Dokumentuaren akzioak
Museoa dantzari
Hiru solairuko erakusketa eskaini dio Uharteko Arte Garaikideko Zentroak dantzari eta mugimenduaren arteari
«Antzinako formak ez ziren balekoak jada, giza gorputzaren aukerak
esploratu eta suspertu egin behar ziren, dantza haien barruan bildu
ahal izateko». Doris Humphreyren (1895-1958) hitzak dira horiek. Bera
izan zen Isadora Duncan eta Ruth Saint Denis dantzariek irekitako
bideari jarraitu eta XX. mendeko lehen hamarkadetan dantza garaikideko
izenik ezagunenetariko bat. Hark esandakoekin hasten da Uharteko Arte
Garaikideko Zentroan (Nafarroa) atzo ireki zuten dantza eta
mugimenduaren arteari buruzko erakusketa. Humphreyren aipua oinarri,
hamaika artistaren lanak ikus daitezke. Egungoak guztiak.
Esperimentalak. Balleteko oinetakorik ez, kasik, Sol Pico talde
kataluniarrak Uharterako egindako instalazioan paella ontzien barruan
daudenak salbu. Hori da erakusketaren asmoa: oinetakook alboan utzita,
egun egiten den beste dantza mota bat erakustea. Ia museo guztia
eskaini diote dantzari. Hiru solairu.
Bi erakusketa dira, berez, zentroan abuztura arte izango direnak, baina bakarra balira bezala bisita daitezke. Paisaia koreografiko garaikideak
izenekoa da lehen solairuan dagoena, eta Frantziako Zinematografia
Zentroak prestatutako hainbat dokumental ditu ardatz. Aretoan zehar
han-hemenka banatutako pantailetan ikus daitezke bideoak.
Bost ataletan dago banatuta aretoa: gorputza da lehenengoan
artistek aztertzen dutena; sortze prozesuan sakontzen du bigarrenean
Michel Follin dantzariak; Anna Halprin dantza post-modernoko dantzari
ezagunenetariko batekin solasean ageri da Alain Buffard dantzaria
hirugarren gunean, Elkarrizketak izenekoa; kalean, fabrika
batean eta bulego baterako sorturiko dantza lanen bidez, pertsonaren,
mugimenduaren eta espazioaren arteko harremanak aztertzen dituzte
laugarren guneko dokumentalek; eta dantzaren lexikoa, berriz, bosgarren
atalekoek.
Dantzari buruzko zinema
Zinema areto bat ere badago lehen solairuan. Samuro Teshigawara
koreografoak Lilleko eskolako (Frantzia) ume itsuekin egindako lanari
buruz prestaturiko dokumentala dago orain ikusgai. Abuztura bitartean,
ordea, aldatu egingo dute astero museoan emango duten filma. Hamalau
koreografo, dantzari eta sortzaileren lanak izango dira guztira
ikusgai, eta www.centrohuarte.es webgunean dago zerrenda osoa.
Egin eta des(egin) izeneko erakusketa dago bigarren
solairuan, eta Herrialde Katalanetako dantzatik gertuko LiquidDocs
izeneko laboratorio esperimentalak prestatu du. Katalunian sortzen
duten hainbat artistaren lanen laginak aurkezten dizkio ikusleari
erakusketak, hainbat dokumentalen bidez. Sortzaileok Uharterako
espresuki prestatutako instalazioak ikusi eta eraldatzeko aukera ere
ematen dio. Sonia Gomezek entzungailuekin jantzitako eskeletoak mugi
ditzake bisitariak, Societat Doctor Alonsoko kideek jarritako berezko
tamaineko bost gorilekin dantza daiteke eta Angels Margarit
koreografoak prestaturiko labirintoa eralda dezake, besteak beste.
Dokumentazio gunea dago hirugarren solairuan, eta performance-ari,
dantza garaikideari eta mugimenduaren arteari buruzko hainbat liburu
kontsulta daitezke bertan. Hor dago LiquidMaps izeneko ekimenari
eskainitako gunea ere. Mugimenduaren artearen alorreko sorkuntzari
eskainitako Interneteko plataforma bat da LiquidMaps. Googlemapsen
mapen gainean arte mota horren inguruko hainbat eskaintza egiten
dituzten guneak ageri ditu, eta haietan klik eginez, informazioa bil
dezake erabiltzaileak. Profesional eta zaleek mundu osoko eragile, gune
eta erakundeen berri jasotzea da tresnaren asmoa. Oraindik, baina,
probarako eredua baino ez da Uharteko zentroan ikus daitekeena, eta bi
hilabete barru izango da martxan behin betiko eredua.
Erakusketez gain, apirilaren 10ean Angels Margariten ikuskizuna eta master class bat
eskainiko ditu Uharteko zentroak, eta ikuskizun propio bat ere
prestatuko dute, gainera, apirilaren 29rako. Eskola adineko ume eta
gazteentzako tailerrak ere izango dira.
Dokumentuaren akzioak