Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Mutil dantzen aferan bertzek disfrutatuko du guk sufritu duguna»

Dokumentuaren akzioak

«Mutil dantzen aferan bertzek disfrutatuko du guk sufritu duguna»

Zozoen elean (V). Maitane Maritorena. Irakaslea, mutil dantzaria, Hilbeltzaren antolatzailea

Mundua mundu denez gero lehenbizikoz, hirian bizi da giza emakumea herrian baino gehiago. Haatik, hiruretan hogeita hamar arimako Anizen bizi da Maitane Maritorena, goitiko kaskotik beheitiko anabasatik bezainbat munduari begira. Eta hirigintza proiektu dimentsio oroz gaindikoak, eta emakumeen berdintasun eza, eta euskararen neke eta ezinak, Belateko malda pikoan goitiko Baztanen ere.
Egilea
Miel A. Elustondo
Komunikabidea
Berria
Mota
Elkarrizketa
Data
2018/08/26
Lotura
Berria

Etxerat ezin joan ilundu artean,

egoten ohi dira zozoen elean

Jean Martin Hiribarren

Anizen sortua da zuen familia, ez bart arratsean, seguru.

Aspaldiko mendetik hona han sortuak gaituzu, belaunaldiz belaunaldi. Hamaika etxe ziren lehen Anizen, gaur egun hogeita bortz dira, eta baserri bakarra. Etxe guziek badute bere izena, eta gu etxeko izenak gara, Petrinekoak. Amaren aldetik, aitatxi Jauregikoa zen eta amatxi Etxenikekoa. Pena, orai galtzen ari da hori. nahiz eta iduritzen zaidan buelta emanen duela. Guk «bagoaz Indara... bagoaz Jauregira» erraten dugu. Gaurko haurrek, banoa halakoren etxera... Anizek badu, bertzalde, erranairu bat Baztango bertze herriek ez dutena: «Hamaika etxe, hamaika labe, hogeita bi zetabe, bat bertzearen behartu gabe». Eta erranairuak badu erranahia ere, hamaika etxe horiek heldu baitira XVI. mendeko artxiboetan. Etxe bakoitzak bazuen bere labea gaur egun hiruk mantentzen dute, bere zetabea, eta bazuen bere jana, bertze inortaz behartu gabe.

Auzolana bizi-bizirik da Anizen.

Bai. Herria auzolan bidez ateratzen dugu aitzinerat. Bide bazterrak, sasiak... auzolanka garbitzen ditugu, ur kontuak ere bai. Bestak denon artean antolatzen ditugu, auzolanak egiten ditugu, batzarretara etxe bakoitzetik beti bat joaten da... badugu komunitate espiritua. Lehen, gauza guzietarako etxea zen Anizen, etxekalka zen dena: eliza garbitzeko, auzolanetako... Orai jendeka da. Gure herrian beti ezagutu dut auzolana. Goizean egiten da lana, eta pinta erdia gero. Lehen, pinta erdia arno eta xardinak. Gaur egun, auzolana egin eta, iluntzean, herriak jendeari afaltzerat ematen dio. Anizen badugu, naski, barridearen berri!

Emigrazioa du garai bateko ezaugarri Baztanek.

Gure etxean, aitaren aldeko aitatxiren lau haurride baziren emigratuak: bi Argentinara joanak, eta bertze bi Kaliforniarat; tartean, gure aitatxi. Argentinarat joandakoak han gelditu ziren eta Kaliforniarat joandakoak itzuli. Amaren aldetik aitatxiren haurrideak ere harat joanak ziren, Rosariora, eta itzuliak. Guretako hurbilena, berriz, etxean izan duguna da osaba, Juan Jose Azkarate, amaren anaia. Artzain joan zen AEBetara. Hiruretan eta hogeita lauan joan zen, hemen soldaduzka ez egiteagatik. Zortzi urtetarik behin-edo etortzen zen Petrinekora, amak etxea maiorazkoz hartua baitzuen. Sortetxera etortzen ziren haurride guziak. Osaba jubilazione esperoan ari zen honat etortzeko alde bat, betiko bizitzera, baina 2010ean hil zen, Renon [Nevada, AEB]. Hegaldia erosia zuen uztailaren 8an etortzeko, baina lehenago hil zen eta egun horretan ailegatu ginen gu honat bere errautsekin.

Etxekoa duzue abertzaletasun historikoaren aitzindarietakoa Nafarroan.

Gure birraitatxi Jose Azkarate, Napar Buru Batzarrekoa, eta hemengo PNVko buru. Bilbon izan zen 1932an Aberri Eguneko ekitaldietan, nafar ordezkari. Eskuaraz eman zuen solasaldia, nahiz espainolez aritzen omen zen. Ez dakit xuxen. Predikatu egiten zuen! Arras euskaltzalea, segur, gure aitatxi zen, Pello Mari, gurekin bizi zen. Euskaltzalea arras-arras.

Herri ttikitik hirira, Euskal filologia ikasketak egin zenituen Gasteizen.

Oroitzen naiz hantxe ibili nuela «kuadrila» hitza lehenbiziko aldiz. Denek bazuten kuadrilla, eta nik ere, doike, ez nuen gutiago izan behar. Guk ez dugu kuadrillarik Anizen, denak bat gara. Ttar-ttar-ttarretik euskarazko maistra izan nahi nuen. Oroitzen naiz, Batxilergo hondar kurtsoan erdiek baino aise gehiagok ez zekiten zer estudiatu nahi zuten. Nik bai. Eta beharrik argi nuen! Bertze gisa Gasteizera joan eta bigarren eguneko etxean nintzen! Utziko nuen karrera. Unibertsitatean ikasten, sufritu nuen gogotik hiriko bizimodu hori, eta espainolez! Igogailuan parekoarekin zer solas eman ez dakizula. Arras gogorra egin zitzaidan. Baina orai berriz estudiatu beharko banu, berriz eginen nuke Euskal filologia. Ez naiz urrikitzen!

Lekarozko institutuan irakasle zaitugula, jomugan izan da aurten institutua, Ernesto Prat Urzainkiren Telleria eta gero zer? liburua dela eta ez dela.

Ebaluazio bakoitzean ikasleek leitu behar dute irakurgai bat, eta irailean berean ematen diegu ikasleei programazioa, gurasoek sinatzen dute, itzultzen digute eta ez da ja pasatzen. Joan den kurtsoan, handik bertzeko, abenduan edo ilbeltzean publikatu zuen karta ama batek Nafarroan gehien saltzen den periodikoan, erranez, espainol garbi-garbian, ikasleak adoktrinatzen ditugula. Hasten zuen karta erranez ez zuela ja institutuaren kontra, baina departamendu jakin batek aholkatu zuela liburua, eta liburua zuzenean lotuta zegoela Aroztegiarekin, eta Aroztegiak polemika gogorra sortu duela Baztanen eta iduritzen zitzaiola ikasleak adoktrinatzen edo politizatzen ari ginela. Kanpoan nengoen —soldatarik gabeko baimen batekin Argentinarat joana—, baina segitu dut kasua hurretik. Eta beharrik ez nengoen hemen, bertze gisa ez dakit nola jokatuko nukeen, zeren, gainera, zuzenean aipatzen ninduen.

Ez zen zure izenik ageri...

Baina denok bagenekien ni nintzela ama horrek seinalatzen zuen irakaslea, han paratzen zituen ezaugarriengatik. Ama hori eta biok, bertzalde, legegintzaldi berean zinegotzi izanak ginen; bera UPNtik, eta ni Bildutik... Orduan, euskara departamenduak karta egin zuen zertaz hartu zen liburu hori, zein irizpide pedagogikorekin —nobela beltza, bertako idazlea, gure hezkuntza komunitateak leitzeko ezaugarri guziak betetzen zituela—, eta institutuan klaustroa egin zen, gutuna publiko egin ala ez erabakitzeko. Eta hiruretan hogei lagunetik gehiengoak bat egin zuen gutunarekin, baina hamahiruk erran zuten ez zutela euskara departamenduaren gutunarekin bat egiten.

Telleria eta gero, zer? dio delako liburuaren izenburuak, Aroztegia eta gero, zer? plataformaren izenarekin bat eginik.

Aspaldixkoko afera da. Lekarozen egin nahi dituzte 228 bizitza, lau izarreko hotela, golf zelaia... 340 biztanle ditu Lekarozek, eta 228 etxebizitza herri berri bat erran nahiko luke horrek. 700 pertsona, hiru pertsonako familia nukleoaren arabera! Hamaseigarren herria izanen zen Baztanen! Bertzalde, 800 etxe huts ere badira Baztanen! Etxe beharretan ez dira. Argumentua da, berriz ere, turismoa. Baina hori gabe ere ikaragarrizko turismo pila ere bada. Ez dakit zer turismo mota nahi duten. Turismoa baldin bada argudioa, hotelarekin bakarrik askiko litzateke.

Nafarroako gobernuko lehendakariorde Manu Aierdi ere Lekarozen izan zenuten 2016ko udaberrian, proiektuaren alde mintzo.

Aroztegiaren defendatzaile sutsu da nafar gobernua. 2015ean, hauteskunde atarian, proiektua Udalaz Gaindiko Eragina duen Plan gisa tramitatzea onartu zuen UPNren gobernuak, eta urte berean, gobernu berriak UGEPari segitzea erabaki zuen. Nafarroako gobernuko akordio programatikoan desadostasunen atalean sartu dute Aroztegiako afera, aldaketaren gobernua deitzen duten lau alderdietarik bakarra da horren alde dagoena, Geroa Bai, eta hala ere, aitzinerat segitzen dute. Dolores Redondo idazleak ere Aroztegia gibeleko aldean duela egin du bere liburuen promozioa. Hor bada azpiko estrategia mekanismo bat, ikusten ez dena, soka luzea duena, doike.

Aroztegia, batetik, mutil dantzak, bertzetik. Irun-Hondarribietan alardea, mutil dantzak Baztanen.

Ez da konparatzen ahal alardearekin. Batak eta bertzeak duten dimentsioa diferentea delakoz, baina oinarri-oinarrian gatazka berbera da, eta emakumeen bazterketa normalizatzeko erabiltzen diren ustezko argudioak ere bai. Han urtean behin egiten da, ehunka lagunek parte hartzen dute eta alimaleko dimentsioa du. Hemen baditugu hamabortz herri, dantza herrikoiak dira, afera diferentea dute herri bakoitzean... Elizondoko kasua aparte da, herri koxkorrena baita: haur mutikoek, gazteek eta gizonek dantza egiten zuten, eta neskak sartu zirelarik, gizonezko batzuek dantzatzeari utzi zioten. Gaur egun, herriko plazan dantzatzen da, bazterketarik gabe, eta mutil dantzari baztertzaileak joaten dira Elizondoko elizara, eta han dantzatzen dute herriko plazan mutil dantzak dantzatzen diren tenore berean! Pribatizatu egin dute beren mutil dantza. 2013an sortu zuten Baztango mutildantzari taldea. Helburu bakarra zen emakumerik dantzatzen ahal ez duten talde bat sortzea. Taldea sortu zutelarik izena emateko aukera eman zuten, izena ematera joan ginen, baina ez ziguten taldean sartzen utzi. Mutil dantzen aferan eta Irun eta Hondarribiko alardeetan erabiltzen diren argumentuak ber-ber-berberak dira! «Tradizioa ez da aldatzen ahal! Sentimendu hau ez da hitzez esplikatzen ahal! Ez zarete hemengoak eta ez duzue entenditzen!».

Argumentuak berak, diozu.

Kasu! Mutil dantzari baztertzaile batzuk Iruñean arras aurrerakoiak dira! Zeren mutil dantzen afera ez da berdintasun afera, beren argumentuetan. Ez du ja ikustekorik. Omen. Mutil dantzari baztertzaileak Baztanen, alarde mistoaren aldekoak dira Irunen eta Hondarribian! Ez dute loturarik egiten, ez horren gibelean dagoena ikusten. «Doike, ez ezazu konparatu, faborez!», diote. Tradizioaren izenean mintzatzen dira, tradizioa aldaezina balitz bezala, nahiz aldaketa onartu duten beztimentan, dantzatzeko tenorean, mutiko-mutil-gizonek dantzatzean... Onartzen ez duten aldaketa bakarra emakumeen parte hartzea izan da.

Noizdanik sortua da afera?

Badira fotografiak, 70eko hamarkadakoak, Erratzun, andre bat dantzan erakusten dutenak. Ez zen aferarik izan. Geroztik ere sartu izan dira emaztekiak, nor bere herrian. Nik gogoan dudan lehenbiziko kalapita 2008an-edo izan zen. Gure amari ikaragarri gustatzen zaio mutil dantzak ikustea eta eraman nuen Elizondora. Hurbildu zen neskatiko bat eta: «Maitane, sartuko gara mutil dantzetan?». Nik ezetz, beldurrez. «Ez naiz atrebitzen!», erran nion. Bi neskatiko dantzara sartu ziren eta isildu zen plaza! Zernahi erranka jendea, xistuka. Herri bakoitzak badu bere istorio. Argiteria publikoa itzali izan dute, txistularia ixildu emaztekiak dantzara sartu direlarik, oihuak, bulkaldiak, irainak...

Beldurrez, zu.

Bai. Nik ez dut Anizen hori bizi izan, baina Anizen dantzak erakutsi zizkidanak kondizione batekin erakutsi zizkidan: plazetan ez dantzatzeko! Ez dut baldintza bete, baina hori erran zidan. Gero, 2011n, udaleko ordezkari izan nintzelarik, bestetako egun printzipalean herrietako bestetarat gonbidatzen gintuzten udal ordezkari gisa. Elizondon gu sartu ginelarik, Garbiñe [Elizegi] alkatea mutil dantzaria zen, eta ni ere bai. Elizondoko mutil dantzaren eguna heldu zen, eta Garbiñe eta biok aise jende gehiagorekin dantzan hasi ginelarik, herriko bortz edo sei mutil dantzari baztertzaile korrotik atera ziren, eta biharamunean periodikoko azala horixe izan zen, mutil dantzariek utzi dutela dantza erraten zuen, andreak sartu zirelakoz. 2011tik goiti arras gogorra izan da: herriz herri joan behar, mutil dantza egin, eta aditu behar! Afera ez da, bakarrik, zu dantzan sartzen zarela, zer aditu behar duzun, agurra ukatzen dizu jendeak. Jende anitzek utzi du plaza, zu ez ikusteagatik. Boikota egitea da hori. Ez da goxo! Hala ere, bertzek disfrutatuko du, gure ondorengoek, guk sufritu duguna! Kur, kur...

2011tik 2015era Baztango Udaleko Euskara eta kultura zinegotzi izan zinen. Zertan da euskararen egoera Baztanen?

Euskal Herriko egoera berbera dugu Baztanen. Ezagutza %75etik goitikoa dugu, UEMAn gaude, baina ezagutza eta erabilera ez dira bat heldu. Hor ere berriz ikusten da diferentzia Elizondo eta gainerako herrien artean. Zortzi mila biztanle gara bailaran, eta hiru mila dira Elizondon. Eta Elizondoko karrikan barna buelta bat ematea aski da, errateko: «UEMAn dago herri hau?». Lotsa ematen du aunitzetan. Gazte artean, mutikoetan gehienbat, ikaragarria da zenbat espainol aditzen den. Eta Lekarozko institutuan ere bai. Egia da! Eta futbola ere hor da, ikaragarriko eragina du Baztanen, eta arras-arras txarra hizkuntzari dagokionean. Futbolak espainolizatu ditu mutiko gazte anitz. Entrenatzaile anitz erdaldunak dira, eta haien erreferentzia guztiak espainolez dira. Bertze kiroletan —errugbia, herri-kirolak, pilota—, euskaraz funtzionatzen dute. Hizkuntza alde batetik, lehia giroa bertzetik, gizonkeria... dena txarra du futbolak Baztanen. Hemengo minbizia horixe da, niretako.

ZALDI ERO

Dokumentuaren akzioak