Dokumentuaren akzioak
Mundu osoko dantzariak Portugaleten
Uztaila helduta, mundu osoko hainbat herrialdetatik etorritako eta
bertako dantzariz betetzen dira Portugaleteko (Bizkaia) kaleak. Aurten
zortzi taldek alaituko dituzte herriko gauak, gaur hasi eta hilaren
25era bitartean, Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdiaren 34.
ekitaldian. Jaialdiak 260 parte-hartzaile inguru izango ditu. Egun
horietan, hamaika hizkuntza entzun ahal izango dira herriko kaleetan,
Elai Alai elkartekoek Martinika, Udmurtia, Kolonbia, Serbia, Togo,
Indonesia eta Egiptoko dantzariak gonbidatu baitituzte jaialdira. Urtero
legez, gonbidatzaileak, Elai Alaiko dantzariak, kanpotik etorritakoekin
batera ariko dira. Euskal folklorea herritarren artean zabaltzen saiatu
da elkartea 1962an sortu zenetik. Taldeak zazpi euskal herrialdeetako
dantzak egiten ditu.
Portugaleten ez ezik, folklore taldeek Hego
Euskal Herriko hainbat herritan egingo dituzte ikuskizunak, Bizkaian eta
Gipuzkoan batez ere, baina baita Nafarroa eta Araban ere.
Dantza
ikuskizunak 21:30 eta 23:00ak bitartean egingo dira gauero, San Roke
enparantzan. Gaurko inaugurazioaren ostean, egunero talde bi arituko
dira dantzan,Togo eta Udmurtiako errepubliketako taldeak izango dira
taulara igotzen lehenak, bihar. Etzi, Indonesia eta Serbiako taldeak
ariko dira; Egipto eta Martinikakoek hartuko dute lekukoa hurrengo
egunean, asteazkenarekin; eta, azkenik, Kolonbia eta Euskal Herriko
taldeek egingo dituzte beraien erakustaldiak hilaren 21ean,
ostegunarekin. Jaialdiari amaiera emateko, uztailaren 25ean egingo dute
ikustaldi nagusia eta Munduko Dantzak izenpean, talde guztiak bilduko dituzte Karlos VII.aren kalean.
Aurtengo
jaialdiak Dagestan, Txile, Bulgaria eta Euskal Herriko jantzi
folklorikoz, besteak beste, jantzitako gizon-emakumeen erretratuez
apainduko ditu Portugale eta Abandoko metro geltokiak abuztu erdialdera
arte. The Folk Faces erakusketan Asier Bastida argazkilariak
aurreko urteko dantzariei egindako formatu handiko 28 erretratu aurkeztu
ditu. Horietatik 13 Portugaleten izango dira ikusgai, eta gainerakoak,
berriz, Abandon.
Dokumentuaren akzioak