Orain dela urtebete, Euskal Herriko dantza konpainia ezagun bateko zuzendariak deitu zidan bere emanaldiak bideratzeko mutil dantzari faltan zegoela adieraziz eta, etsipenak jota, mutil dantzaririk ezagutzen nuen galdetuz. Dantza munduan azken hamarkadetan mutilen parte hartzearen atzerakada nabarmena zela konturatua nengoen, baina zuzendari haren deiaren ondorioz, egoera pentsatzen nuena baino kritikoagoa dela konturatu nintzen.
Iritzi artikulu hau idazteko gaiaren inguruan informazioa biltzen hasi naiz, eta topatu dudan lehenengo titularra Jon Maya dantzariak irratsaio batean adierazitakoa da: "Urte gutxi barru, ez da mutilik egongo diziplina artistikoetan". Ezin ukatu, beraz, errealitateak kolore beltza duela.
Azken hamarkadetan atzerakada nabarmena izan du mutilen presentziak diziplina artistikoetan. Ni haurra nintzenean ere, nesken presentzia askoz handiagoa zen dantzan, baina mutil talde bat osatzen zen gutxienez. Euskal dantzetan zortzi dantzariz osatutako dantza desberdin ugari daude, eta nesken talde asko egoten baziren ere, mutilen talde bat edo bi osatzen ziren. Gaur egun horrek ezinezkoa dirudi. Dantza munduan sakonduz, gainera, diziplina desberdinen artean diferentziak handitu egiten omen dira: euskal dantza edo dantza modernoan gutxi izan arren, mutil banaka batzuk egon omen daitezke. Dantza klasikoan, ordea, oso zaila omen da mutil bat topatzea.
Dantzako hainbat irakaslerekin hitz egiteko aukera izan dut, eta denek berdina adierazi zidaten: hots, 6-8 urte bitarteko mutil gutxi batzuk hasi egiten direla diziplina artistikoetan lehen pausoak ematen, baina berehala uzten dutela. Arrazoi desberdinak tarteko, baina alde batetik edo bestetik, hitz bat aipatu dute irakasle hauek: "Lotsa". Azkenean, inguruko lagunek zer esan dezaketen badu bere pisua, eta gehiengoak egiten dituen ekintzetan parte hartzeko joera ere hor dago: bat dela eta bestela dela, azkenean dantza mundua mutilik gabe geratzen ari da, zoritxarrez.
Gizarte gisa zerbait egin dezakegun galdetzen diot nire buruari. Ukaezina da erakunde publikoetan bideratzen diren politika aktiboek inpaktua izaten dutela. Kirolaren arloan emakumearen parte hartzea sustatzeko politika aktiboak egin dira azken hamarkadetan, eta emaitza positiboak izan dira, nahiz eta oraindik ere badagoen zer egina maila profesionalean eta erreferenteen ezagutzan. Baina oro har esan genezake haur, gazte, zein helduetan emakumeen partehartzea asko ugaritu dela azken hamarkadetan. Posible izango al genuke sorkuntza eta arte disziplinetan berdina egitea gizonen presentzia areagotzeko?
Gai horren inguruan eta modu isolatuan bada ere, dantzaren munduan bada itxaropenaren atea irekitzen duen "oasi" bat: Getariako Konpartsa. 1985etik herriko festetan gai baten inguruko dantza ikuskizun bat eskaintzen da bi urtetik behin, eta bertan, neska eta mutilen parte hartze paritarioa bermatzen da. 60 neska eta 60 mutilez osaturiko taldeak bi hilabetez entseguak egin eta izugarrizko ikuskizuna eskaintzen diote herriari, dantza egiteko eta dantzaz gozatzeko aukera generoaren auziaz haratago dagoela erakutsiz. Konpartsa antolatzen duten batzordekideen eta udalaren arteko elkarlanari esker, urte hartan lortutakoa gaur egunera arte iristea lortu dute herri horretan eta, zorionez, 2025. urtean ere mutilak dantza eta sorkuntzan egon daitezkeela erakutsiko da.
Beraz, ez dut itxaropena galduko, eta norbanakotik hasita, ea gizarte bezala egoera honi buelta emateko gaitasuna izaten dugun. Dantzari hegalik moztu gabe, izan dezala bakoitzak dantza egiteko edo dantzaz gozatzeko aukera!



