Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Musika eta dantza Zornotzako zerupean

Dokumentuaren akzioak

Musika eta dantza Zornotzako zerupean

Komunikabidea
Anboto
Tokia
Zornotza
Mota
Albistea
Data
2004/08/31

Euban emango zaie hasiera ekitaldiei irailaren 4an. Herriko jaiak direla probetxatuz, umeei zuzendutako Giriguay zirkua izango da frontoian, 19:00etan.



Antolatzaileek, batez ere, ekitaldi bi azpimarratu dituzte. Lehenengoak kaleko kulturaren erakusgarri izan nahi du, mugimendu ezberdinen mazedonia: “Iaz ere, antzeko zerbait egin genuen eta, harrera ona izan zuenez, aurten, ekitaldi honen aldeko apustua egin dugu, hainbat berrikuntzarekin”, dio Zornotzako Kultur Koordinatzaile Ana Ramirezek. Horrela, Zubiondo Parkean, graffiti, break dance, bizikleta akrobatiko, DJ, MC eta Video Jokey erakustaldiak izango dira. Lehenik, argi naturalak laguntzen duen bitartean, eta 20:00etan hasita, graffitilariak parkean dauden patinatzeko Uak apaintzen ariko dira. Ondoren, bizikleta akrobatikoen eta break dance dantzarien ikuskizuna izango da. Giroari ukitu berezi bat emateko, eta saio bata besteagaz egoki lotzeko, DJak eta MCak izango dira, arratsalde osoan zehar. Bukatzeko, iluntze partean, eta argi artifizialaren laguntasunez, bideo emanaldi bat eskainiko dute.

Zerura begira



Bigarren hitzordu nagusia Zelaieta Parkean izango da, irailaren 17an. Producciones Imperdible taldeak dantza garaikidean oinarritutako Mirando al cielo ikuskizuna eskainiko du, 19:30ean hasita. Ikuskizun honen berezitasun nagusia ikusleek dantzariekiko duten ikuspuntua da, izan ere, izenak berak dioen moduan, zerura begira egongo baitira. Hori ahalbidetzeko, eszenatokiaren zorua gardena izango da, metro eta erdiko altueran jarria. Justu azpian, berriz, 36 lagunentzako aulkiak jarriko dituzte, gorantz begira: “Dantzak ikuspegi berritzaile batetik ikusi ahal izango dira, sentsazio berriak sortuz”. Ikuskizuna laburra izango da, zortzi minutu ingurukoa, eta horrenbestez, hamar txanda egingo dira, ahalbait jenderik gehienak ikusteko aukera izan dezan.



Musikaz gozatzeko aukera ere eskaintzen du programazioak. Hilaren 18an, Xarop de Canya katalanak eta Taraf Goulomas taldeak (Balkanetatik datoz) herriko kaleak musikaz alaituko dituzte, 20:00etatik aurrera.



Azken ekitaldiak ere musika du oinarri, baina, oraingo honetan, Ogenbarrena auzoan izango da, 26an: “Lehen, San Migelak ospatzen zituzten, baina orain ohitura hori galduta dago. Horregatik, auzoan zeozer egitea egokitzat genuen”, Ramirezen esanetan. Plazan, Laudioko San Roque Musika Bandak kontzertua eskainiko du, 12:30ean.

Dokumentuaren akzioak