Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Nafarroan gaur egun gertatzen ari dena enetzat mirakulu bat da»

Dokumentuaren akzioak

«Nafarroan gaur egun gertatzen ari dena enetzat mirakulu bat da»

Euskal kulturarekiko engaiamenduarengatik da ezaguna Oihanburu. Euskal dantza eta kantua zabaldu ditu mundura. Milaka istorio pilatu zaizkio bere bizitza luzean. Hunkigarriak asko, baina latzak ere bai.

Bizi luzea du Philippe Oihanburuk (Argeles-Gazost, Okzitania, 1921). Ezin liteke hitz bakar batez aipatu haren eginkizuna, hamaika proiektutan engaiatu baita, 2008ra arte. Urte hartan, ardurak utzi zituen. Dantzak, baina, hasieratik liluratu zuen. Ez da oso baikorra euskararen egoerarekin, baina Nafarroan itxaropen handia du. Askotan hitz egin du bere bizitzaz eta egin dituen bidaiez. Alde pertsonalaz, ordea, nahiago du askorik ez kontatu. «Konplikatuegia da», haren hitzetan.
Egilea
Bidatz Villanueva Etxague
Komunikabidea
Iparraldeko Hitza
Mota
Elkarrizketa
Data
2016/06/12
Lotura
Iparraldeko Hitza

Duela hiru urte, ikuskizun batean parte hartu zenuen Jean Nesprias eta Koldo Zabalarekin. Gelditu gabe jarraitzen duzu?

Berrikitan konferentzia bat eman dut Iruñean, XX. mendeko euskal dantzaren inguruan. Dantza nola bilakatu den agertokira igo ahal izateko. Gai zaila da. Aurrekoan, Nafarroaren Egunera ere joan nahi nuen, baina ezin. Han izan ziren Uxue Barkos eta Joseba Asiron. Hori historikoa da. Eta duela hiru urteko ikuskizun hori hunkigarria izan zen. Hiru dantzari zaharrek eman genuen. Zuzendaria euskalduna zen.

Beti egon zara euskal kulturarekin engaiatua. Baina ez zenuen txikitatik ikasi, ez?

Zortzi urtez egon ginen Uruguain. Etxean frantsesez egiten genuen, eta kalean espainolez. Nik hango azentu miragarriarekin hitz egiten nuen. Biziki maite dut; kantatzen ari direla dirudi. Aita jatorriz euskalduna zen, baina ez zekien euskaraz. Hainbat hitz zekizkien, baita kantu batzuk ere.

Noiz hasi zinen ikasten?

Uruguaitik Parisera joan ginen. Han, ikasketak hasi nituen. Parisen ginela, ama eta aita dibortziatu ziren. Aita hasi zen udan Hendaiara eramaten, bere anaiarekin. Hark bazekien euskaraz.

Orduan, osabak irakatsi zizun?

Hark lagundu zidan, baina urteak pasatu ziren ongi-ongi ikasi nuenerako. Garai nahasiak ziren, eta euskara ikasteko nahia ere abertzaletasuna barneratzearekin batera sortu zitzaidan.

Nolakoak ziren Hendaiako uda haiek?

Ni, garai hartan, Parisko gazte burges bat nintzen, eta eskuindarra. Baina gauza asko ikusi nituen. Gerla hor zegoen. Irun sutan ikusi dut. Jende asko ikusi nuen barku txikietan hondartzara arribatzen. Haien aurpegiez gogoratzen naiz, zein goibel zeuden. Deserrituak ziren.

Horrek aldatu zintuen?

Asko. Gogoan dut hamasei urte nituela, Hegoaldetik arribatutako mutiko bat nuela adiskide. Zazpi urte-edo izanen zituen. Tipo ederra. Nik erran nion: «Espainola zara». Eta hark erantzun: «Ez, euskalduna naiz, zu bezala».

Gero Miarritzen ezarri zinen.

Michel d’Arcanges txistularia ezagutu nuen. Sota familia ere bai. Miarritzen ziren bizkaitar asko. Euskara gutxi egiten genuen, baina giroa arras abertzalea zen. Baina, aberriaren amodioa baino lehen, euskararen amodioa nuen. Telesforo Monzon, Manu Sota eta hirurok ere asko ibili ginen elkarrekin denbora batez.

Eta dantzaren amodioa noiz sortu zitzaizun?

Fandangoa ikasi nuen Parisen. Gero, urte batzuen buruan, Olaeta taldearekin hasi nintzen. Askotan erraten zidaten: «Pupu, Pupu, zatoz». Akordeoi jotzaile bat falta zitzaien. Hala sartu nintzen. Gero ekin nion dantzari. Hor gertatu zen ene aldaketa.

Zergatik?

Olaeta taldekoak abertzaleak ziren. Txistuarekin, kantuarekin, dantzarekin eta abarrekin hasi ziren abertzaletasuna zabaltzen. Olaeta familiak beti egiten zuen euskaraz.

Eztabaidak ere izanen zenituzten.

Asko hitz egiten genuen, bai. Baina dantzak eragin dit niri gehien. Kantuak ere bai. Bihotzak beti badu erratekorik horrelako aferetan.

Bigarren Mundu Gerran, ihes egin zenuen.

Alemanek deitu ninduten 1942an, haientzat lan egiteko. Ni arras abertzalea nintzen jadanik. Gernikako bonbardaketaz ere jakitun ginen. Iparraldean ezin nintzen geratu, txikia baita. Parisera egin nuen ihes.

Eta non ezkutatzen zinen?

Ostatuetan normalean. Dena den, hiru aldiz atzeman ninduten. Zorionez, hiruretan utzi ninduten aske. Polizia gaullistak ziren.

Gogorra izan zen garai hura?

Aitaren etxean ginela, urrun ikusten nuen gerra. Gero sufritu nuen. Ene orduko amodioa, gainera, Errusiako judu bat zen. Eta hori gutxi balitz bezala, gaixotu nintzen. Orduan, bi gauza erabaki nituen: Akizeko uretara joanen nintzela osatzera, eta euskara ongi ikasiko nuela.

Erabakitako hori egin zenuen?

Alde batetik bestera ibili nintzen Euskal Herrian. Sei hilabeteren buruan, hor nintzen, euskara ikasi gabe. Zaila zen. Liburutik ikasten nuen, baina gero baserriko bizkaitar batekin hitz egitean…

Bigarren Mundu Gerra amaituta, Olaeta taldeko zuzendaritza hartu zenuen. Nola gertatu zen?

Bittor Olaeta zuzendaria deitu zuen Espainiako kontsulak, eta propaganda separatista egitea leporatu zion. Orduan, Bizkaira itzuli zen, eta niri pasatu zidan lekukoa, 45ean. Baina nik ere dantza egiten nuen. Taldeari Oldarra izena jarri nion.

Urte batzuen buruan Oldarra utzi, eta Etorki sortu zenuen.

Zortzi urte egin nituen Oldarran. Leku askotan egonak ginen: Suedian, Belgikan, Donostiako Kursalean… Donostiakoa historikoa izan zen. Sala bete-betea zegoen. Erdia, euskal erresistentzia; beste erdia, txakurrak. Nik aurkezpena espainolez egin nuen, aski gaizki, eta euskaraz. Arrangoitzeko alkatea agertu zen agertokian, zinta berde-zuri-gorri batekin. Baina Alfontso XIII.aren aldeko bat zegoen hor. Eta zintza kendu zion.

Eta Etorkirekin ere asko bidaiatu duzue?

Nire kalkuluen arabera, 31 herrialdetan izan gara. Batzuetan, egonaldi luzeak egin ditugu; beste batzuetan, laburragoak. Konparazione, Grezian bi hilabetez izan gara.

Eta han ibiltzen zineten dantzan eta kantuan?

Ene afera hori izan da beti. Bi hilabete izan ginen Grezian, baina, konparazione, Georgian kantuekin bakarrik izan gara. Dantza 1984an utzi dut. Georgian aste bat eman genuen; aste izugarri ederra. Grekoak aipatu ditut, handiak dira. Baina georgiarrak… Gu bezalakoak dira; maite dituzte dantza, kantua, arnoa eta besta.

Kultura eta hizkuntza asko ezagutu dituzu, beraz.

Aurreko egun batean, dentistarenera joan nintzen. Euskaldun bat zen, eta beste langilea nexka aski beltza. Jakin dut Turkiakoa zela, eta galdetu dit nexkak ea turkieraz nekien. Eta kantuan hasi natzaio abesti turkiar bat. Hilabete bat pasatu genuen Turkian. Libanon ere izan ginen bake denboran. Orain tristura ematen dit ikusteak nola dauden.

Gogoan duzu bereziki bidaiaren bat?

Berrikitan egin genuen bigarren bira bat Georgian, 2000. urtean. Ekialdean egon ginen. Izugarrizko anaitasuna eta alaitasuna zen hangoa. Gauaz lagundu ziguten haien probintziako mugaraino. Autotik atera ginen denak, eta bazeuden akordeoi eta danbor jole bat. Ezin erran daitekeen gauza da. Anaitasunaren une bakana izan zen, alaitasun handikoa. Elkar ulertzeko nahia genuen, eta horretarako egiten genuen dantza. Une berdingabea izan zen.

Politikan ere engaiatu zara.

Bai, ene bizia hitz batez errateko, sobera konplikatua izan da. Frantziako politikan sartua nintzen, eta hemengoan. Euskal dantza talde bateko zuzendaria nintzen, baina behar zen bizi, eta irratian sartu nintzen. Biziki interesgarria zen, baina sobera gauza ziren aldi berean. Egon naiz partidu komunistan ere, eta gauza txarrak atzeman ditut. Baina denetarik bazen; batzuk bihotz handikoak ziren. Asko ikasi dut.

Zergatik utzi zenuen partidua?

Stalin hila zen, eta irekidura bazen. Ene alkatea arras ene alde zen, baina alkateordea jeloskorra zen oso. Gauza ederrak egin ditut. Behin jaialdi folkloriko bat egin genuen. Hartan etorri ziren Tolosako erraldoiak. Ikurrina atera genuen. Vitry-sur-Seinen [Frantzia] ginen, eta alkatea ikurrinarekin. Hiru egunez italiarrez, bretoiz, jugoslaviarrez eta euskaldunez bete ziren kaleak.

Urte askoz izan zinen?

Hamar bat. Baina dena utzi nuen, eta zazpi lagunekin joan ginen kamioi zahar batean Paristik Beiruteraino sei hilabetez. Eroak ginen! Izan ere, bizia estresagarria zen. Beti korrika, beti presaka, eta, partiduarekin ez nintzenez gehiago ados, utzi nuen. Denetarik ezagutu dugu: bazterrak, paisaiak, jendeak… Italian gaizki pasatu genuen. Diru gutxi genuen, bizitzeko ezer ez. Baina horko komunistek, pobreek, langileek lagundu gintuzten. Hori zen benetako anaitasuna.

Irratia ofizio zenuela azaldu duzu lehen.

Zorigaitzez, dantza maiteago nuen irratia baino. Irratiari esker lortzen nuen dirua. Irratia interesgarria da biziki, baina nik burua dantzan eta kantuan nuen beti. Beti lotu natzaio horri irratiari baino gehiago.

Zuk ere jarri zenion musika Haize hegoa Mikel Laboak abesten zuen kantari.

Haize hegoa, gau epela… Eta diskoan berak jarri zuen folklorea zela. Poesia biziki polita da. Monzonek idatzi zituen hitzak. Nik doinua jarri nion.

Erran daiteke asko eman dizutela dantzak eta kantuak.

Sosik ez.

Gaur egun kementsu jarraitzen al duzu?

Bai, eta denari segitzen diot hurbiletik. Gauzei lotua naiz.

Nola ikusten duzu euskararen egoera gaur egun?

Ni ezkorra naiz. Gazte askok ikasten dute euskara, baina gero espainolez edo frantsesez mintzatzen dira. Michel d’Arcangesek erraten zidan 1940ko hamarkadan: «Nafarroa da behar duguna». Nafarra galdua zela konturatzen zen, baina beharrezkoa zela. Nafarroan gaur egun gertatzen ari dena enetzat mirakulu bat da, oso garrantzitsua euskarari dagokionez. Niretzat Euskal Herriko hiriburua Iruñea da. Historikoki eta pedagogikoki, ongi legoke. Bilbok ere galdu du euskara. Bartzelonak ez du galdu katalana! Dena den, iruditzen zait Nafarroa mugitzen ari dela.

PHILIPPE_OIHANBURU___DANTZA

Dokumentuaren akzioak