Dokumentuaren akzioak
Mundua 2x4 erritmoan
Munduko 6. Tango Txapelketak 23 herrialdetako dantzari eta 60 mila ikusletik gora bildu ditu Buenos Airesen
Astebetean, 60 mila lagunek baino gehiagok gozatu ahal izan dute txapelketaz, eta, besteak beste, ikuskizunak, erakustaldiak, doako dantza eskolak, hitzaldiak, mintegiak eta abar izan dituzte aukeran, 2x4 erritmoan dantzatu beharreko milongak barne.
Txapelketara bildutako ikusleetatik %30 atzerritarrak ziren. Horrek erakusten du «Buenos Airesen jaioa izanagatik mundu osoan zehar dabilen pasioa dela tangoa». Hala esan du Hernan Lombardi Buenos Aires hiriko Gobernuko Kultura ministroak, zeinak antolatu baitu Munduko 6. Tango Txapelketa. «Pasio bizia da tangoa; ez da buenosairestarren antzinako oroipen hutsa, etorkizuneko itxaropen izpia baizik». Lehiaketara gazte mordoa bildu dela eta, oso gustura agertu da lehiaketak izandako erantzunarekin, eta «ezin arrakastatsuagoa» izan dela esan du.
Bi kategoria
Lehiaketa amaierako ekitaldi ofiziala Buenos Airesko Luna Park-ean izan zen, astelehen gauean; 6.000 lagun inguru bildu ziren han, eta haien aurrean ia hiru orduan aritu ziren dantzan, bikain aritu ere, 16 dantzari bikote -11 argentinar, japoniar bat eta bi kolonbiar-. Agertoki tangoa deritzon kategorian jardun ziren finalistak. Tango aditu ospetsu asko aritu ziren, berriz, bikote bakoitzaren koreografia eta sinkronizazio maila epaitzen.
Garbi geratu zen dantzari gazteen belaunaldi nabarmen bat ari dela gailentzen tango dantzaren mailarik gorenean: hala nola Melody Celattik (19 urte) eta Jose Enrique Fernandezek (22 urte) osaturiko dantzari bikotea izan zen areto tango motako munduko txapeldun.
Txapelketaren osteko ospakizun dotorean, hauxe esan zuen Melodyk: «Areto tangoa eta agertokikoari berez dagozkion ezaugarriak uztartzen saiatzen gara. Betiere, ordea, tangoaren oinarrizko izaerari bere hartan eutsita». Munduko dantzari bikote txapelduna duela bi urte hasi zen tangoa dantzatzen; lau hilabetean jardun dira, berriz, txapelketarako prestatzen. Txapeldun izateagatik 12.500 pesoko (2.800 euro) saria jasoko dute; eta 2009. urtearen hasieran Japonian zehar bira bat egin ahal izango dute, hango enpresa baten eskaintzari esker. Arropa denda batek, berriz, 1.300 dolar inguru oparituko dizkie tango dantzarako jantzitan.
Dantzari bikote argentinar bat izan zen bigarren, Maximiliano Cristianik eta Maricel Giacominik osaturikoa. Hirugarren gelditu ziren, berriz, Yiasuri Salamanca eta John Raigosa kolonbiarrak; txapeldun erabateko izan ez badira ere, halakotzat daukate beren burua, tangoaren sorleku den hiri horretan aintzat hartu dituztelako.
Gauak aurrera egin ahala, hainbat artista argentinarren erakustaldiak izan ziren, horiexek baitira tangoa urratsez urrats darabiltenak mundu osoan zehar. Haien jardunak aparteko ikusgarritasuna erantsi zion hiri musikaren festa handiari, hala baiteritzote tangoari. Txalo eta bozkario oihuen artean hartu zuten Mariano Mores pianista eta konpositore argentinarra; haren orkestra eta guzti, hasiberritan bezainbeste gozarazten ditu ikus-entzuleak 90 urteko gizaseme horrek.
Areto tango kategoriako final handia izan zen bestea. Finalista izan ziren 42 herrialdetako dantzari bikoteak: Argentinakoak ez ezik, Japoniakoak, Kolonbiakoak, Australiakoak, Italiakoak eta Venezuelakoak.
Obras Sanitarias estadioa jendez lepo zegoen larunbat gauean; Daniel Nacucchio (29 urte) eta Cristina Sosa (25 urte) izan ziren garaile. Ekitaldi handi bezain hunkigarriko onenak izan ziren, eta kategoria horretako munduko txapeldun. Epaileek aintzakotzat hartu zituzten, besteak beste, haien besarkatze etenik gabekoa, estiloa, pistan zeharreko lerratzea, dantza urratsen arrastoa, kadentzia, segida eta erritmoa.
Bikote txapeldun dotoreak, aldez aurretik, lehen postua lortua zuen Buenos Airesko Tango eta Milonga Txapelketetan. Dantzari profesionalak dira, eta lehenbizikoz lehiatu dira Munduko Tango Txapelketan. Daniel Nacucchio, berriz, tango dantzari eta irakasle aritua da 7 urtean, Japonian, tango zaletasun handia baitute han.
Neri Luciano Piliu eta Yanina Valeria de Quiñones argentinarrak izan ziren bigarren; eta John Erban eta Sofiani Figueroa venezuelarrak hirugarren.
Buenos Airesko Nazioarteko Tango Jaialdia, bestalde, hamargarrengoz egin dute aurten abuztuaren 15etik 24ra bitartean, eta 190 mila lagun (horietatik %30 turistak) bildu dira hango ikuskizun askotarikoez gozatzera. Jaialdi horrek eta Buenos Airesko 6. Mundu Txapelketak areagotu eta eraberritu egiten dute Rio de la Plata aldeko musika bereizgarriaren unibertso kulturala. Tangoak, jendea liluratzeaz gainera, etekin bikainak baitakartza: hainbat kalkuluren arabera, turistek 40 milioi dolarren irabaziak utzi zituzten Buenos Airesen.
Dokumentuaren akzioak