Dokumentuaren akzioak
Naturaltasun dantza
John Anduezak zuzendutako 'Simplemente' dokumentala estreinatuko dute gaur Donostiako Viktoria Eugenia antzokian
Dantza du oinarri John Andueza zuzendariaren lan berriak, Simplemente
dokumentalak. Hain zuzen, Despertar los sentidos dantza konpainiako
kideak dira filmeko hamar protagonistak. Baina dantzaz gain, beste
oinarri nagusi bat ere badu filmak: naturaltasuna. Diren bezala,
estalkirik gabe, natural ageri dira filmean protagonista guztiak,
horixe baitzen zuzendariaren asmoa: Down sindromea duten hamar
neska-mutilen bizitza ikusteko modua, idiosinkrasia eta harremanak
ikusaraztea, «hain zoragarria eta naturala den izateko modu hori»
pantailara eramatea. Donostiako Viktoria Eugenia antzokian estreinatuko
dute filma, gaur iluntzean.
2001ean hasi zen bidean Despertar los sentidos dantza taldea,
Sarah Ramirezen gidaritzapean. «Nire helburua zen gizarteari erakustea
pertsona horiek gai direla beste edozein bezala taula gainera igo eta
transmititzeko», azaldu zuen Ramirezek. Leioa (Bizkaia) inguruan,
hainbat eskolatan koreografia laburrak egiten hasi ziren, integrazioa
lantzea helburu hartuta, eta, lan ordu askoren ostean, ordu eta erdiko
ikuskizunak egiten dituzte. «Pena da bizi garen gizarteak ez baloratzea
haiek gai direna; emateko gai dena baino, egin ezin duena gehiago
begiratzen zaio urritasuna duenari».
Ramirezen pentsamendu bera izango zuen buruan Anduezak lanari
ekin zionean. Orain hiru urte ezagutu zuen dantza taldeko kideak.
Egiten ari ziren lana jasotzeko proiektua martxan jartzeak merezi zuela
«oso modu naturalean» ikusi zutela azaldu zuen. «Sarahren,
protagonisten eta haien senideen lankidetzarekin, igerilekura jauzi
egitea erabaki genuen, urik bazen jakin gabe».
Hala, Oriñoneko hondartzara (Kantabria, Espainia) joan ziren
grabatzera. Izan ere, hondartza hartan ikuskizuna antolatzea bururatuko
zaie filmeko protagonistei, eta prestaketa lanak, entseguak, bidean
agertuko diren zailtasunak, taldekideen arteko bizikidetza,
ingurukoekiko harremanak... erakutsiko ditu filmak.
Inprobisazioa
Bi abiapuntu baino ez zituen zehaztu Anduezak lana hasterako:
batetik, dantzak ezinbestean leku garrantzitsua izan behar zuela, eta,
bestetik, naturaltasuna zela oinarria, protagonistek markatuko
zituztela erritmoa, elkarrizketak... «Agian une batzuetan,
bertsolariekin bezala, gaia jartzen genuen, baina, gero, bertsoa beti
zen haiena». Inprobisazioak egin du gainerakoa. «Diren bezala izaten
utzita, natural, estalkirik edo trabarik gabe; hala maitemindu gaituzte
gu, eta bihotzez espero dugu zuek ere maitemintzea». 48 orduko
grabazioarekin itzuli zen Andueza Euskal Herrira, eta 80 minutuko filma
da prestatu duena.
«Hemendik aurrera, arrakasta!», esan zuen umoretsu
zuzendariak, estreinaldiaren berri emateko atzo eginiko
prentsaurrekoan. «Bada, nik ez dut arrakastarik izan nahi!», erantzun
zion berehala Ana Motak, protagonistetako batek. «Niretzat, dantza da
errespetua, seriotasuna, jostaketa eta eman dezakedana helaraztea. Ni
beste edozein pertsona bezalakoa naiz; dantzaria izan nahi dut, ez izar
bat», gehitu zuen. «Bada, nik bai, arrakasta izan nahi dut, leku
guztietan gainera!», esan zion aldamenetik Zaloa Unda kideak barrez,
naturaltasun osoz. «Niri poza ematen dit, batez ere, dantzak. Mundu
osoan dantzan aritzea da nire ametsa, energia asko eman nahi diet
guztiei». Argi mintzatu zen Mota ere: «Nik nahi dudana da hau
baloratzea duintasunez».
Filmaren esperientzia oso polita iruditu zaio Alberto
Hermosori ere. «Dantza izugarri gustuko dut; nire ahalegin guztia
jartzen dut hobeto dantzatzeko eta publikoa gutaz eta gure dantzatzeko
moduaz harro egoteko». Hiru protagonistek nabarmendu zuten Ramirez
irakaslearen lana. Hain zuzen, Ramirezentzat integraziorako bide oso
aproposa da dantzarena. «Dantzatzea da errukiaren aurkakoa; gorputzari
protagonismoa ematea da, gorputza ezberdina denean».
Giza eskubideen jaialdia
Bidean lagun izan dituztenei eskerrak eman zizkien Anduezak,
«proiektuan sinesteagatik»; dantzariei, haien senideei, ekoizleei eta
haien buru gisa Juanba Berasategiri, baita lana diruz lagundu duten
ETB, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila, Arrasateko Udala, Kutxa eta
Kantabriako Gobernuari ere. Filma areto komertzialetara eraman nahi
dute, baina, oraingoz, beste hainbat emanaldi dituzte lotuta: bihar,
Iruñean, Golem zinemetan ikusi ahalko da Simplemente; etzi,
berriro ere Donostian, Arrasate kaleko Kutxaren aretoan; eta, Arrasaten
(Gipuzkoa), hilaren 26an. Bilbon, Gasteizen eta Santanderren (Espainia)
ere izango dira emanaldiak.
Donostiako alkate Odon Elorza eta Kultura zinegotzi Denis
Itxaso babesa agertzen izan ziren agerraldian. Izan ere, Donostiako
Giza Eskubideen Zinema Jaialdiaren barruan estreinatuko da Simplemente.
Estreinaldia Viktoria Eugenian egiteko hautua nabarmendu zuten bi udal
ordezkariek. Itxasoren hitzetan, «Viktoria Eugenia hitzordu handientzat
gorde beharreko gunea da, eta film hau hemen estreinatu behar zen».
Dokumentuaren akzioak