Cultur-Izan programak Nafarroako musika, dantza eta ahozko adierazpen herrikoien dibulgazioa bilatzen du. Bigarren edizio honetan, Nafarroako Dantzarien Biltzarra, Ortzadar Euskal Folklore Elkartea, Nafarroako Bertsozaleen Elkartea eta NavarJota elkarteekin lankidetzan antolatu da.
Jarduerak ez dira leku bakar batean zentralizatuko, eta Nafarroako hainbat herritan antolatuko dira. Bigarren edizio honetan dantza, jotak, musika eta bertsolaritza uztartuko dira.
Asteburu honetan bi ekimen antolatu dira. Gaur, Iruñean, Otxo bikote musikala arituko da. Maider Martineau Zubietak eta Lolita Delmonteil Ayralek osatzen dute. Biak euren jatorrizko musika tradizioetatik abiatzen dira, euskalduna eta okzitaniarra, beste tradizio batzuetatik elikatzeko, adibidez, musika galiziarra, quebectarra edo brasildarra. Ahotsa tresna nagusitzat hartuta, Maiderrek eta Lolitak akordeoi diatoniko eta kromatikoak, trikitixa, caramèra eta alboka, eta Peñapardako pandero karratua, panderoak edo ttun-ttuna jotzen dituzte.
Bigarren saioa Burlatan izango da hilaren 20an, eta hor antzerkia, musika eta dantza tradizionala uztartzen dituen ikuskizuna eskainiko du Oberena Dantza Taldeak.
Oroitzapen Hutsak izeneko piezak koreografia berriak eskainiko ditu, eszenatokirako egokituak, dokumentu historikoetatik sortutakoak eta Aurizberriko kantu tradizionaletan oinarritutakoak ere. Ikuskizun horrek memoria indibidual eta kolektiboan arakatzen du, soinuen eta mugimenduen bidez oroitzapenak gogoraraziz, eta Jose Angel Dorremotz omendu nahi du, XIX. mendeko Almandozko ttuttuneroa, Auritzeko jaietan jotzera joaten zena.
Programaren nondik norakoak hemen kontsultatu ahal dituzue.