Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Nagore Ipiña: "Euskal dantza talde bat desagertzean, gure kulturaren zati bat galtzen da"

Dokumentuaren akzioak

Nagore Ipiña: "Euskal dantza talde bat desagertzean, gure kulturaren zati bat galtzen da"

Dantza Jaialdia Lore Gazte taldearen eskutik

Egilea
E.G.
Komunikabidea
Mondraberri
Tokia
Arrasate
Mota
Elkarrizketa
Data
2007/09/09
Lotura
Mondraberri

Lore Gazte Dantza taldeak urriaren 11an, larunbata, dantza emanaldia eskainiko du Herriko Plazan, arratsaldeko 19:00etan. Nagore Ipiña, dantza taldeko kide eta dantzariak azaldu dizkigu ekitaldi honen gaineko xehetasunak.

 Nolatan bururatu zaizue dantza emanaldi hau antolatzea?

 Urte askotan, uztailean dantza saio bat egin izan ohi dugu Monterronen. Baina, azkenengo bi urteetan ezin izan dugu jendea falta zelako, besteak beste. Hori dela eta, dantza emanaldi hau atzeratzen joan gara, aurrerago zerbait egiteko asmoarekin.

 Horrela, iragan den uztailean, udazken garaira begira, zerbait egin behar genuela erabaki genuen. Izan ere, Arrasaten euskal dantzen emanaldiak ikusteko aukerak, egon badauden arren, ( “Haurren egunean”, “Dantzarien egunean”…) desberdina eta polita da herriko jendea Arrasaten dantzan egiten ikustea, Santamask edo San Juanak ez diren urteko beste sasoi batean.

 Dantzariak Arbolapetatik abiatuko zarete pasakalle batean, arratsaldeko 18:30etan…

 Bai. Arbolapetatik irten eta Seberotik igaroz, Herriko Plazara igoko gara. Pasakallean, dultzainero eta txistulariekin batera, zuzenean Herriko Plazara joango gara.

 Behin Herriko plazara iritsitakoan, 19:00ak aldera, dantza saioari ekingo diogu. Guztira, hamahiru euskal dantza eskainiko ditugu: Ezpata txiki, Batelerak, Banako, Calles, Otsagabia, Zapi txuria, Jaurrieta, Sorgin dantza, Uztai Haundia, Kataiak, Gasteizko eta Fandango eta Arin-arina.

 kartela (id: 311977)

Gainera, aurrez aipatu bezala, euskal dantza mota bakoitzarekin bat datozen arropak eramango ditugu soinean. Esaterako, “Otxagabia” dantza nafarra aurkezterakoan, dantza horri espreski dagokion jantzia eramango dute soinean dantzariek. Era berean, Gipuzkoako dantzak dantzatuko ditugun neskok, Gipuzkoako trajea eramango dugu.

 Horrela, hamahiru jantzi  desberdin ikusteko aukera egongo da. Guztira, ekitaldi honetan  200 lagun izango gara, dantzari, txistulari eta dultzaineroen artean.

Parte hartzen duten dantzarien artean, gaztetxoenek zortzi urte dituzte eta nagusienen artean, momentuan Lore Gazte dantza taldeko partaideak ez diren arren, urte askoan dantza taldeko kide izan direnak dira. Are gehiago, azken hauen erantzun onari esker, posible izan zaigu hamahiru dantza desberdin prestatzea. Gauzak horrela, dantzariak talde desberdinetan banatuta, bakoitzak dantza mota bat aurkeztuko du (guztira 13) eta emanaldiaren amaieran, dantzari guztiok bat eginik,  arin – arina eta fandangoa dantzatuko dugu.

 Gutxi gora behera, dantza emanaldiak ordubete pasa iraungo du.

 Nola antolatu zarete ekitaldi hau prestatzerako garaian?

 Hasieran, dantza mota  bakoitzeko arduradun bat izendatu genuen eta horietako bakoitzari egotzi izan zaio bere taldeko entseguak gauzatzeko ardura. Beranduago, entsegu orokor bat egin dugu eta ostiral honetan, azken orokorra burutuko dugu guztiok batera.

 Ekitaldi honetara jende ugari gerturatuko dela espero al duzue?

 Bai. Gainera, ekitaldiaren ordua zehazterako garaian, larunbatetan oro har, jendea kalera ateratzen hasten den ordua ezarri genuen, arratsaldeko 19:00ak, hain justu. Espero dugu, jendea gerturatuko dela dantza emanaldia ikus eta entzutera, guk behinik behin, horretarako ahaleginak burutu ditugu.

 Ekitaldi honen bidez, Euskal Dantzak, soilik, arin arina eta fandangoa baino zerbait gehiago direla aditzera eman nahi diogu jendeari. Gisa berean, soinean eramango ditugun jantziak publikoari erakutsi eta laburbilduz, ekitaldi honen atzean, lan handi bat egin dela agerian utzi gura dugu.

 HISTORIA PIXKAT ETA DANTZA TALDEA GAUR EGUN

 Lore Gazte dantza taldea, 1957. urte inguruan sortu zen. Zigarrolako neska batzuk Eskola Politeknikoan ikasten ziharduten neska eta mutil batzuekin elkartu eta euskal dantzei ekin zioten. Hortik sortu zen taldea.

 Zenbat lagunek osatzen duzue gaur egun taldea?

 Ume txikienetatik hasi eta nagusienetara arte (35 urte ditu nagusienak) nik uste 200 pertsona izango garela, aktiboki entseguetan parte hartzen dugun dantzariak.

 Funtsean, Lore Gazte dantza taldean, zortzi urtetik aurrera barneratzen dira dantzariak, behin, dantzariak ohartzen direnean, egiten dutena gustuko dutela eta bide horretan jarraitzeko asmoa nahiko garbi dutenean.

 dantzariak (id: 345056)

Neska eta mutilak kopuruari dagokionez, orekatuta al zaudete?

Momentu honetan, nagusien taldean mutilak gehiago direla uste dut, baina, osterantzean, eta orain artean, neskak izan dira gehiago.

Lore Gazte dantza taldea, hiru taldetan banatuta dago: hasiberriek ostegunetan ekiten diote entseiuei, beranduxeago, ostegunetako entseguetara igaroten dira eta 14 – 15 urtetik gorakoak nagusien taldean barneratzen dira.

Nagusien taldeak astean behin egiten ditugu entseguak, ostiral gauetan, hain zuzen ere. Gaur gaurkoz, dantzari kopuruari dagokionez, nahiko ondo gaude, egoera okerragoan egon baikara noiz edo noiz. Hala ere, beti etortzen da ondo, ahalik eta jende gehien egotea taldean.

 Zer euskal dantza mota  irakasten dira?

 Hasiera batean, haurrak dantzaren munduan murgiltzen direnean,  arin – arina, fandangoa eta beste bi gauza gehiago irakasten dira.

 Behin denbora bat igarota eta Lore Gazte taldeko kide izanik, Gipuzkoa eta Bizkaiko euskal dantzak dira gehien irakasten zaizkienak dantzariei. Apur bat nagusiagoak direnek, bestalde, Arabako dantzak ere ikasten dituzte. Nagusien taldean dauden dantzariek, azkenik, ikasteko geratzen zaizkien dantza motak lantzen dituzte.

 Euskal dantza mota askotarikoak lantzea ez da batere lan erraza izaten. Izan ere, lehendabizi, ikasi gura den dantza mota jakin hori jatorrizkoa den herriko dantza talderen batekin harremanetan jarri behar zara, zuri irakasteko prest egongo diren galdetu… Baina, nahi izanez gero lortzen da.

 Gipuzkoako zenbait euskal dantza ondorengoak dira: “Ezpata txiki”, “Batelerak”, Kaskarrotz, azken bi hauek kostaldeko dantzak. Arku dantza eta Zinta dantza, bestalde, jatorriz Gipuzkoako eta Bizkaiko dantza motak dira.Halaber, jatorriz Nafarroakoa den dantza mota bat Otxagabia dugu, eta Arabakoa, Kortes.

 Probintzi batetik bestera, euskal dantza desberdinek duten desberdintasun nagusia, dantzako pausoak dira. Esaterako, Gipuzkoako euskal dantzen pausoek posizio jakin bat duten bitartean, Arabako bereizgarritasuna, pausoek jauzi gehiago dituztela izango litzateke. Zentzu honetan, nafar dantzak indartsuagoak dira. Aldiz, Gipuzkoako dantza motak finenak direla iruditzen zait eta pauso guztiak oso ongi markatzen direla. Iparraldeko dantza motak, berriz, Gipuzkoakoen oso beretsuak dira, baina, iparraldekoek bestelako dotorezia bat dutela uste dut, bestelako maila bat.

 Musika eta musika tresnetan arreta jarriz, aipatu, nahiz eta nafar zein arabar dantzetan, txistuaren presentzia egon, dultzainaren presentzia agian handiagoa dela. Aitzitik, Bizkaia eta Gipuzkoan, txistua da nagusi.

 Zein da zuen xedea talde bezala?

 Oro har, euskal kultura bultzatzea. Euskal dantza talde bezala, ez gara kanpora begira, ekitaldi asko egiten ditugun taldea. Dantza talde moduan, inoiz ez dugu mugarik jarri. Gehiago zentratzen gara hemen, nolabait, etxean. Lore Gazte talde nagusiak ostiralero burutzen dugu entsegua eta norabide horretan jarraitzen dugu.

 Ikasten segitzen dugu eta aukera suertatzen zaigunean, hau da, norbaitek dantza mota berriren bat irakasteko aukera luzatzen digunean baiezkoa ematen dugu. 

 Urtean zehar zein dantza emanalditan hartzen duzue parte Arrasaten?

 Santamasetan, San Juanetan (Errementari dantza, Salvean agurra) eta bailarako dantzari egunean. Halaber, “Haurren egunean” txikienek dantza emanaldia eskaintzen dute. Horretaz gain, auzoetako jaiak direnean ere, gaztetxoak joaten dira dantza egiera.

 

errementari dantza (id: 647696)

Errementari Dantza

 

urretxu (id: 1232869)

Santa Anastasiak Urretxun

 Eta nazioarteko folklore jaialdiren baten parte hartu al duzue noizbait?

 Urte batean, Lore Gazte taldea Italian izan zen eta duela urte batzuk, Extremaduran. Baina, azkenengo urteotan horren inguruan ez da ezer egin. Esan izan dugu hurrengo urtean norabait joan behar gara, baina, azkenean,  ez da batere erraza 30 lagun hemendik ez dakit noraino mugitzea (denbora, lana, dirua…).

 Nola plazaratu daitezke euskal dantzak edo erromeriak?

 Nire ustez  Ikastolek euskal dantzak bultzatu beharko lituzkete apur bat. Esaterako, zuk haurrei txikitatik soinketarako erabiltzen den denboraren  zati bat euskal dantzak irakasteko eskaintzen badiozu, ume horrek badaki zerbait eta modu batean edo bestean euskal dantzekiko zaletasuna areagotzen joan ahal zaio. Modu honetan, euskal dantzak bere horretan iraunarazi daitezke, ez daitezen galdu.

 Gisa berean, sarritan gertatzen da jendeak euskal dantzak jakin arren, herriko  jaietan antolatzen diren erromeri eta dantzaldietan parterik ez hartzea,  eta hori izaten da arazoa. Guk gure aldetik ahalegin bat egin beharko genuke dantza egitera irten, giroa jarri eta inguruko jendea ere dantzan egitera animatzeko.

Nola ikusten duzu euskal dantzen etorkizuna?

Ez diot etorkizun beltza ikusten, baina, egia da jendearen aldetik bultzada bat behar duela. Izan ere, euskal dantza talde bat galtzen den momentuan, euskal kulturaren zati bat galtzen da. Nik uste dut, sarritan, euskal dantzan aritu ez den jende askok pentsatzen duela euskal dantzak betidanik esparru honetan aritu diren pertsonei dagokien kontu bat dela soilik, betikoek egiten duten zerbait, baina, baliteke, betiko hoiek beti hor ez egotea.

Egia da apurka apurka euskal dantza talde ugari desagertzen joan direla, bereziki,  herri txiki ugaritan dantza taldeak desagertu egin dira jenderik ez dagoelako eta hori pena bat da. Horren erakusgarri, gertuko kasu bat; Eskoriatzan dantza taldea desagertu egin zen eta ostera ere, badirudi, Musika Eskolaren indarrez, ostera ere, indartzen ari dela.

Horren harira, adierazi, jendea apur bat kontzientziatu behar dela ondorengo ideiaz: euskal kultura ez dela bakarrik, euskara, baizik eta gauza asko barne hartzen dituela: euskal musika, euskal dantzak…

Honenbestez euskal dantzen etorkizuna ez zait hain ezkorra iruditzen, besteak beste, beti egongo baita euskal dantzak gustuko dituen jendea eta hauek bere horretan mantentzeaz arduratuko dena.
 

 

Dokumentuaren akzioak