Dokumentuaren akzioak
Nahia eta ezina
Donaberak
Plaza festibalaren baitan ikusi berri dugu Damian Muñozek jaialdirako enkarguz egin duena. François Couperin-ek konposaturiko Leçons de tenebres (Ilunpe lezioak) musika-sorta aitzakiatzat hartuta, betiko bide barrokoetatik ibili da berriz ere koreografoa, benetako ekarpen gutxi eginez dantzaren lengoaiari baina luxu handiz hornituz gainontzeko alderdi guztiak.
Alboko alderdion pisu nabarmenaz jabetzeko eszenan dagoena zerrendatuko dugu: atzeko bideo pantaila handia, albo bateko diana erraldoia, mahaitxoa (kapelu bat, ogia eta katilu bat dauzkana), egur multzoa, hamaika lorontziak eta atzealdean ikusten diren organo txikia, abeslarien atrileak eta biola. Esandako guztia gutxi balitz edo, lur edo zohikatzez estalita dago behegain osoa, eta lurretik ke zutabe txiki batzuk irteten dira hortik handik. Baina apaingarrien zerrenda ez da hor bukatzen, oraindik ez direlako agertu lur azpitik aterako dituzten objektuak, aulki tolesgarriak, arropak, alfonbrak eta abarrekoak. Ez da marka makala gero, dantzaren araztasunaren bila joateko!
Pentsatzekoa denez, lur labainkor horren gainean ezin da ganorazko mugimendurik, ibilbiderik edo geldotasunik gauzatu, gorputzaren edozein ekintza zeharo baldintzatuta baitago beheko euskarri mugikorrarengatik. Bestalde, nik zalantzan jartzen dut nola gauzatu ahal den ezelango bilaketa zintzorik eremu gainzamatu horren baitan.
Baina, berdin da, azken finean ikuslea aski entretenituta egongo baita beste guztiarekin eta musikariek emandako kontzertu ederrarekin, nahiz eta musikak erlaziorik ez izan eszenan gertatzen denarekin edota balizko planteamendu estetikoarekin. Izan ere, elkarreragin eskas hori errepikatu egiten da objektuen erabilerarekin, Damianengan hain ugariak diren ikuste-efektuekin eta baita mugimenduarekin ere.
Interpretazio paraleloak
Gauzak horrela, saio honetako dialogo interesgarri bakarra atzean proiektatzen den bideoak sortzen du, eszenako bikotearen gorabeherak beste plano batean azaltzen dizkigulako, interpretazio paraleloak sortaraziz. Bikotearen zereginari dagokionez, argi dugun gauza bakarra da guztiz azalekoak direla tirania eta menpekotasun pasarteak, eta desio eszenak ez daudela exhibizionismo hutsetik oso urrun.
Muntaiak oro har nahia eta ezinaren sentsazioa utzi digu, baina zorionez, txaloen ostean proiektatu zen bideoa adimenari zuzendutako deiaren antzeko bat izan zen, bere ikuste-kontzepzio, errealizazio, sujeritzeko gaitasun eta kalitate onirikoarengatik. Eskerrak!
Dokumentuaren akzioak