, gizona emakumearen eboluzioetarako laguntzaile edo sostengua besterik ez da, nahiz eta kasu honetan koreografoak nolabaiteko garapena eman nahi izan dion rol maskulinoari. Hala ere, goi mailako bide abstraktu gogor horretan mugimendu-estudio soilen antza hartu dute dantzarien agerraldiek, eta, bestelako emozio oro bazter utzita, estetika hutsaren hoztasun itzela transmititu digute Alonzoren koreografiek.
Dokumentuaren akzioak