Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Musika eta dantza, diaspora biltzeko adar

Dokumentuaren akzioak

Musika eta dantza, diaspora biltzeko adar

Kolorez eta festaz amaitu zuten igandean Argentinan euskal kulturari eskainitako Euskal Aste Nazionala

Egilea
Maider Lacalle
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2008/11/04

Euskal tradizioaren inguruko erakusketak, abesbatzen kontzertuak, nortasunaren inguruko hitzaldiak eta pilota jaialdiak dira batik bat Euskal Aste Nazionalean ospe handia duten ekitaldiak. Aurten, Oskorriren kontzertua izan da esperoenetarikoa. Bilboko taldea orain dela hamar urte gonbidatu zuten Euskal Astean jotzera. Geroztik, musika egiten jarraitu du, eta, aurten, La Platan egoteaz gain, bere 35. urteurrena ospatzen ari da.

Musika izan zen asteko ekintza aipagarrienetariko bat. Baionatik Anne Etxegoien etorri zen bere kantika ahotsa ezagutaraztera, eta, herenegun, jaialdiari amaiera emateko, Ipar Euskal Herritik MMX taldeak egin zuen agerpena. Oso estilo desberdinak izan arren, biek euskal abesti tradizionalak kantatu zituzten, publiko gazte eta ez hain gaztearen aurrean. Euskal Etxean kantatu zuen Anne Etxegoienek, eta Union Personal Centro Nacionaleko kirolgunean jo zuen MMX taldeak; hor, asteko azken bazkariaren ondoren hasi ziren abesten. Hegoak ebaki banizkio eta Araban bagare kantuak jarri zituzten han zeuden guztien ahotan.

Goraipatzekoak dira Argentinako Euskal Etxeetako dantza taldeek egin dituzten agerraldiak. Larunbatean, La Platako Atenas Clubean bildu ziren dantzari gazteak. Horiek dantza landuak eta dotoreak egin zituzten, eta ikusleak animatu eta hunkitu egin zituzten. Gaztetxoek 10:30ean zuten ordua Euskal Etxean egunero ospatu ziren erromerietan, mota guztietako musika dantzatu zuten, Argentinan oso ohikoa den Cumbia musika gehienbat. Pil-pil izan da euskaltasuna festa honetan. Lauburuz jositako gazteak, euskal nortasunaren inguruko hamaika panfleto eta informazio liburuxka, eta euskal dantzak ondo baino hobeto dakien jendez bete zen La Plata.

Euskal Etxeko frontoian zerbitzatu ziren bazkari eta afari gehienak. Mahai gaineko izara berde eta gorrixka zen, eta serbiletak, zuriak. Jendeak zerabilen hizkuntzagatik izango ez balitz, inork esango zukeen hori Euskal Herria zela.

Eusko Sare, bertan.

Eusko Sare ere bertan zegoen, euskal diasporari zuzendutako sarea; Eusko Ikaskuntzaren programa ikur bat da Eusko Sare; diaspora hori osatzen duten sareko kideak elkartu ziren beste urte batez Euskal Astean. Eusko Sarek euskal diasporako kideen arteko kontaktua sendotzea du xede, eta hori webgunearen bitartez egiten du (www.Eusko Sare.org). Webgune horretan, sare soziala, berriak, kobertura berezien jarraipenak eta horrelakoak daude.

Gaspar Jaurena Eusko Sareko kide da, 25 urte ditu, eta Cordobakoa (Argentina) da berez. Txikitatik erakutsi du musikaretzat interesa, baina gustatzen zaiona egiten orain dela urtebete besterik ez da hasi. Albokaria da, eta alboka jo ez ezik, egin ere egiten ditu. Familian euskaldunak dituzten beste batzuen modura, hura ere La Platan izan zen beren jatorria ospatzen.

Antolatzaileek adierazi zutenez, Bahia Blancan ospatuko da 2009. urteko Euskal Aste Nazionala. Han zain egongo dira berriro ere Euskal Herriarekiko duten erlazioa premiazkotzat hartzen duten argentinarrak, uruguaitarrak eta euskalduna den lagun denak.

Dokumentuaren akzioak