Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Munduko dantzak egiten ditugu, Euskal Herria munduan dagoelako"

Dokumentuaren akzioak

"Munduko dantzak egiten ditugu, Euskal Herria munduan dagoelako"

Sabin Bikandi - Dantzari eta musikaria

Aiko taldeko partaidea, aspaldi dabil erromeriak antolatzen, gure ohitura zaharrak berri bihurtuz. "Dantzatuz, ikasi eta ondo pasatu" da bere lema. Soka dantzan eta kalejiran ibili gara Bilbotik, txistulariaren menpe.
Komunikabidea
Ortzadar
Mota
Albistea
Data
2013/12/21

Sabin Bikandik txistua eta danbolina ditu lagun, nahiz eta ofizio txarra hartu zuen, dantza maite duelako. Bere etxean beti izan da Sabintxu danborrerue, eta erritmoa galdu barik erantzun ditu galderak, danborrak markatu ditu dantzarako tempoak. Txistularia gailendu da, baina danbolinteroaren titulua ere aldarrikatzen du, izen horren atzean "zerbait gehiago" dago eta.

Zein da leku egokiagoa erromeriarako, Guggenheim parea edo Galdakaoko plaza?

Edozein leku izan daiteke ona dantzan egiteko, gogoa badago eta laguna izanez gero. Parrandarik onenak eta sanoenak gutxien pentsatzen dugun tokian izaten dira.

Dantzarako osagaiak: musika, dantzariak, ... eta zer gehiago?

Horixe da: dantzan egiteko laguna edukitzea eta zarata, musika apur bat edo norberak egitea kantuan. Beste era batera esanda: ondo pasatzeko elkarrekin egoteko gogoa.

Dantzarako bi pauso baino ez dira behar.

Pauso bi ez dakit baina hanka bi bai. Eta berriro diot: mugitzeko gogoa, ez da beste munduko ezer behar. Ai, eske nik ez dakit hori ez ze ezta aipatzen ere lehen, mundu guztiak baitzekien kantatzen eta dantzatzen. Eguneroko bizimoduaren parte ziren eta gaur dirudi kantuan egiteko kantaria izan behar zarela eta dantza egiteko, dantzari profesionala. 

Zer nahiago, txistua jo edo adarra jo?

Gauza biak batera ere egiten dugu, txistua jotzen gaudela adarra jotzen dugu, eta hori polita izaten da.

Dantzarako ezinbestekoa bikotea orduan...

Dantza taldean egin daiteke, bakarrik ere egin daiteke, baina gure erromerietan eta gure gurasoen belaunaldietan dantza batez ere bikote dantza izan da. Neskatan joateko edo mutikotan joateko. Kortejorako... uf! Nola esaten da cortejo batuaz? Euskaltzaindia krisian dagoenez, ba esan dezagun kortejo, kar, kar... Bai, dantza ligatzeko erabili izan da.

Aiko, Japoniako kantari famatuaren izena da, merkatu internazionalari begira ote?

Horretaz ohartu ginen interneteko domeinua hartzera joan ginenean, aukera guztiak hartuta zeuden eta horregatik Aiko taldea jarri genuen.

Tira, laster Aiko.eus?

Bai, horretan gabiltza. Gurea, aiko, gure artean hitanoz erabiltzen den interjekzioa da, aizu esateko. Ez dugu Japoniarekin ezer, gure hizkuntza vascuencea da!

Txistuak musika "serio" jotzeko balio du?

Tamalez, aspaldian serioegi jotzen da. Inguru batzuetan faltan botatzen dut beste erregistro batzuetan ibiltzea. Sarritan ofizioagatik, txistulariak udaletxean egoten gara, protokoloa dela bide, eta beste erregistro asko daukagu eta eduki ditzakegu. Batzuetan horretan ibiltzen naiz ni, inprobisazio librean.

Pop kultura herritarren kultura da, zuena, ere "pop" dela esan genezake?

Gu behintzat pop bagara, herriaren parte garelako. Baina etiketetan galdu egiten gara. Guk munduko dantzak egiten ditugu, Euskal Herria munduan dagoelako, beraz, munduko dantzak dira. Biodantza ere egiten dugu, bizirik gaudelako, dantza garaikidea ere egiten dugu, ni behintzat gaurkoa naizelako... Etiketen kontua labainkorra da.

Gauza berritzaileak ere egiten dituzue, esaterako jota gitarra elektrikoarekin.

Gure istorioa zaharrak berri da. Ahaztuta egin diren gauzak egunera ekartzen ditugu, dantzakeratik hasita. Gitarra ere egon da plazetan, nik Galdakaon ere ezagutu ditut hiru gitarra jole euskaldun. 

Laster, flamenkoan.

Ijitoen dantzatzeko moduak badauka zer ikusia gure zaharrek dantza egiteko zuten erarekin. Gure errepertorioko jota eta fandangoak flamenkoaren lehengusuak dira. askotan Lola Flores etortzen zait burura, berak astitzen zuen moduan astindu baitira oinak. Lur gainean eta ez hegaz egin gurean.

Aitortu: zenbat aldiz zapaldu duzu bikotea dantzan?

Askotan ez dut uste. Trukua hankak narrasean eramatean datza: talka egin askotan baina zapaldu gutxitan.

Nola dantzatzen da jota gitarra elektrikoarekin?

Kontu handiarekin. Dantza, berdin-berdin.

2013-12-21_Ortzadar-Sabin-Bikandi

Dokumentuaren akzioak