Dokumentuaren akzioak
Mundua dantzan, Portugaleten
Folklore Jaialdian Portugal, Txile, Vietnam eta Kroaziako taldeak ariko dira, besteren artean, etzitik aurrera
Gainerakoek aurrenekoz dantzatu eta abestuko dute Portugaleten. Haien artean, Areosako (Portugal) Etnografia Taldea eta Kamtxatkako (Errusia) Koryakiko Mengo Balet Nazionala daude. Talde bi horiek Txileko Bafochi balet folklorikoarekin batera zabalduko dute Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdia, etzi. Areosako Etnografia Taldea 1966an sortu zuten, Portugal iparraldeko usadio eta ohiturak berreskuratzeko eta zabaltzeko asmoz. Gazte ugarik osatzen dute taldea eta folklorea baliatzen dute beren aurreko belaunaldien bizipen eta sentipenak adierazteko eta ezagutzera emateko.
Kamtxatkatik Koryakiko Mengo Balet Nazionala etorriko da Euskal Herrira. 60ko hamarkadaren hasieran sortu zuten Siberiako lurmuturreko herritar batzuek, baina urte gutxiren buruan, 1965ean, Aleksander Gil dantzariak hartu zuen taldearen zuzendaritza, eta konpainia profesional bihurtu zuen. Txileko Bafochi taldea balet konpainia profesionala da, halaber. Beren herriko folklorean oin hartzen dute, garaikidetzat har daitezkeen dantzak egiteko.
Kroazia eta Vietnamgo taldeen saioekin egingo du aurrera, hilaren 22an, Portugaleteko folklore festibalak. Kroaziako eskualde guztietako dantzak eta abestiak menderatzen ditu Zagreb-Marcovac taldeak. 1945ean sortu zuten, eta harrezkero herrialdeko folklore aditu ospetsuekin egin du lana, bertoko ohiturak ikertzeko eta taulara eramateko xedearekin. Vietnamgo Hue taldeko dantzari eta abeslariek, berriz, goi mailako dantza eta musika ikasketak eginak dituzte, eta haietatik 16, herriko artista bikain izendatu ditu Vietnamgo Gobernuak. Garai feudaletako gorteko dantzak eta abestiak eskainiko dituzte Portugaleten.
Elai Alai ariko da haien segidan. Portugaleteko dantzari taldeak Gipuzkoako eta Nafarroako dantzak emango ditu; besteren artean, Sorgin dantza (Lasarte), Zahagi dantza (Arano eta Goizueta) eta Larrain dantza (Lizarra).
TALDEEN KALEJIRA. Argentina, Orenburgo (Errusia) eta Filipinetako taldeek itxiko dituzte Zubi Alde kiroldegiko saioak, hilaren 23an. Miguel Angel Tapiak zuzentzen du Argentinako Balet Handia. Tapiak urteak daramatza bere herriko folklorea ikertzen, betiere urrats berriak egin nahian. Hala, dantza eta kantua ez ezik, antzerkia jorratzen du Argentinako taldeak eta lekua egiten dio umoreari. Bestalde, Orenburgoko abes- batzak garai bateko kosakoen dantzak eta kantak emango ditu festibalean. Eta Ipar Filipinetako Leyte uharteko dantzariek hango folklore piezak erakutsiko dituzte.
Bestalde, jaialdian parte hartuko duten taldeek kalejira egingo dute Carlos VII.a etorbidean, hilaren 25ean. Horretaz gain, Gernikako arbolaren urtadarra landatuko dute jaialdiaren antolatzaileek, taldeek beren herrietatik ekarritako lurrarekin. Beitiak adierazi duenez, «kultura aniztasunaren hazia» ereingo dute Florida parkean.
EGITaraua
Uztailak 21, ostirala
22:00. Txile, Portugal eta Kamtxatkako (Errusia) taldeak, Zubi Alde kiroldegian.
Uztailak 22, larunbata
22:00. Kroazia, Vietnam eta Euskal Herriko Elai Alai taldeak, Zubi Alde kiroldegian.
Uztailak 23, igandea
13:00. Nazioarteko musika emanaldiak, Solar enparantzan.
22:00. Argentina, Orenburgo (Errusia), Filipinak eta Euskal Herriko Elai Alai taldeak, Zubi Alde kiroldegian.
Uztailak 25, asteartea
11:00. 'Munduko sustraiak' ekimena, Florida parkean.
13:00. Nazioarteko musika emanaldiak, Solar enparantzan.
21:30. 'Munduko dantzak' ikuskizuna, Karlos VII.a etorbidean
Vietnamgo taldeko 16 dantzari eta abeslari herriko artista izendatu ditu hango gobernuak
Jaialdiaren antolatzaile Elai Alai dantzari taldeak Gipuzkoako eta Nafarroako dantzak emango ditu aurten
Dokumentuaren akzioak