Dokumentuaren akzioak
«Mutil gutxi ikusten denez dantzan, arreta gehiago pizten dute»
Izar Etxeberriak 21 urte ditu, Eskola dantza-taldeko kidea da eta lau aldiz jarraian nagusitu da Soinu Zahar dantza-txapelketan
Azaldu zer lan izaten duzuen Soinu Zahar Txapelketan.
Ekitaldi berean mutilen txapelketa izan ohi da, batetik, eta neskena bestetik. Antzeko lana egiten dugu. Neskok, hasteko, sarrera moduko dantza bat egiten dugu taldean, hirunaka, girotzen hasteko. Euskal Dantzarien Biltzarrak erabakitzen du aurkezpen-dantza hori. Eta gero dantzari bakoitzak dantzatu behar du sortu duen dantza. Gure kasuan, ‘Erribera’, ‘Upelategi’ eta ‘Agurra’ dantzatu behar ditugu.
Beraz, dantzari bakoitzak bertsio ezberdina egiten du dantza horiena.
Baina marko baten barruan betiere. Hor badaude beti arau eta neurri batzuk errespetatu beharrekoak, baina haien barruan mugituz gero nahiko askatasuna daukagu. ‘Erribera’ luzexeagoa da ‘Upelategi’ baino.
Juan Ignazio Iztuetak jasotako dantzak dira, ezta?
Bai, hala da. Soinu Zaharren bilduma 24 dantzakoa da.
Aurten, hiru aldiz irabazi eta gero, ba al zenuen presio psikologikorik?
Esaten nuen: laugarrena izanda, lasai joan beharko nuke. Baina nerbioak neuzkan, bai. Hala ere, behin dantzan hasita disfrutatu egin nuen.
Eta nola dantzatu erabakitzeko garaian ba al duzu aholkularirik?
Bai, irakaslea daukat nik: Nagore Ugaldebere. Berak esaten digu zer dagoen ondo eta zer aldatu daitekeen. Berak bideratzen gaitu.
Dantza egiteko indarra behar da?
Bai, hasteko hanketan. Bestela musika galduko duzu. Bai, oholtzan esfortzua egin behar da.
Nola prestatzen zara fisikoki? Gimnasioan ere aritzen zara?
Eskola izeneko dantza-taldean dantzatzen dut, Donostian, eta hori nahiko ariketa izaten da. Horrek laguntzen dit mantentzen kurtso osoan zehar. Eta txapelketa hau gerturatu ahala, hasten gara lan indibiduala egiten.
Lortu behar dena da gorputz osoaren koordinazioa, baina koordinazio airoso bat, nolabait esateko.
Azken batean, disfrutatzea.
Pisurik ez balego bezala dantzatzea.
Bai, hori. Ikusten baduzu dantzaria disfrutatzen ari dela, irribarrez dagoela, hori gauza oso polita da. Eta, aldiz, pertsona bat dantzan astun ari baldin bada...
Pentsatzen dut urteen poderioz arintasun handi bat lortuko zenuela.
Bai, lasai dantzatzen dut, eta irribarretsu. Hori esaten didate, irribarretsu egiten dudala dantzan.
Ba al dago dantza-urratsik ikasten gehiago kostatu zaizunik?
Txorrotxak, saltoak... horiek gehixeago kostatu izan zaizkit. Baina entseatuta, azkenean denak ongi joan dira.
Bada, gero, Soinu Zahar Txapelketa lau aldiz jarraian irabaztea!
Sei aldiz aurkeztu naiz, lehenbiziko aldiz 16 urte nituela.
Eta Seguran, dantza sueltoko txapelketan inoiz jardun al zara?
Bai, bi aldiz, baina han sekula ez naiz txapeldun atera. Hura bikoteka izaten da, eta banaka hobeto moldatzen naiz, ikusten denez.
Baina bikoteka dantzatzea ere gauza ederra izango da.
Bai, asko disfrutatzen da. Hango pausoak ere bixiagoak izaten dira. Niri azkarrago pasatzen zaizkit sueltoko txapelketak.
Gaur ezkontza batean dantza egin omen duzu. Askotan izaten duzu lan mota hori?
Eskola dantza-taldean beti edukitzen ditugu deiak ezkontzen denboraldia izaten denean, ez urte osoan zehar. Eskaria handia da, bai. Ezkontzakoek esaten dute zenbat dantzari nahi duten.
Horren bidez diru pixka bat lortuko duzue, gero urtean zehar izaten diren gastuei aurre egin ahal izateko.
Ez naiz horretaz pentsatzen inoiz jarri, baina egia da txapelketetan dieta bat ematen digutela, eta taldeak ere diru pixka bat ematen digula ezkontzetara joaten garenean, han denbora pasatzen dugu eta. Baina alderdi ekonomikoari ez diot garrantzi handirik ematen.
Miretsi izan duzu norbait euskal dantzaren mundutxo honetan?
Ez daukat inor esateko. Dantzari oso onak daude, noski, eta konpainia onak ere bai.
Hasiko zinateke euskal dantza garaikideko konpainia horietakoren batean lanean?
Bai, hori ere probatzea ondo egongo litzateke. Eta ez bazait gustatzen berriro itzul zaitezke oraingo situaziora.
Zuretzat dantza zera izango da, gozamena.
Dudarik gabe! Denbora librean egiten dut eta asko disfrutatzen dut.
Eta dantza egin ostean umore oneko egongo zara.
Halaxe da. Dantzak asko lagundu dit neure buruarekin lasaitzen. Gainera, Eskolan oso giro ona daukagu.
Eskola taldean gehiago zarete neskak mutilak baino?
Bai, betikoa. Hogeita hamar bat lagun izango gara, eta ez ditugu mutil asko. Neskok izaten dugu pisu gehiena.
Lehen, esaten zen mutilen euskal dantzak espektakularragoak izaten zirela. Hori ari da aldatzen, ezta?
Azken finean pausoak nahiko antzekoak ditugu, bai mutilek bai neskek. Baina niri iruditzen zait, mutil gutxi ikusten denez dantzan, azkenean mutilek arreta gehiago pizten dutela.
Hitz egin dezagun pixka bat jantziez.
Jantzi erosoak nahi izaten ditut, batik bat txapelketetan. Eta ahalik eta arinenak. Pisua nabaritu egiten da gero, saltoak eta bueltak ematean.
Etxean izan duzu aurrekaririk?
Ez, gurasoak ez dira dantzariak izan. Baina asko lagundu didate.
Dokumentuaren akzioak