Dokumentuaren akzioak
Nafarroa dantzara
Escena jaialdiak bederatzi konpainiaren 23 emanaldi eskainiko ditu datorren astetik apirilaren 9ra bitartean, hamalau herritan
Escena jaialdia Nafarroako Gobernuaren ekimena da. Dantzatzazaletasuna sustatzeko asmoz, hilabete inguruko programazioa osatzen du, eta Nafarroako hainbat herritara eramaten du. Normalean dantza programazioa ez duten herriek jasotzen dituzte Escenako ikuskizunak. Beraz, jaialdiak aukera ona eskaintzen die herritarrei zein konpainiei.
- Kukai-Tanttaka: '1937' eta 'Otehitzari Biraka'. Kukai Dantza Konpainiak eta Tanttaka Teatroa beren bi ikuskizunak erakutsiko dituzte Escenan. Burlatan eta Barañainen 1937, gogoaren bidezidorretatik eskainiko dute. Bertan, gerrako zazpi umeren historia azaltzen dute dantza, irudi proiekzio eta Juan Mari Beltranen musikaren bidez. Otehitzari biraka beren azken ikuskizunarekin ere bi emanaldi egingo dituzte Zizur Nagusian eta Lizarran. Azken lan honetan Jorge Oteizaren bizitza, obra eta poesiari errepasoa egiten diote.
- Erregelak dantza tailerra eta Essemble Diatessaron: 'Le basque'. Antzinako musika eta dantza jorratzen duten bi taldeok bat egin dute Le basque sortzeko. XVIII. mendeko dantza eta doinuetan oinarritzen da, eta garai barrokoko dantza-antzerkiaren izaerak (dantza klasikoaren aurrekaria) eta dantza tradizionalaren izaerak dituzten antzekotasunak azaltzen ditu, besteak beste. Hiru zatitan banatutako egitarauan foliak, minuetoak, zortziko doinuak eta ukitu barroko zein tradizionala duen musikaz eta dantzaz gozatzeko aukera izango da Ablitasen eta Antsoainen.
- Aldanza: 'Aldanza 2006'. Almudena Lobon dantza irakaslearen konpainia gaztea da. Lobonek urteak daramatza bere dantza eskola zuzentzen eta 1998an Aldanza gazte baleta antolatu zuen. Eskolak zein balletak jorratzen duen estilo nagusia dantza klasikoa da, baina dantzariek beste dantza estiloetan ere heziketa jasotzen dute. Kasu honetan, emakumeen ezinegona azalduko dute beren ikusgarri berriaren bitartez. Agoitzen, Castejonen, Valtierran eta Zangotzan eskainiko dituzte emanaldiak.
- Addictos-Logela: 'Klonk'. Addictosek eta Logelak bi mundu batu dituzte giza klonazioaz hitz egiteko: multimedia eta hip hop dantza. Dantzarien artean Madril, Bartzelona, Zaragoza eta Valentziako dantzari iaioenak batu dira kalitate handiko taldea osatzeko. Donostiako Antzerki Ferian egin zuten ikuskizunaren estreinaldia, eta orduz geroztik emanaldi dezente egin dituzte Euskal Herrian. Ablitasen, Altsasun eta Beran eskainiko dituzte saioak.
- Tempomobile: 'Still moving'. Still moving Nafarroako konpainia garaikide honen azken sorkuntza da. Hain zuzen, Becky Siegel bere zuzendariaren eta Paco Iglesias konpositorearen arteko elkarlanaren ondorioz sortu da. Halaber, ikuskizunaren ekintza Mikel Esparaza margolariak sortutako euskarri bisualaren gainean gertatzen da. Castejonen egingo du jaialdiko emanaldi bakarra.
- 10 &10: 'Hebras de mujer'. Madrilgo konpainia honek eskarmentu handia lortu du nazioartean. Escenan aurkeztuko duten lanak hiru emakumeren arteko elkarrizketak jasotzen ditu. 30eko hamarkadako, 60ko hamarkadako eta gaur egungo emakumearen bizimoduak bildu ditu horrela. Emanaldiak Antsoainen, Altsasun eta Noainen izango dira.
- Dancem: 'Sentido unico'. Dancem taldeak flamenkoa ekarriko du.Ester Carrasco zuzendariak flamenko garaikidea landuz osatu du ikuskizun hau. Carraco eta bere taldea flamenkoa eta beste dantza zein musika estiloak uztartzeko saioengatik dira ezagunak. Beran, Burlatan, Lizarran eta Los Arcosen izango dira.
- Producciones Imperdibles: 'Réquiem 21 k 626'. Sevillako (Espainia) taldeak bere 25. urtemuga ospatu du lan honekin. Musika, irudia, dantza eta espazio eszenikoa ikerketarako gune gisa erabili ditu, Mozarten K626 Requiema minaren eta itxaropenaren euskarritzat hartuz. Zizur Nagusian eskainiko dute.
Dokumentuaren akzioak