Dokumentuaren akzioak
Musika, dantza, antzerkia eta zinema, Lau Xorien hegaldia
Bi Harriz Lau Xori jaialdian musika, dantza, antzerki eta zinema
garaikidea, baita ipuin kontaketa ere, tradizioari keinu eginez
elkartuko dira Lapurdiko hirian, zeharka-meharka euskal artearen
ikuspegi berritzaileak aurkezteko.
Koldo Amestoy eta Pantxix Bidarten «Aneta Bokaleko» ipuinarekin hasiko
da jaialdia, asteazken huntan. Biharamunean Mizel Theret dantzari eta
koreografoaren «Dorrea» bakarkako dantza garaikidearen txanda izango
da. Nomadak TXen biraren amaierako kontzertua izango da jaialdiko
musika emanaldi nagusia, txalapartarien eta beren nazioarteko lagunen
eskutik.
Larunbata egun handia izango dute Biarritzeko Lau Xoriek. Goizetik
hasiko dira animazioak Asier Zabaleta koreografoaren «Bihar jaio
nintzen» lanarekin, Bellevue plazan. Arratsaldean 1980ko hamarkadan
Antton Ezeizak egindako «Ikuska» dokumentalen aukeraketa bat eskainiko
dute hiriko Mediatekan. Azkenik, Lagunarte konpainiak ezkilaren
errepresentazio musikatua den «Dong» ikuskizuna antzeztuko du.
Hiru antzerki talde amateur zuzenduz Ander Lipusek garatu Piarres
Larzabalen «Ibañeta» lanaren antzezpenak emango dio bukaera jaialdiari.
Zaharretik garaikidera
Babelekoan bezala, Mizel Theretek aurkeztuko duen «Dorrea» dantza
ikuskizunean, hizkuntza eta, ondorioz, kultura ezberdinen arteko
erlazioak agertzen dira. «Nire baitan bi identitate ditut, euskal
kultura oso neurea dut, baina frantsesa ere bai, ikasketak hizkuntza
horretan egin nituelako. Lan honetan miatu dut zer harreman dudan bi
kulturekin», azaltzen du koreografoak obra berriaren nondik norakoak
azaltzeko.
Dantza garaikidearen irakurketa berezia proposatzen du bestalde Asier
Zabaletak: «Egia ote da ohiturak iragana baizik adieraz ez lezakeela?
Eta dantza garaikideak etorkizuna besterik ez?». Galdera horiei
erantzun nahian «Bihar jaio nintzen» lana aurkeztuko du Biarritzen.
Dokumentuaren akzioak