Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Nafar nortasuna lau haizetara

Dokumentuaren akzioak

Nafar nortasuna lau haizetara

Nafarroaren Eguna

Nafarroaren Eguna huts egin ezinezko eguna da askorentzat; esaterako, Mikel Lasarte etxarriarrarentzat eta Mirentxu Bizkaitxipi arrosatarrarentzat.
Egilea
Iker Tubia
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2013/04/26
Lotura
Berria

Hamasei kilometroko bideak lotzen ditu Baigorri eta Erratzu; bi herriak Nafarroan dira, baina bi herrialdetan banaturik daude. Nafarroaren Eguna eta gisako bestek Nafarroa Beherea eta Garaia batzeko balio dute, herritarren arteko zubiak eraikitzeko. Dena den, igandean Euskal Herri osotik helduko dira Baigorrira, Basaizeak antolatutako bestan parte hartzera.

Baigorri ongi ezagutzen du Mirentxu Bizkaitxipik (Baiona, 1979). Lapurdin sortu bazen ere, denbora luzea darama Nafarroa Beherean bizitzen, Arrosan hain zuzen. Apirileko azkenengo igandea gorriz margoturik du egutegian, urtero-urtero joaten baita Nafarroaren Egunera. Besta hasi zenetik, bi bider baizik ez du huts egin: urte batean atzerrian bizi zelako, bestean haurra izan zuelako. Pisuzko arrazoiak behar ditu Baigorrin urtero duen zita galtzeko.

Nafarroa Garaian ere badira Baigorriko bestara urtero joaten diren pertsonak. Horietako bat da Mikel Lasarte (Etxarri-Larraun, 1975). 1993-94 inguruan izan zuen jaiegun horren berri. Euskal Herrian Euskaraz taldearekin batera joan zen kamisetak eta materiala saltzera, eta gogoan du «aparteko» esperientzia izan zela. Hasieran noizean behin joaten bazen ere, badira urte batzuk urtero-urtero joaten dela. Bestaz gozatu eta ongi pasatzera ez ezik, azken bi urteetan dantza egitera joan da Ortzadar taldearekin.

Bizkaitxipi antolaketan laguntzen ibili ohi da, Basaizeako hainbat lagun ditu eta. «Denek eskukaldi tipi bat ematen dugu besta ederragoa izateko; bakoitzak ematen badu pixka bat bestara, bestak ere itzultzen digu», azaldu du arrosatarrak. Auzolanean antolatutako besta da Baigorrikoa, eta ezinbestekoa da laguntzera biltzen den jendea. Besteak beste, horrek erakarrita joan ohi da Lasarte. «Benetako jai herrikoia da. Pentsatzen dut antolaketak bere lana edukiko duela, baina ez du beste munduko gauzarik, ez du asmo basatirik, eta, aldiz, jendeak bere besta egiteko eta jendea ezagutzeko aparta da», esan du. Hegoaldean, berriz, Nafarroa Oinez-en gisako «besta erraldoietara» ohiturik daudela uste du.

Nafarroen arteko zubi

Nafarroaren Eguna txerto batekin alderatu du Bizkaitxipik. «Urtero berpizten digu gure nafartar izateko su ttipi hori». Izan ere, haren irudikoz egunerokotasunean «bortxaz» ez dute euskaltasuna ageri Nafarroa Beherean. Gainera, normalean ikusten ez duen jendearekin elkartzeko aukera izaten du, eta, bidenabar, lagun artean besta egiteko parada. Izan ere, besta eta aldarrikapena uztartzen dituen eguna da, batez ere, azken urteotan izandako aldaketek eraginda. Bizkaitxipi kezkaturik zen duela bospasei urte arte «arrazoirik gabeko besta» bihurtu zelako: «Edozein besta bezalako baten aukera». Baxenabartarrak azaldu duenez, Basaizeako kideek jai ereduaren inguruko gogoeta egin zuten orduan, ohartu baitziren «mozkor egun» bihurtu zela. Bizkaitxipik uste du azken urteetan egoera hori aldatu egin dela eta zentzu osoagoa duela bestak. Gaur egungo jaia honela definituko luke: «Nafarroaren Eguna jendea elkartzeko memento bat da, nafar izatea zer den oroitarazteko eta gure euskalduntasuna sustatzeko».

Lasartek ere antzeko iritzia du Baigorriko bestaren inguruan. «Sinbolismoz» betetako jaia dela uste du. Jarduera kultural gisa hasi bazen ere, denborarekin aldarrikapenak toki nabarmena hartu duela azaldu du. «Ez da soilik Nafarroa bai Behereko baita Garaiko herritarrentzat, bere burua nafar hartzen duten euskaldun guzientzako topaleku bihurtu dugu». Etxarriarrak azaldu duenez, Hegoaldean «arraro» egiten da Nafarroaren Eguna Baigorrin izatea. «Askotan ahazten dugu [Nafarroak] erreinu independente bezala Iparraldean jarraitu zuela hemen [Hegoaldean] baino dezente gehiago, eta niretzat nahiko zeresana badu han egiteak. Agian haiek dira Nafarroaren benetako oinordekoak», azaldu du Lasartek.

Bi Nafarroen banaketa gainditu ahal izateko balio du Nafarroaren Egunak, Nafarroa Behereko eta Garaiko herritarren arteko zubiak eraiki eta sendotzeko. Lasartek eta Bizkaitxipik oso gogoko dute «beste» Nafarroako jendea ezagutzea, eta harreman horiek sortzea beharrezkoa delako ustea dute biek.

Lasartek dantza taldeari esker ezagutu ditu baxenabartar anitz. Garaztarrak dantza taldeko kideekin oso harreman ona dute, eta Baigorrin ere ezagunak ditu Arrola dantza taldean eta Basaizea kultur elkartean. «Harreman ona dut; jende jatorra da», esan du. Nafarroa Garaia ezagun du Bizkaitxipik ere. Gazteago zenean harremanak sortu zituen Baztan aldean batik bat, baina baita Iruñean ere. «Zenbait bestak lagundu egin digute», azaldu du irri eginez. «Biziki ona izan zait gaztetasuneko harreman horiek sortzea eta gaur egun ikustea oraino badirela».

Dena den, lotura sendoagoak beharrezkoak direla nabarmendu dute biek. Bizkaitxipik uste du elkarteen artean harreman estuak daudela, sare zabalak sortu direla azken urteetan, hamar edo hamabost urtez bidea egin delako. Baina harremanak ez dira modu orokorrean zabaldu.

Lasarte ahal duen guzietan joaten da Iparraldera. «Nafarroa Beherera, Zuberoara eta Lapurdira joateak izugarri erakarri izan nau beti». Izan ere, bertako musika eta dantzak biziki gogoko ditu. Kezka bat du: Nafarroa gainontzeko herrialdeetatik banatzen ari da. Haren aburuz, azkenengo hogei urteetan distantzia handitu egin da, eta Nafarroa Garaia «beste kontinente bat» bihurtu dutela dio. Horregatik, Hegoaldearen eta Iparraldearen arteko harremanak sendotzearen aldekoa da etxarriarra. «Iparraldera joatea izugarri pila kostatzen zaigu, eta ez bakarrik komunikazio txarrengatik, baizik eta alferkeriagatik». Elkarrekin proiektu gehiago egitea onuragarria dela uste du; «posible da, eta merezi du».

Igandean, goizean goiz hasiko da besta, eta gauera arte gozatzeko aukera izanen da. Txoko guztietako euskaldunak bilduko dira Baigorrin, haien artean, urtero bezala, Bizkaitxipi eta Lasarte. Besta egin, aspaldiko lagunekin egon, eta harreman berriak sortzeko baliatuko dute. Eta, nola ez, nafar nortasuna dantza eta kantu artean aldarrikatuko dute.

Mikel Lasarte, Ortzadar folklore taldeak Iruñean duen egoitzan, dantzatzeko jantziekin. / IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS


Mirentxu Bizkaitxipi, Nafarroa Behereko Arrosa herria atzean duela. / BERRIA

Dokumentuaren akzioak