Noiz hasi zinen balleta egiten? Eta zergatik?
Bost urterekin igeriketa ikastaroez gain, balleta egitea zen gure eskolaz kanpoko aukera. Beraz, ikastolako lagun batzuekin izena ematea erabaki nuen. Nire gurasoei psikomotrizitate eta oreka ona garatzeko aukera bat zela iruditu zitzaien. Gainera, lagunekin egoteko aukera ona zen.
Irakasle batek irakatsi zigun baletarekiko grina, diziplinaz, baina egunero gozatzen. Ia talde berean egon ginen lagun guztiak zortzi urtez.
Goizero, esnatzean, gehien maite nuena iristeko gogoz nintzen, ballet ordua.
2020ean Burgosko Ana Laguna dantza eskola profesionalean egin zenuen proba. Zergatik eman zenuen pauso hori?
Erabakia hartzea ez zen batere zaila izan. Oso txikia nintzenetik beti nahi izan nuen ballet dantzari profesionala bilakatzea, gehien gustatzen zaidana ahalik eta ondoen ikasi ahal izateko.
Gurasoek Burgosera joateko aukera aipatu zidaten, eta nire ikaskuntza serioago jarraitzeko aukera aurkeztu zidatenez, ez nuen zalantzarik izan hori zela nire abagunea. Gainera, beti gustatzen zait esperientzia berriak bizitzea.
Hau, zalantzarik gabe, aukera paregabea bihurtu da.
Donostia inguruan ez al dago aukerarik balletean aurrera egiteko?
Donostia inguruan aurki daitekeen gauzarik onena akademia pribatuak dira, eta horiek asko ikasten lagun diezazukete inolako zalantzarik gabe, baina kontserbatorioak dantza prestakuntza osatuagoa izateko aukera ematen dizu.
Eta tristea da goi mailako ikasketak egiteko eskolarik hurbilena Burgoskoa izatea, asko baikara egoera berean gaudenak.
Eta plaza lortu zenuen. Geroztik Burgosen bizi zara. Aldaketa handia izan zen? Gogorra izan zen egoera berrira moldatzea?
Aldaketa handia izan zen, 15 urterekin inoiz bizi izan ez nituen gauzei aurre egin behar izan nien, eta familiarengandik eta betiko lagunengandik urrun nintzen. Gainera, hizkuntza aldaketa oso nabarmena izan zen ikasketei dagokienez.
Baina ez zen oso zaila izan ohitzea ere, hiru urte hauetan lagun onenarekin izan naizelako, Donostiakoa bera ere, eta oso garrantzitsua izan da urte hauetan guztietan. Banekien ez nengoela bakarrik behintzat.
Une zail guztiak elkarrekin igaro ditugu, eta une askotan lasaigarria da jakitea norbait daukazula ondoan egun osoan, egoera, erronka, arazo eta une dibertigarri berberak bizitzen. Gainera, Burgosen oso harrera ona egin zidaten, eta lagunen zirkulua handia da orain.
Egunero izaten dituzu entseguak? Nola uztartzen dituzu ikasketak eta balleta?
Astean zehar egunero izaten ditugu entseguak eta kontserbatorioko guztia batuta astean 30 ordu inguru dira, hau da, egunean 6 ordu inguru.
Goizeko 08:00-09:00ak aldera hasi (egunaren arabera) eta 14:15ak aldera amaitzen dugu, eta arratsaldean 16:30etik 22:15ak arte institutua daukagu.
Askotan luzea eta gogorra egiten da, egunaren amaieran oso nekatuta nago eta 23:00etan etxera iristen naiz. Eta egun guztiaren ondoren 23:30etik 01:00etara ikasten dut.
Nekeza eta gogorra da, baina, azkenean, garrantzitsuena antolatzen jakitea da, diziplina eta iraunkortasun handia izatea, eta egunean zehar une guztiak ahalik eta gehien aprobetxatzen saiatzea, ahal den guztia aurreratzeko, hala nola autobuseko bidaiak, atsedenak, asteburuak, eta abar.
Koreografo handiekin lan egiteko aukera ere ematen dizu Ana Laguna eskolan aritzeak. Zer moduzkoa izaten ari da esperientzia?
Hiruhileko bakoitzean koreografo ezberdinekin lan egiteko aukera izaten dugu.Kontserbatorio hau da aukera hori ematen duen bakarra. Zalantzarik gabe, benetako konpainietan egiten den bezala, dantzatzen laguntzen dizun zerbait da, eta profesional izateko urratsa nola egin irakasten dizute.
Gainera, tailer horiekin askoz gehiago trebatzen hasten zara, eta estilo eta teknika berriak esperimentatzen dantzatzeko orduan.
Esperientzia oso ona eta aberasgarria da. Lan mota oso ezberdina da koreografoaren arabera, bakoitzak bere esentzia baitu; hori da lan honen alderdirik politena. Nahiz eta beti ez izan gehien gustatzen zaidan dantza estiloa edo mugimendu mota, uste dut garrantzitsuena gehien eman dizunarekin geratzea dela.
Batzuk izendatzearren, aurten Iratxe Ansa –2020ko Dantza Sari Nazionala eta Max 2021 saria Emakumezko Dantza Interprete Onenari–, Mayumi Sakamoto –Nacho Duato zuzendari artistikoaren balleten koordinatzailea eta Mikhailovsky Ballet-aren zuzendaria– eta abarrekin lan egin dut.
Duela gutxi, sari bat eman dizute. Zertan datza? Zer suposatzen du horrek zuretzat? Aurrera pauso bat da zure ibilbidean?
Uztailean Valencia Endanza nazioarteko ikastarora joan nintzen eta sari bat eman zidaten: Madrilgo Dantza Konpainia Nazionalean egonaldia egitea. Horri esker, martxoan profesionalekin egindako lanaz gozatu eta bertatik bertara ikusi ahal izango dut benetako konpainia batean egunerokoa zer den eta nola lan egiten duten.
Asko eskertzen dudan saria da, niretzat aukera paregabea dela uste dut, urte hauetan guztietan egin dudan ahaleginaren eta lanaren ondorioa delako.
Seigarren mailan zaude eta hurrengo ikasturteari begira, zer asmo duzu? Balleta zure ogibidea izatea gustatuko litzaizuke?
Hurrengora begira, aukera asko daude oraindik, horietako bat unibertsitateko karrera bat ikastea da, baina, zalantzarik gabe, gehien gustatuko litzaidakeena konpania batean dantzatzea; oso zaila eta sakrifikatua den arren.
Otsailetik aurrera konpainientzako audizioak egingo ditut eta, aldi berean, alderdi akademikoan lanean jarraituko dut USE ona egiteko. Egunez egun gozatuko dut, hori baita garrantzitsuena.