Dokumentuaren akzioak
Nafar dantzak dira IX. Hondarribia dantzan jaialdiko protagonistak
Kemenek eta Udalak antolatuta, Arizkun, Ablitas eta Igantziko taldeak etorriko dira larunbatean
Asteburu honetan egingo da IX. Hondarribia Dantzan jaialdia, Nafarroako dantzak protagonista izango dituena, aurtengo gonbidatu nagusiak Arizkun, Ablitas eta Igantziko dantza taldeak izango baitira.
Jaialdi hau Hondarribiko Udalak eta Irungo Kemen dantza taldeak antolatzen dute eta bere helburua, “euskal dantza kultura eta folklorearen aberastasun eta aniztasuna erakustea” direla ekarri du gogora Kemeneko presidente den Eder Valladaresek.
“Urtero, ardatz baten inguruan” prestatu ohi dute programazioa, “dela musikaren ildotik edo lurralde edo probintzika; azken hau da aurtengo kasua eta asteburu honetan, Hondarribia Dantzanen, Nafarroako dantza desberdinak ikusi eta ezagutu” ahalko direla esan du antolakuntzako kideak.
“Arizkunetik etorriko da Baztandarrak Dantza Taldea eta honek gure artean ezagunak diren Baztango gizon-dantzak eta sagar-dantza erakutsiko ditu larunbatean Madalen plazatxoan. Igantziko Dantzariek, azken hamarkadan berreskuratu den San Migel eguneko ezpata-dantza “berezia eta oso gutxi ezagu-tzen dena” ekarriko dute eszenatoki berdinera eta Ablitaseko Mendianike Dantza Taldeak, “herri honetan egiten den Paloteadoaren errepresentazioko dantza eta pliego deiturikoak ere” erakutsiko dituela azaldu du Eder Valladaresek.
Urtero bezala, “Euskal Herriko dantzen altxor eta bitxikeria asko” ezagutzeko aukera emango du larunbateko saio honek eta ondoren “jende guztiari zabalik egongo den erromeriarekin” amaituko da eguna.
Beste ekitaldiak Baina larunbatean gonbidatu nagusi izango diren nafar taldeak aparte, izango da besterik IX. Hondarribian Dantzan honetan.
Alde batetik, eta ohi bezala, astelehenean hasi eta bihar arte, larrain dantza ikastaroa egiten ari dira, doan, Hondarribiko Kultur Etxean, Kemeneko dantzarien eskutik, bertaratu nahi duen edonorentzat.
Eta hitzordu finkoa izaten da ere euskal dantza eta folklorearen inguruan, urtero, Hondarribia Dantzanen baitan programatu ohi den hi-tzaldia. Oraingoan, ostiralean 20.00etan, Kultur Etxean bertan, Jon Iruretagoiena izango da hizlari eta bere hitzaldiaren izenburua, Nondik nora? Dantzaren, Maskaraden eta dantza-maisuen historia.
“Jon Iruretagoiena, Maritzuli konpainiako kide da, oso gaztea baina eskarmentu handiko ikerlaria dantzen jatorria eta bilakaeraren inguruan; hitzaldian, zenbait dan-tzak denborarekin jauregietatik plazetara nola salto egin zutenari buruz” ariko dela azaldu dute antolatzaileek.
Txikiak, igandean Ez da faltako ez, IX. Hondarribia Dantzan honetan, jaialdi txiki honetako ezaugarria den beste ekitaldia. Igande goizean, Adaxka Eguna ospatuko dute Kemenen harrobiko taldeek. “Une honetan, bai gure egoitzan, bai Hondarribiko Talaia eskolan eta Musika Eskolan, baita Irungo Eguzkitza, La Salle eta Txingudin, guztira, 300 ume inguru aritzen dira dantza ikasten. Igandean, horietatik 200 inguru edo elkartuko dira Hondarribia Dantzanen baitan egingo duten Adaxka Egunean”, esan du Kemeneko buruak.
“Madalen plazatxoan 11.00etan elkartuko dira eta bi zutabetan banatuta, kalejira egingo dute herrian barrena, 12.00etan, Arma plazan, dantza agerketa egin aurretik”, azaldu du Eder Valladaresek.
Aurtengoa amaitu ere ez den honetan, Kemenekoek badituzte datorren urteko X. Hondarribia Dantzanerako ideiak buruan. “Zer edo zer berezia egitea gustatuko litzaiguke, baina ez halako diru esfortzu handia suposatuko lukeena; nahiago dugu jaialdiak jarraipena izatea eta poliki haztea”, aitortu du Valladaresek.
Programa
Bihar arte. Denda kaleko Kultur Etxean, Larrain Dantza ikastaroa, doan, 19.00tatik 20.30era.
Ostiralean. Kultur Etxean, 20.00etan, Ion Iruretagoienaren hitzaldia: Nondik nora? Dantzaren, Maskaraden eta dantza-maisuen historia
Larunbatean. Igantziko Dantzariak, Baztandarrak Dantza Taldea eta Ablitaseko Mendianike Dantza taldea kalez-kale ibiliko dira 17.30etik aurrera eta ondoren,18.30ean, dantza agerketa egingo dute Madalen plazatxoan. Eguna amaitzeko, 20.30etan hasita, erromeria izango da bertan.
Igandean. Adaxka Eguna ospatuko dute Kemenen harrobiko taldeek. Kalejiran aterako dira 11.00etan eta 12.00etan, Arma plazan dantzatuko dute.
Zenbakia
300
Ume ari dira Kemen Dantzataldearekin euskal dantzak ikasten, Adaxka izena duen bere harrobiko taldeetan. Irungo egoitzan aritzen dira batzuek eta beste asko Hondarribiko Talaia eskolan eta Musika Eskolan alde batetik eta Irungo La Salle, Eguzkitza eta Txingudi ikastetxeetan ematen dituzten dantza eskoletan. Igandean, Hondarribian, 200en batek egingo dute dantza Adaxka Eguna deitutakoan.
Arizkuneko Dantzariak, herri honetako sagar-dantza egiten.
Dokumentuaren akzioak