Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mutilek ez dute dantza egiten

Dokumentuaren akzioak

Mutilek ez dute dantza egiten

Gizarte Antropologia irakaslea. Euskal Herriko Unibertsitatea

Ume batzuk ari dira jolasean Waleseko hondartza batean. Bertan harri asko daude, tamaina guztietakoak, erakargarriak. Bata bestearen kontra jotzen ari dira. Gizon bat hurbildu da. Altua da, argala. «Mesedez, esan harriak ez puskatzeko, pusketa txikiren bat begietan sartzen bazaie, akabo». Nirekin ari da. Pentsakor geratu naiz. Umeei bere mezua helarazi eta gero, gizonari begira jarri naiz. Mesfidantza-edo ikusiko zuen nire begietan. «Bizitza osoan lan egin dut harriak lantzen, horregatik dakit arriskutsua izan daitekeela». Hori esanda, bere bizitza-historia kontatzeari ekin dio.
Egilea
Jone M. Hernandez
Komunikabidea
Berria
Mota
Iritzia
Data
2013/07/21
Lotura
Berria

Berak dantzaria izan nahi zuen. Dantza maite du beste ezeren gainetik, baina mehatze-herri batean bizi zen, eta han ezinezkoa zen mutil dantzaria izatea. Mutilek gizonak zirela erakutsi behar zuten, futbola edota errugbia egitea zegokien. Ez zegoen besterik. Bere lagun bati berdina gertatu zitzaion. Dantza munduan sartu zen, baina burlak, barreak… ingurunearen presioarengatik utzi zuen.

Bere familiaren historia harriarekin zegoen lotua, eta bide hori jarraitzea erabaki zuen. Egun, erretiratuta dago, eta, herrena bada ere (eliza bateko teilatuan lanean ari zela erori egin zen), astero joaten da dantza ikastera eta erakustera.

Historia hori Euskal Herrian kokatuta egon zitekeen. Hemen ere mutilak ez dute dantza egiten: behintzat, ez oholtza gainean, eta egiten duten gutxia, ez edozein motatako dantza. Gizonezkoentzako (espresuki) ezarritako dantzak izan behar dute (euskal dantza munduan hainbat adibide daude); giro maskulino/maskulinizatu batean egindakoak (rock, heavy edota punk kontzertu batean, esate baterako) edota ingurune maskulino/maskulinizatu batean sortutakoak (hip hop edota break dancearen munduari lotutakoak, esate baterako). Mutil horien sexualitatearen inguruan zalantzarik sortzen ez duten dantzak izan behar dute, derrigorrean.

Egun hauetan, Asier Illarramendi malkoak dariola agertu da komunikabideetan. Ohikoa da futbol txapelketetan horrelako eszenak ikusteak: futbolariak irabazi edo galdu eta gero malkotan, ahul, gaindituta. Izen handien kasuan ere, izar diren horiek zaurigarri, sentikor agertzen dira tarteka. Baina inork ez du zalantzan jartzen negarra egiten duen futbolari baten maskulinitatea edo dena delakoa. Zergatik? Ziur aski, testuingurua berez, definizioz, maskulinoa delako. Horrek aukera ematen die beldurrik gabe euren emozioak adierazteko, bai negarra, baina baita ere laguntasuna, adiskidetasuna edo maitasuna.

Futbola, egun, nagusiki, boterea da, negozioa, politika, fama, dirua… Gizonezkoen mundua. Emakumeak parte dira, baina finalak, audientziak, futbol zelai beteak, kinielak, prestigioa, kromoak… horietan guztietan protagonistak gizonezkoak dira. Gure ingurunean horrela da. Carmen Diez antropologoak futbola «gizonezkoen etxe» gisa definitu izan du, eta ezin hobeto azaldu du, nola ikasten/irakasten den futbol zelaian gizon izaten. Azken finean, gure gizartean nabarmentzen den kezka bat baldin badago hori neskak neskak bihurtzea eta mutilak mutilak bihurtzea da. Familian, eskolan… mila estrategia erabiltzen dira hori ziurtatzeko. «Zu neska zara», «zu mutila zara», beraz, hau «neskena da» eta hau «mutilena da».

Heteronormatibitatea eta, horrekin batera, gizarte ordena gorde eta ziurtatu behar da.

Eta ordena sozial horren erakusle ezin hobeak dira kurtso bukaerako emanaldiak. Ikastetxeetan, kultur etxeetan, musika eskoletan, herriko plazetan ikasturteko azken asteetan izan ohi diren erakustaldiak, alegia. Horietan kirolak protagonismo txikiagoa izaten du (horretarako badira asteburu guztietan jokatzen diren partidak eta bestelako lehiak), eta aldiz, aipatu datetan musika eta dantza izaten dira nagusi. Lagin txiki bat har daiteke, Euskal Herriko edozein tokian, eta nabarmen geratuko da zeintzuk hartzen duten ekitaldi horien erdigunea: neskek. Tradizioak gorde egin behar badira neskak hor, azken erritmoak dantzatu behar badira, neskak hor.

Kirola/kultura dikotomia gero eta argiagoa agertzen ari da, eta hori aurretik aipatutako binomioarekin lotzeko arriskua dago: mutilek kirola egin behar dute; neskek joera dute kultur ekintzetarako… Oso zabalduta dagoen diskurtsoa da. Dena natural, dena ordenean. Gauza bakoitza bere tokian. «Primeran dago mutilak balletean aritzea, baina, aukeran, herriko futbol edo errugbi taldean sar dadila» da gurasoen artean nagusitzen den pentsamendua.

Halere, gure tradizioan dantzari gizonezko asko izan dira. Beste garai batzuk ziren, frankismoa, euskara eta euskal kulturarentzat dena debekua zenean. Orduan, musika eta dantza ziren identitatea eta nortasuna adierazteko zirrikitu ia bakarrak. Eremu politiko bilakatu ziren, abertzaletasunarekin lotzen zirelako. Ezin hobeto azaltzen zuen garai hartako giroa Iñaki Irigoien dantzariak, egin zioten elkarrizketa batean (BERRIA, 2013-06-09). Argi dago, egun elementu horiek (politika, identitatea, nortasuna, abertzaletasuna) beste adierazpide batzuk dituztela. Eta (gizarte) ordenari jarraituz, gizonezkoak hor (beste adierazpide horietan) dira nagusi.

Michelle Rosaldok —antropologia feministaren aitzindarietariko batek— esan zuen emozioak ekintzak ere bazirela. Modu horretan, emozioen dimentsio kolektiboa ere aldarrikatu zuen. Beste egile batzuek «erregimen emozionalez» ere hitz egin dute. Horren arabera, gizarte bakoitzean zein adierazpen emozional normaltzat jotzen diren eta zeintzuk ez definitzen dira; era berean, sexuen arteko emozioen banaketa ere ezartzen da. Emozioen kudeaketan ere, Wales eta Euskal Herria bidelagun.

Dokumentuaren akzioak