Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Muruamendiaraz eta Miren Agur Meaberen arteko elkarlanaren emaitza: 'Geltokia'

Dokumentuaren akzioak

Muruamendiaraz eta Miren Agur Meaberen arteko elkarlanaren emaitza: 'Geltokia'

Larunbatean Orion ikusi ahal izango da, oholtza gainean bederatzi dantzari ariko direlarik

Orain arte jende gutxik ikusi ahal izan du Aukeran dantza-konpainiaren lan berria, 'Geltokia' delakoa. Larunbatean izango da beste aukera bat, Karela kiroldegian 22:00etan, Kilometroak direla-eta.
Egilea
F.I.
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Urnieta
Mota
Albistea
Data
2014/05/16
Lotura
Diario Vasco

Edu Muruamendiaraz, Aukeran konpainaren sortzaileak, denboraren, bizitzaren gaineko koreografia bat nahi zuen osatu, beharbada 50 urte bete dituelako aurten. Eta, halaxe, Miren Agur Meabe idazlearekin elkarlanean, 'Geltokia' diseinatu du.

«Gutxi gorabehera, bi urtez behin egiten ditugu ikuskizunak Aukeran konpainian. 2011n 'Burnia' egin genuen, Bilboko Arriaga antzokian eman genuena. Iaz, uztailean, Lekeition aritu ginen, izan ere herri horretan urtero prestatzen baitute ikuskizun bat bertako musika bandarekin batera, eta orduan ezagutu nuen Miren Agur Meabe, bertan parte hartzen ari zelako. Ez genuen elkar ezagutzen. Esan nion nahi nuela denboraren iragaiteari buruzko espektakuluren bat egin, eta ea lagunduko zidan. Esan zidan hilabete eta piko emateko, eta hitz egingo genuela. Halaxe, tarte hori pasatakoan deitu zidan, esanez bazeukala gidoi moduko bat».

Dantza-ikuskizuna da, baina tartean izango dira hitz batzuk ere. Zehatzago esanda, Miren Agur Meaberen poema bat entzun ahal izango da.

Bederatzi lagun ariko dira eszenategian: bost neska eta lau mutil. Hona izenak: Amalia Basilio, Garazi Egiguren, Ander Errasti, Ioritz Gallarraga, Ione Iriarte, Axier Iriarte, Ekain Kazabon, Uxue Urruzola eta Itziar Uzkudun. «Hemezortzi eta hogeita hamar urte bitarteko neska-mutilak dira. Beteranoetako bat Asier Errasti oriotarra da. Berarentzat egun polita izango da», adierazi digu zuzendariak.

Konpainiaren historiari erreparatuta, ikuskizun honek badu berritasun nabarmen bat: eszenategian irudi batzuk proiektatuko dira, eta aurreneko aldia da hori egiten dena. Aukeran-en seigarren lan handia da, eta Muruamendiaraz harro dago: «Nik uste dut goia jo dugula, 'Gernika' ikuskizunarekin jo genuen bezala».

'Geltokia' honetarako 60. hamarkadako estetika hobetsi dute. Dantza-pausoei dagokienez, «une kañeroak gutxiago dira oraingoan». Eta, ohitura den bezala, euskal dan-tza-urrats tradizionalak eraberrituta ikusiko dira. «Izango da fandangorik, izango da Zuberoako maskaradarik... Kriston buelta eman diegu dantza tradizionalei».

Ikuskizunaren pasartea. / AUKERAN

Dokumentuaren akzioak