Dokumentuaren akzioak
Nafarroako dantza eta jaietako jantziak ikusgai Zuloaga Etxean
Erakusketa Irungo Kemen Dantza Taldeak antolatu du. Besteen artean, Lantz, Erribera, Arizkun, Otsagabia, Urdiain, Auritz eta Lesakako jantziak ikus daitezke
Lehenengo aldia da Kemenek orain arte egindako
ikuskizunetan erabilitako jantziekin horrelako erakusteta antolatzen
duela. Egunero taldeko bi kidek zaintza egin behar dute eta gaur Denis
eta Mikeli tokatu zaie. Bigarrenak dio «jantziak ikustean oroitzapen
asko ditut egindako jaialdietan erabili ditugulako».
Dantzari boluntarioek erakusketari buruz azalpenak
ematen dituzte eta, turista asko sartzen direnez, mota guztietako
galderak ere erantzun behar izaten dituzte. Turismo bulegoaren kokapena
da gehien errepikatzen den kontsulta.
Harrera oso ona
Jendea Kale Nagusitik pasa ahala animatzen ari da
erakusketa ikustera sartzera eta joan den asteko egun bakar batean mila
lagun baino gehiagok ikusi zituzten jantziak. Gehienak turistak dira,
frantsesak, madrildarrak, katalanak eta baita Euskal Herrikoak ere.
Batzuek argazkiak egiten dituzte, besteek lau
hizkuntzetan dauden panelak irakurtzen dituzte baina denak harrituak
gelditzen dira eta hitz onak bakarrik dituzte. Manuel Bartzelonakoa da
eta «jantzien aberastasunagatik, Nafarroa historia eta tradizio handiko
herri anitza dela» uste du.
Toledon dagoen El Tobosoko talde bat txundituta dago
ikusi dituzten kolore eta formekin. Batek aipatzen du Erriberako
jantziek gauza komunak dituztela beraiek Gaztelan dituztenekin eta
besteak esaten du «oso garrantzitsua da horrelako ondarea mantentzea»
beraiek Kixotearen garaiko jantziekin egiten duten bezala.
Kanpotarrez gain, hemengoak ere harritzen dira
ikusitakoarekin. Mertxe Gasteizkoa da eta ez zekien «Nafarroan
hainbeste tradizio eta dantza zegoenik».
Lesakatik Erriberara
Erakustaldian Nafarroako hamaika herrietatik egiten da
ibilbidea. Ikus daitezken jantziak Lesakako San Fermin, Luzaide Bolant
Eguna, Otsagabiako Muskilda Eguna, Urdiaingo udako solstizioa,
Arizkungo Sagar Dantza, Auritzgo dantzak, Jaurrietako Axuri-Beltza,
Lantzeko eta Altsasuko inauteria eta Cortes eta Murchanteko
makil-dantzakoak dira.
DATUAK
Erakusketa: Nafarroako dantza, tradizio eta jaien jantziak.
Datak: Abuztuaren 29ra arte.
Ordutegia: Astelehenetik igandera, goizeko 9:30etatik 14:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 19:30etara.
Lekua: Zuloaga Etxeko beheko pisuan (Kale Nagusia, 8).
Ikusteko: Otsagabia, Urdiain, Luzaide, Auritz, Cortes, Murchante, Lantz, Lesaka, Arizkun, Jaurrieta eta Altsasuko jantziak.
Dokumentuaren akzioak