Dokumentuaren akzioak
Natura eta ingurumena goraipatzea helburu duen balts dantza kosmikoa
Ballet Biarritz konpainiaren hamabost izarrak bildu ziren atzo herriko parkean, Thierry Malandainen azken sorkuntzaren aurre aurkezpena egiteko. Egiten zuten lana erne begiratzen zuela koreografoak, Izarren odola deitu azken sorkuntza aurkeztu zuten berrehun bat lagunen aitzinean.
Ikusgarrian entzuten diren baltsen erritmora, oren erdi batez aritu ziren dantzan Ballet Biarrizko dantzariak. Besteak beste, Strauss-en Danubio urdina melodiarekin, «gizakien erokeria» nabarmendu zuen baltsa eskaini zuten dantzariek.
Atzo gaueko Izarren odola ikusgarriaren lehen aurkezpen labur horren ondotik, Thierry Malandainek hartu zuen hitza. Ikusgarriaren esanahia bi hitzez laburbildu zuen: «duela bi urte bururatu zitzaidan sorkuntza hori egitea. Baina ez nuen nire burua prest ikusten, eta gerorako uztea erabaki nuen. Ikusgarri honek ez du deus ikustekorik aurretik egin ditudanekin». Izan ere, duela bi urte, ipar polora espedizioa egin berri zuen baten liburua irakurtzen ari zela, Izarren odola ikusgarria egiteko ideia bururatu zitzaion. «Liburu horretan, hartz zuriek jasaten zuten egoera aipatzen zen, besteak beste. Gizakiaren parabola moduan zen baliatua hartza», argitu zuen. Ondotik, Obidoren liburua irakurri, eta interesa piztu zion bertan aipatzen zen Hartza handia izarrak. Obidoren Hartza handiaren konstelazioa sortzearen mitoan oinarritu da Malandain, atzo eta gaur gauean Gare du Midi aretoan aurkeztu duen sorkuntza egiteko.
Izarraren erara, baltsarekin itzulikatuz
BIARRITZ
Iparrizarraren inguruan etengabe itzulika ari den izar batetik sortu omen zen Hartza handiaren konstelazioa, eta baltsa baliatu du Malandainek itzulikatze hori adierazteko. «Gizakiaren zozokeriaz mintzo da, eta irrigarria iruditu zaigu baltsaren doinuak baliatzea hori azaltzeko. Gure historian, gizakiaren jaietarako sortu zen baltsa. Zozo bihurtzen gaituzte jaiek gehienetan; beraz, baltsaren bidez, argiago azalduko zaigu gizakiaren zozokeria ikuskizunean, nolabait».
Ikusgarri eta animazioetan, dantzaldia nagusi
BAIONA
«Dantzaldia» gaia aukeratu du Thierry Malandain Maitaldia jaialdiko zuzendari artistikoak aurtengo ekitaldiarentzat. BalletBiarritzen Izarren odola lehen emanaldian, gai nagusi hori jarri zuen indarrean koreografoak. «Straussen musikaren bidez jorratu dugu aurtengo jaialdiaren gaia gure ikusgarrian», nabarmendu zuen.
Thierry Malandainen estiloan, dantza klasikoan oinarritutako balts ezohikoa azaldu zuten Ballet Biarrizko hamabost dantzariek.
Ondotik, arratseko hamar eta erdietan, Gerard Luc trikitilariak animaturiko herri dantzaldian parte hartzera gonbidatu zituzten ikuskizunean egon zirenak, Maon parkera.
Buto dantza eta technoa
Hala eta guztiz ere, Biarrizko koreografoaren ikusgarriaren ondotik, mundu guztiz ezberdinean barneratuko dira ikusleak, astearteko Carlotta Ikedaren Ariadone konpainiaren Togue ikuskizunaren bidez. 2002an sortu zen, eta obra azkar eta ikusgarria azalduko du Carlotta Ikedak Spina izeneko Bordeleko rock techno industrialarekin.
Spina taldearen doinu gogorrekin nahasiko dira Txinatik datozen buto dantzak, Gare du Midi aretoan eskainiko den oren beteko emanaldi horretan. Egunean zehar ere jazoko diren anima- zio ugari antolatu dituzte Biarritzen.
Dokumentuaren akzioak