Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Muskildiko pastorala, harremanetarako akuilu

Dokumentuaren akzioak

Muskildiko pastorala, harremanetarako akuilu

Muskildiko herritarrek ‘Simone Veil’ pastorala emanen dute heldu den udan. Baziren 30 urte ez zela pastoralik egin bertan, baina azken urteetan kultur dinamika azkarra zuten. Herritarrez gain, Muskildin familia duten arizale batzuk ere juntatu zaizkie, aita edo amaren bidez herriarekin duten loturak erakarririk.
Egilea
Joanes Etxebarria
Komunikabidea
Iparraldeko Hitza
Mota
Albistea
Data
2022/01/21
Lotura
Iparraldeko Hitza

Joan dira 30 urte herriko azken pastorala (Harizpe pastorala) egin zenetik, eta, Zuberoako herri batentzat anitz da. Azken urteetan, Muskildin, herriko kultur dinamika berpiztu da, eta ikuskizun eta maskaraden ondotik heldu da pastorala. Sutraiak herrian ukanagatik, kanpoan bizi diren hainbat pertsona ere erakarri dituzte.

Simone Veil pastoraleko mustraka Muskildin

1991. urtean egin zuten azken pastorala Muskildin —Pier Pol Berzaitzek idatzi zuen Harizpe—, eta, aipatzen dutenez, antolatzaileentzat luze izan da beste bat egin arteko epea. Azkenean, Battitta Berrogain idazlearen Simone Veil pastorala hautatu, eta Maite Davant errejent berria plazaratuko du herriak. Taula gainean, 90 arizale —edo aktore—. Batzuek azken pastoralean parte hartu zuten, baina gehiengoak, ez. Urte oroz bezala funtsean, herrian dinamika azkar bat pizteko baliagarri izanen zaie.

Pastoralean parte hartzeko gomitak Muskildiko etxe guztietara igorriak izan ziren, eta zehaztuz, etxe horretatik beste norabait bizitzera joan zirenak ere gomit zirela. “Nor dira herritarrak? Hemen bizi direnak, hemen sortu edo handitu direnak eta haien haurrak. Ez genuen esperantzarik jende anitz jinen zela”, aitortu du Isabela Barreix elkarteko kideak. Azkenean izan dira batzuk, herriarekin lotura azkartu nahian hurbildu direnak.

Aña eta Maddi St-Esteben, Simone Veil pastoraleko arizaleak

Muskildin dantzari eta dantza irakasle ezaguna den emazte baten alabak dira, adibidez, Aña eta Maddi Saint-Esteben makearrak (20 eta 18 urte). Makean kabalkada eta libertimenduetan arituak dira, eta beste esperientzia bat bizitzen hasiak dira Muskildin, Aña Saint-Estebenek dioenez: “Ama gaztetan dantzatzen zen; beraz, odolean bazuen pixka bat pastorala, eta motibatu gaitu. Urtero heldu ginen Zuberoara pastorala edo maskarada ikustera, eta hor parada zen guretzat parte hartzeko. Beraz, ez dugu dudatu”.

Sortzez baionarra eta Urketan bizi den Lorea Bosq ere (25 urte), makearrak bezala, asteburu oroz Muskildiko bidea egiteko prest da: “Ene aita ez da ez dantzari ez kantari, baina tipidanik transmisioa egin du. Duela 40 urte joan zen Baionara buruz lana xerkatzeko, baina beti itzultzen zen Muskildira, hemen dituelako lagunak. Herriarekin duen lotura hori pasarazi dit”.

Joan den asteburuan bigarren mustraka baizik ez zenez, Bosq ez da oraino buru ezaguna. “Baina ezagutzen naute, badakite nor naizen, noren alaba naizen”, dio, harremanak lotzeko gogoz. Aña eta Maddi Saint-Esteben egoera berean dira bidea hasi baizik ez delarik: “Momentuz, ezagutzen dute ama; gu buru berriak gara, baina familia ezagutzen dugu. Pixkanaka, denak ezagutuko ditugu”, ziurtatu dute.

‘Hur Xenda’tik pastoralera

Kanpotik hurbildu direnak bezala, arizale saldoa gazte anitzek osatzen dutela begi bistakoa da. Horietarik anitzek ez dute aitzineko pastoraletan parte hartu, baina azken urteetako kultur dinamikaren parte izan dira. 2017an Hur Xenda ikuskizunak ase zuen herriko kultur gosea, Josette Bosq antolatzaile eta auzapezak erran duenez: “Gazteak bildu ziren, baina beste belaunaldiak ere juntatu ziren”.

Lorea Bosq Simone Veil pastoraleko arizalea

Ondoko urtean, 2018an, musikildiar gazteek maskarada plantan ezarri zuten. Herriko aita baten lau seme-alabak, ordurako, herrira joan ziren Jutsi herritik. “Orain hemen ibiltzen dira Jutsin baino haboro”, pozten da auzapeza, pastoralean ere ariko direla gehituz. Simone Veilen istorioa taulara eramatera lehen aldiz hurbildu diren gazteetan ikasi nahia nagusi da, Lorea Bosqen ustez: “Ikastera jiten naiz, baina pastoralak ikusiz ulertzen dira kodeak: integratuak dira. Bada 50 urte ez direla aldatu. Hori da irrigarri: nahiz eta belaunaldiak pasatu, gauza batzuk ez direla mugitzen; gaiak desberdinak izanik ere, ber estruktura da. Lasaigarria da”.

Loga auzotik, herri erdira

Arizaleetan da Xabi Elgart muskildiarra ere, baina haurtzaroa eta gaztaroa Donaixtiko Loga auzoan eginak ditu. Alta, 1991ko pastoralean ari izan zen, baita 2018ko maskaradan ere. Baina haren auzoaren egoera geografikoa berezia da: “Badira bi manera heltzeko: edo Oskaxeko lepoa iragan behar da, Donaixtira jaitsiz; edo Urdiñarbetik Garaibi eta Napaleko lepotik”.

Xabi Elgart Simone Veil pastoraleko arizalea

Berriki erosi duen etxea Muskildi erdian bada ere, haren sortetxea baztertuegia zen gaztetan bizia hor egiteko; horregatik, besteak beste, Donaixtiko besta batzordean ibili da eta ez Muskildikoan. Baina 18 urterekin bozkatzera Muskildira joan zen; “eta hor ohartu nintzen ene egiazko herria hemen zela”. Orain, pilota munduan, kultur sailean edo hautetsi gisa, bere bizia Muskildin kokatu du.

Urte batzuetan pastoralik ez izanagatik, herriak kulturarekiko duen atxikimendua ikusten du Elgartek: “Badira elkarte anitz, bada dantza taldea, beti azkar egon dena. Maskaradari lotura badu; pastoralari ere bai, prefosta”. Oskaxeko lepoaren alde batetik bestera egin duen bidea beste batzuek egiten dutela ikusirik, ez da beldur harremanak sortuko direla: “Gauzak argiki erran behar dira: joan den nesken egunean trago bat hartuz genuen elkar ezagutu hor egon zirenen artean. Besta batek laguntzen du; bihar badugu bat Xistera zaharrean. Naturalki jinen da elkar ezagutzea”

Makeatik Muskildira, diferentziak ikusten dituzte ahizpek, hala nola libertimenduko zirtziletik pastoraleko “zuzentasunera”, baina biak elkartzen ditu euskarak, Maddi Saint-Estebenen arabera: “Hemen errepika guztietan euskaraz ari gara. Makean ere libertimendu eta kabalkadetan euskararen lekua beti hor da. Hori inportantea da”.

Otsailaren 12an jakinen dute, Maite Davant errejentaren ahotik, bakoitzak zein pertsonaia jokatu beharko duen. Ondoko hilabeteetan, berriz, udako emanaldiak prestatuko dituzte, uztailaren 24an prest izateko.

Dokumentuaren akzioak