Gregoriok «atta, osabak eta lehengusuak akordeoilariak» zituen, eta berak ere bide hori hartu zuen. Etxean hasi zen, eta «11 urterekin Iruñera estudiatzera» joan zenean eman zion segida: «Han solfeo ikasi nuen, baita piano pixka bat eta txistua ere». 15-16 urterekin herrian bertan eman zuen akordeoiarekin jende aitzinean jotzeko saltoa; batetik, «inauterietan» eta bertzetik, «igandeetan plazan. Lehen igandeetan Arantzan musika izaten zen eta Miguel Mari Iparragirrek utzi behar zuela erran zuela eta, hasteko erran zidaten. 17 urterekin, ordea, Bordatxo ireki zuten, eta akabo gure musika».
Herritik kanpo, Evaristo aitaren arrimuan eman zituen plazaz plazako lehenbiziko pausoak, eta «batzuetan, attak lana baldin bazuen, bere partez joaten nintzen». Akordeoiarekin egiten zituen harat-honatei, Ekaitz musika taldearenak gehitu zizkion agudo: «Ekaitz taldea sortu eta 1974ko urteko Urtezahar egunean aurkeztu genuen Arantzan». Bera 1983ra arte ibili zen eta urte biziak izan zirela gogoan du: «Bestaz besta jo eta ke ibiltzen ginen. Oroitzen naiz, abuztu batean, 31 egunetik 28tan musika jo genuela. Nekatuak bukatzen genuen, baina gero, berriz etortzen da gogoa».
Baina ez da hori bakarrik. Musikaren bueltan herrian auzolanean azkarki egindakoa da Gregorio. Bertzeak bertze, herriko gaztetxoei txistua erakusten ibili zen, eta kalejiratan, bestetan edo Eguberrietan akordeoia jotzen aritzen da, elizan organoa... Herriko ekitaldi eta bazter aunitz bere musika doinuekin alaitu izan ditu, eta oraindik ere egiten ditu, berezkoa duen abileziarekin. Eta berak bezala, Beñat eta Andoni semeek.
Nolako zura, halako ezpala
Beñat eta Andoni anaiak zortzi bat urterekin hasi ziren musika ikasketekin, batak zein bertzeak zer instrumentu aukeratu «hasieratik garbi» zutela. Gainera, klaseak hartzen hasi aitzinetik, etxean hasiak ziren botoiak astintzen: «Oroitzen naiz lehenbiziko klaserako banekiela eskuineko eskuarekin Andre Madalen jotzen», dio Beñatek. 18 urtera arte hartu zituzten akordeoi klaseak.
Herriko inauterietan mozorro ttikiekin batera akordeoia joz hasi ziren lehenbizikoz etxetik kanpo. Eta Beñaten kasuan, hurrengo pausoa «15 urterekin San Isidro Egunez Arantzako Zahar Txoko elkartean izaten zen bazkarian izan zen. Han urte batzuez jo nuen. Hortik aparte, gutti, tarteka Lesakan bazkariren batean, baina hagitz gutti jotzen nuen». Istantean hasi zen gehiago: «20 urterekin, inauterietan ateratzen hasi nintzen». Eta geroztik batetik bertzera dabil, deskantsurako tarte handirik gabe: «26 urtera arte akordeoiarekin bakarrik ibili nintzen, eta 26 urterekin teklatua eta altabozak erosita, arratsetan plazetan hasi nintzen». Nahiz eta hori baino lehenagotik, «etxeko teklatu zaharrarekin, pedalik gabe, Arantzan, Beheko Pisuetan ere bi aldiz jo nuen». Eta gehiago ere bai: «2015etik 2022ra Txamukos mariatxi taldean ibili nintzen». Gaur egun, bere aldetik eta Fernando Otanorekin ibiltzen da.
Andoni ere plazaz plaza dabil. «Unibertsitatera joan nintzenean, akordeoia alde batera» utzi zuela jakinarazi du, baina agudo piztu zitzaion berriz harra: «22-23 urterekin atta akordeoien kanten audioak bidaltzen hasi zitzaidan eta berriz hartu nuen akordeoia». Jende aitzinean «Arantzako inauterietan» hasi zen, «2012an edo 2013an, eta geroztik urtero ateratzen naiz». Herritik kanpo ere urte mordoxka daramatza batean eta bertzean: «Ez dakit noiz izan zen lehenbizikoa, baina uste dut Berroetan edo Anizen izan zela». Eta teklatuarekin ere hasi zen: «Beñatek teklatu berria erosi zuenean, berea heredatu nuen eta horrekin segitzen dut».
«Aunitzetan bertze herri batzuetatik ere deitzen digute, baina ezin ailegatuz ibiltzen gara»
Gaur egun, «bakoitzak bere herriak ditu eta horietan ez dugu hutsik egiten», esplikatu du Beñatek. «Aunitzetan bertze herri batzuetatik ere deitzen digute, baina ezin ailegatuz ibiltzen gara. Nik, urtean, 50 bat saio izaten ditut, eta hortik pasatzea zaila izaten da. Aurten, Puro Relajo taldearekin ordezkapena egitea tokatu zait eta igual 80 bat egin izanen ditut, eta Txamukosen garaian ere bertze horrenbertze eginen nituen, taldearekin eta bakarrik. Baina lanean ari baldin bazara, erokeria da».
Plazaz plaza bai, baina gaur egun, etxean aunitzik ez. «Teklatuari neurria hartu arte ari behar da, arrats osorako errepertorioa behar baituzu, baina hori batez ere hasieran». Gaur egun, ederki hartua dute martxa, eta bi anaiek onartu dutenez, «ez dugu etxean akordeoia ukitzen. Herri bakoitzak bere kantak izaten ditu, eta aunitzetan momentuan ateratzen dituzu».
Musikarako afizioa
Arantzan instrumenturik zabaldu baldin bada, horiek akordeoia eta txistua izan direla diote. Baina hortik aparte, herriak «musikarekin lotura berezia» duela aipatu dute aita-semeek: «Ikusi bertzerik ez da egin behar herriko bestetan zenbat jende izaten den plazan dantzan. Plaza gutti dira dantzan hola betetzen direnak», dio Andonik. Eta honela gehitu du anaia zaharrenak: «Arantzan bada solfeoa ikasi gabe, ongi kantatzen eta erritmoa ongi eramaten duen jende aunitz».
Afizio horri kontu nahi diote eurek, bakoitza bere aldetik, edo aukera dutenean elkarrekin. Afizioa ez ezik, «pasioa» ere badelako eurentzat musika. Beñatek kontatu du «aunitzetan» erran izan diotela «'Bo, arratsean jotzera joan beharra'. Baina inork ez nau behartzen. Nik nahi dudalako joaten naiz, ongi pasatzen dudalako. Igual biharamunean, bi ordu lo eginda joan beharko dut lanera, baina konpentsatzen du». Andoni ere iritzi berekoa da: «Musika jo eta jendea dantzan edo kantari ikustea gauza ederra da, gustura aritzen gara eta denbora segidan pasatzen da». Eta semeak hala ikusita, aita kontent: «Niretzat gauzarik ederrenetariko bat da musika, eta semeak hola ibiltzea hagitz ongi iruditzen zait». Jakitun da «ez dela erraza, sakrifizioa eta konpromisoa dela», baina semeak prest dira segitzeko: «Momentuz, segitzeko ideiarekin gara», adierazi du Andonik.
«Gero eta guttiago gara»
Beñaten hitzetan, «horrela ibiltzen garenak gero eta guttiago gara. Jendeak 'faborez, zatozte' erraten dizu eta pena ematen dizu ezetz errateak. Ahal duguna egiten dugu joateko, lanean libre eskatu edo lorik egin gabe joan, baina nolabait moldatu. Gainera, uzten badugu zuzeneko musika desagertuz joanen da». Eta Gregorioren ustez, «ez du deus ikustekorik musika zuzenean baldin bada». Andonik badu anekdota bat, joan den urtean Iruñeko peña batean musika jotzen ari zela pasatua: «Gorputza erdi tapatua nuen, burua bakarrik bistan. Bi gazte kanta bat eskatzera hurbildu ziren eta teklatua jotzen ikusi nindutenean, 'hara, jotzen ari da eta!' erran zuten harrituak. Holakoetan ohartzen zara DJak zer sartuak dauden. Jendeak 'Baduzu kanta hau?' edo 'Kanta hau paratuko duzu?' erraten dizu, ez kanta bat jotzeko».
Gero eta guttiago direla ikusita, musikariei «animatzeko» deia egin die Beñatek: «Jende gaztea behar da. Inguruan badira hagitz ongi jotzen dutenak. Beldurra kendu eta has daitezela, ongi pasatuko dute!».
LABUR-LABUR
|