Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Musika eta dantza ikuskizuna antolatu dute biharko Getariako Ameztoi txakolindegian

Dokumentuaren akzioak

Musika eta dantza ikuskizuna antolatu dute biharko Getariako Ameztoi txakolindegian

Jendeak parte hartzea bultzatu nahi dute, eta euskal kulturan egin ohi ziren jan osteko kantaldiak berreskuratu

Komunikabidea
Gara
Tokia
Getaria
Mota
Albistea
Data
2004/08/12

Edari alkoholdunak hartzearen arriskuak eta alderik ezkorrenak behin eta berriz entzuten diren honetan, guztiz kontrakoa erakutsi nahi du Donostiako Musika Hamabostaldiak. “In Vino... Musika” zikloaren barruan, “Txakolinak on egin!” ekitaldia antolatu du biharko Getarian. «Edariaren kulturak» gurera egin dituen ekarpenak gogoratu nahi dituzte, eta«edariaren inguruan sortu diren dantzak, kantak, melodiak eta beste» berreskuratu, esan zuen atzo Jon Mayak, ikuskizunaren zuzendariak.



Arratseko zortzietan hasiko da ekitaldia Getariako Ameztoi txakolindegian, baina goizago ere izango da zer ikusia bertan; izan ere, Juan Mari Beltran txalapartaria egongo da lehenago, eta baita neskatxen soka dantza ere. Jose Inazio Ansorenarena izan zen hori guztia egiteko ideia eta, gogoeta horietatik abiatuta, Jon Mayak zuzendu du ikuskizuna. Hiru izango dira eguneko protagonista nagusiak; txakolina batetik, musika bestetik, eta dantza azkenik.



Xabier Euzkitze eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariak ere izango dira bertan, bai kantuan aritzeko, eta baita aurkezle izateko ere. Guztia Amettoi Txakolindegian egiteak berebiziko garrantzia du antolatzaileentzat. «Doinu eta dantza guztiek dute edariaren giroarekin zerikusia, eta horregatik da lekua oso garratzitsua», esan zuen Mayak. Dantzariak eta txistulariak Errenteriako Ereintza Dantza Taldekoak izango dira eta kantariak, berriz, Landarbaso Abesbatzakoak. Jendeak aktiboki parte hartzea lortu nahi dute, eta horregatik aukeratu dituzte doinu ezagunak.



Ikuskizun interaktiboa



Emanaldi «interaktibo eta bizia» izatea lortu nahi dutela nabarmendu zuen Mayak. Bertan izango diren dantza eta musika oso lotuta daude edariarekin: Zuberoan egiten den edontziaren dantza, jorrai dantza eta mahai gainekoa, besteak beste. Azken dantza horretan «trebetasun handia» behar dela nabarmendu zuen ikuskizunaren arduradunak: dantzari batek mahai gainean egiten du dantza, eta berdin egin behar du hurrengoak, mahai gainean ere bai.



Musikari dagokionez, ahalik eta «elementu gutxien» erabiltzen saiatu direla esan zuen Iñaki Tolaretxipik, Landarbaso Abesbatzako zuzendariak. Hori dela eta, lau txistulari eta abesbatzako 20 pertsona bakarrik egongo dira Getarian. Ansorenaren «partiturak moldatzea» izan dela lanik zailena adierazi zuen Tolaretxipik, eta musikak ez duela zuzendaririk izango azaldu zuen, «jendeak zuzenduko duelako» ekitaldia, erantsi zuenez.



Ikusleak izango dira protagonista ordubete inguru iraungo duen ikuskizunean. «Gure ohituren zati bat» bultzatu nahi dute, eta urteetan zehar «jan ondoren» egiten zena berreskuratu, atzo azaldu zutenez. «Lehen, abestu egiten zen»; orain, «era antolatuagoan», gauza bera egin nahi dute.



Guardia ere bisitatuko du



“In Vino... Musika” ez da Getarian geldituko, abuztuaren 19an Guardiara joango baita. Emanaldi asko antolatu dituzte egun osorako, ardoaren ingurukoak, oraingoan. 12.30ean hasiko da lehen ekitaldia Ysios upeltegian, eta hiru agertoki izango dira arratsaldean, seietatik aurrera: Andra Maria elizako ataria, Guardiako kaleak eta San Juan Bautista eliza.

Dokumentuaren akzioak