Nafarroako Dantza Garaikidearen programak (DNA) hiru konpainia interesgarriren piezak zabalduko ditu Nafarroako hamasei herritan (Etxarri Aranatz, Castejon, San Adrian, Zizur Nagusia, Bera, Agoitz, Lizarra, Viana, Noain, Lesaka, Murchante, Atarrabia, Ribaforada, Berriozar, Lodosa eta Tafalla) maiatzera bitartean. Emanaldietan DNAren aurreko edizioan sorkuntza egoitzetan buruturiko lanak ikusiko dira.
Nafarroako Dantza Garaikidearen programa honako lan hauek zabaltzen ari da: Akira Yoshida & Lali Ayguadé-ren Together to get there; iXa taldearen Nik·Eu eta Kon Mocion-en EveryOne.
Together to get there piezan “biren arteko topaketa bat da, besarkada bat, bestea sentitzea, hitzik gabeko komunikazioa, denboraren sentipena, biren artean sortutako mundu batean murgilduta. Elkarrekiko euskarria. Denbora bat hedatzen dena eta inoiz amaituko ez balitz bezala gelditzen dena. Eraldaketa bat da, aldaketa bat. Erortzen hasten diren zatiak, eusten hasten diren beste batzuk. Une hori ahaztu egiten da eta desberdintasunak azaleratzen dira; kontrako poloak, hauskortasuna eta indarra, erortzen uztea eta kontrolarekiko desira. Oreka eta ezegonkortasuna. Benetako giza izaera”.
Nik Eu planteatzen da “oroitzapenen eta esperientzien kutxa gisa, bizitako errealitateen museo gisa, espazio ordenatu bat ideien desordena batean, non bilatu eta konektatu gure niaren alderdirik barnekoena ikusle bakoitzarenarekin. NIK euskarazko hitza eta EU (ni) galegozkoa uztartu egiten dira izenburuan; lanak autobiografia kutsua du, non bizitako emozioak eta errealitateak islatzen diren ikuspegi dibertigarri, zirraragarri eta barne-barneko batetik.”
EveryOnek aztertzen du “gizabanakoaren eta osotasunaren arteko harremana, niaren eta bestearen artekoa. Bat gara edo bakoitza gara? Hip hopetik, dantza afrikarretik eta dantza garaikidetik abiatuta, sortzen da hizkuntza indartsua, adierazkorra eta aberatsa”.