Dokumentuaren akzioak
Musika tradizionalari buruz eginen ditu Ortzadarrek aurten jardunaldiak
Globalizazioaren gai zabala jorratzea da Ortzadarren asmoa, eta globalizazioak folklore eta kultura tradizionalean duen eragina. «Urteak daramatzagu taldean globalizazioak kultura tradizionalari egiten dion kaltea agerian uzten, eta, hori dela eta, gai hau lantzea aproposa iruditu zaigu», azaldu zuen Carlos Irujok atzo egindako aurkezpenean.
Jardunaldiak bihar hasiko dira, 19:30ean, Nafarroako Museoan. Aurkezpen ekitaldiaren ondoren, Carlos Sanchez Ekizak emanen du hitzaldi nagusia. Sanchez Ekiza etnomusikologoa da, eta teknologia berrien gaia jorratuko du solasaldian.
Biharamunean, hilaren 25ean, hiru komunikazio aurkeztuko dituzte beste hainbat adituk: Juan Cruz Labeaga historialariak Zangozako hiru melodia tradizional aztertuko ditu hitzaldian; ondoren, antropologia eta musika herrikoiari buruz ariko da Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Angel Goikoetxea; eta, bukatzeko, Platonetik Manu Chaora: zein da globalizazioaren soinua? izenburuko hitzaldia aurkeztuko du EHUko irakasle Ignacio Aiestaranek.
Musika tresnak eta globalizazioa
Jardunaldietako azken eguna izanen da ostiralekoa. Egun horretan bi hizlari ariko dira: Iñigo Porto eta Maria Escribano del Moral, hain zuzen ere. Porto musikari eta folklorista da, eta musika tresnen eta globalizazioaren inguruan ariko da hitzaldian. Escribano del Moral, berriz, Limerickeko Unibertsitateko irakaslea da, eta txalapartaren historia eta garapena aztertuko du.
Dokumentuaren akzioak