Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Narrazioak dantza garaikidearen aukera asko zapuztu ditu»

Dokumentuaren akzioak

«Narrazioak dantza garaikidearen aukera asko zapuztu ditu»

Maria Jose Ribot 'La Ribot'. Dantzaria eta Koreografoa

Dantzaren interpretazio berritzailea egiteagatik da ezaguna La Ribot. Artearen diziplina anitz uztartzen ditu, eta dantza arte garaikide gisa aldarrikatzen du. Haren obrekin «mugei bultza egitea» du xede.
Egilea
Ane Eslava
Komunikabidea
Berria
Mota
Elkarrizketa
Data
2018/05/15
Lotura
Berria
Artearen diziplina anitz elkartuz, dantza garaikidea ulertzeko modua irauli duen dantzari eta koreografoa da Maria Jose Ribot La Ribot (Madril, 1962). Ballet klasikoa, dantza modernoa eta garaikidea ikasi zituen. 1995ean, Londresera joan zen, eta ondoren, Genevara (Suitza). 2000. urtean, Espainiako Dantza Sari Nazionala jaso zuen. Haren lanik esanguratsuena Piezas distinguidas da: 1993tik garatuz joan den atalkako proiektua. Gaur egun, ikuskizunak, filmak eta instalazioak egiten ditu, eta Genevako Unibertsitatean eskolak eman. Iruñean izan da, Mathilde Monnierekin sortutako Gustavia lana aurkezten.

Hamar urte igaro dira Gustavia estreinatu zenutenetik. Nola sortu zenuten?

1980ko hamarkadatik ezagutzen genuen elkar, eta bagenuen batak bestearen lanaren berri. Zerbait sortu nahi genuen elkarrekin, baina zaila zen agendak bateratzea. Azkenean, 2007an, esan genuen: edo orain edo inoiz ez, eta egin genuen. Mathildek pailazoa lantzea proposatu zidan, eta horrek harritu ninduen, nire lanean umorea egon arren, inoiz ez nuelako komikotasuna gaitzat hartu. Baina segituan jarri ginen lanean.

Obran hainbat genero nahastu dituzue: pailazoa, antzerkia, dantza... 

Pieza oso komikoa eta, aldi berean, oso tragikoa da. Guk burleskoa deitu diogu. Piezan zine mutuaren objektu asko daude: ohola, inbutua buruan, erortzen diren besaulkiak... Baina Gustavia-n dena ilunagoa da; adibidez, ohola hilkutxa bihurtzen da. Gainera, gu behin eta berriro erortzen gara; fisikoki oso ezegonkorra da, eta burleskoa ere bai. Bestalde, ez da klasikoa, baina gure bizitzan egin dugun lanik klasikoena da.

Emakumeak bere rola bete dezan jasotzen dituen exijentziak kritikatzen dira Gustavia-n? 

Bai, obraren komikotasuna krudela, azidoa eta kritikoa da, eta emakumeari lotutako gaiak zalantzan jartzen ditu. Hala ere, nire lan guztiak dira feministak, ni feminista naizelako, bizitzaren arlo guztietan. Beti jartzen dut zalantzan emakumea, emakumearen gorputza, haren odola, harenganako indarkeria, haren boterea edo botere gabezia, haren gizarte maila eta posizio politikoa... Feminismoak jorratzen dituen gaiak.

Dantza beste diziplina batzuekin nahasten duzu. Artisten jokabide naturala dela uste duzu?

Bai. Diziplinak oso modu zorrotzean banatu ohi dira, baina hori ekonomikoa, instituzionala edo akademikoa da; ia inoiz ez dator artistengandik. Artistok gai gara diziplinarik gabekoak edo diziplinartekoak izateko. Niri naturala iruditzen zait gauza bera diziplina ezberdinetatik irakurri ahal izatea. Niri, bat-batean, zerbait interesatzen bazait, hori ikertzen hasten naiz, eta beste diziplina batzuek emango ez zizkidaten gauza asko topatzen ditut horretan. Aske sentitzen naiz hori egiteko. Bilatzen dut, beti nabil bilatzen.

Zure lanetan beti dago probokatzeko eta mugak ukitzeko saiakera. Zein da zure helburua?

Begiradaren mugak bilatzen ditut: nola begiratzen diogun arte garaikideari, dantza garaikideari, emakumearen edo gizonaren gorputzari, bazterreko pertsonei... Beti bilatzen dut fikzio hori, begirada ezberdinen arteko tentsioa. Mugei bultza egin behar diegula uste dut, geure buruari une oro jartzen dizkiogulako mugak, baina ez daude horrenbeste.

Zure lana performance gisa sailkatu ohi da, baina zuri ez zaizu hitz hori gustatzen. Zergatik?

Emakume bat biluzik eta zapata takoidunekin ikusten dugunean, zuzenean esaten dugu performancea dela. Baina, nire ustez, ez da performancea, dantza garaikidearen eboluzio bat baizik. Musikaren erritmora doazen mugimendu perfektuak ez badaude ere, ez dio dantza izateari uzten; dantza ez baita soilik hori, milaka erara egin daiteke, eta milaka interpretazio izan ditzake. Inklusioarekin du zerikusia: dantza arte garaikide bat da, eta nik horren barruan sartu nahi dut, eta ez alderantziz. Hori dela eta, ez dut nahi ni performance egile deitzea; dantzatik nator, dantzaria naiz, performance egilea baino askoz lehenago.

Zure ibilbidean egin duzun proiekturik garrantzitsuenetakoa Piezas distinguidasda. Zein helbururekin sortu zenuen?

1990eko hamarkada zen, eta arrazoi asko zeuden halako proiektu bat sortzeko. Nagusiki, dantzaren narratiba zalantzan jartzeko egin nuen. Izan ere, iruditzen zitzaidan narrazioak dantzaren aukera garaikide asko zapuztu zituela, eta nik ez nuen hori egin nahi, inondik inora. Zatiketa asko interesatzen zitzaidan. Bestalde, laburtasunaren gaia ere badago Piezas distinguidas lanean: zer da laburtasuna? Zer da denbora laburra? Zer da olerki bat?

Nola aldatu da obra hori hasieratik gaur arte?

1990eko hamarkadatik aurrera dantza asko aldatu zen; gure belaunaldiak asko aldatu baitzuen. Ondorioz, nire lana ere ezberdina da. Hasieran, Piezas distinguidas-en nik bakarrik parte hartzen nuen, piezak bereiziak ziren, ez zuten gidoirik; heterogeneoak eta heteroklitoak ziren. Hortik abiatuz, obra asko aldatu da. Lanaren esentzia, energia eta lengoaia berdinak dira, baita zalantzan jartzen diren gauzak ere. Baina formak, baliabideak eta mundua ikusteko moduak aldatu dira. Nik neuk geroz eta hobeto ulertzen dut nire lana; hortaz, orain indartsuagoa eta helduagoa da.

Ehun pieza sortzeko helburua ezarri zenion zeure buruari. Asmo hori duzu oraindik?

Bai, helburu hori dut oraindik, baina proiektuak erritmo bat du, eta erritmo hori inposatzen dit: 27 urtetan piezen erdia egin ditut; beraz, agian ez dut proiektua amaituko. Baina hori ere oso ona da, bizitzak ez baitigu gauzak egiteko denborarik ematen, eta horrek, ideia gisa, zoratzen nau.

Nola da obra bat zure bizitza osoan garatzeko esperientzia? 

Gidatzen nauen bizkarrezur bat da; ni neu naiz, eta proiektua nirekin aldatuz doa. Eta lan horren ondoan doazen beste lan guztiak haren lengoaia eta begirada partekatzen dituzte.

Zure ibilbide gehiena atzerrian egin duzu. Zergatik joan zinen?

1990eko hamarkadan dantzak oso babes txikia zuen Espainian, prozesu handiekin lotuta zegoen. Guk ezin genuen horrela lan egin, gauza txikiagoak behar genituen; horregatik atzerrira joatea erabaki nuen. Orain, Suitzan bizi naiz, eta han babes handia dut.

Nola ikusten duzu dantzaren egoera gaur egun?

Zoritxarrez, ikusten dut artista izatea oso zaila dela oraindik ere. Ez dago artea bultzatzeko borondate politikorik. Euskal Herrian eta Katalunian gauzak hobeto egiteko saiakerak egon dira, baina, halere, ez da erraza. Estatuek zailtasunak dituzten arteak bultzatu behar dituzte, eta arte eszenikoak konplikatuak dira.

Aurrera begira, zein egitasmo dituzu buruan?

Hamaika proiektu ditut. Iragan astean bat aurkeztu nuen, zoragarria: Happy Island deitzen da, eta Madeiran [Portugal] egin dut, dantza inklusiboko konpainia batekin. Oso lan polita izan da, eta beharrezkoa, bazterturik dagoen oro interesgarria delako, eta bultzada eman behar zaiolako.
 IDOIA ZABALETA / FOKU

Dokumentuaren akzioak