Dokumentuaren akzioak
Nacho Duato gidari, Espainiako Dantza Konpainia Nazionalak lau lan eskainiko ditu Arriaga antzokian
Geldiezin dabil. Urtean hainbat koreografia landu, taldea zuzendu, bestelako proiektuetan parte hartu publizitateari begira haietako batzuk,... Dantza praktikatzeari utzi zionetik kezkaturik zegoen Nacho Duato, ez zekien denbora zertan igaroko zuen. Hodei ilun guztiak desagertu egin dira. Profesionalki garai ezin hobea duen seinale dira azken hilabeteetan agertokietara eraman dituen obrak. Haietako bi Sueños de éter eta Castratti Arriaga antzokiak jasoko ditu, gaur hasi eta igandea bitartean. Espainiako Dantza Konpainia Nazionaleko hogeita hamar partaideek interpretatuko dituzte haiek, eta Jiri Kylianen zein Mats Ekyren koreografia banarekin No more play eta Solo for two, hurrenez hurren osatuko dute egitaraua.
Marcel Landowskiren musika sostengu indartsua du Sueños de éter-ek. Poztasuna, gogoeta, tristezia, frustrazioa, desira; obrak sentimenduen munduan barna eramango du ikuslea, ametsak amesgaiztoetatik bereiztea zaila den mundu onirikoan barna. Egiazki, Duatok Nederlands Dans Theatre konpainia ezagunarentzat konposatu zuen Sueños de éter, 1986an. Sei urte geroago, Dantza Konpainia Nazionalaren bidez agertokietara itzularazi du aipatu obra. Jiri Kylianen No more play ere Holandako taldeak antzezteko jaio zen. Anton Webernen musika oinarri duen koreografiak joko bat proposatzen du, aurrera egin ahala geroz eta arriskutsuagoa den jokoa hain zuzen.
Klasikotik garaikidera
Bestalde, Duatoren Castratti eta Mats Ekyren Solo for two dantza moderno eta klasikoaren artean kokatzen dira. Lehenengoak XVI. mendean gizonezko opera abeslarien drama kontatzen du. Garai hartan, emakumeek debekaturik zeukaten agertokietara igotzea, eta gizonezkoek betetzen zituzten rol guztiak. Operaren kasuan, ahots ederra izan zezaten, gizon horiek zikiratu egiten zituzten. Orduko kontuak gaur egungo ikuspegitik aztertu ditu Nacho Duatok Castratti-n. Solo for two-k, berriz, umorea, probokazioa eta arazo psikologikoak planteatzen ditu. Horretarako, Eky dantza garaikide eta klasikoaren teknikez baliatu da.
Dokumentuaren akzioak