Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mundu ilunak

Dokumentuaren akzioak

Mundu ilunak

'Ballett Theater Basel'

Konpainia: Ballett Theater Basel. Piezak eta koreografoak: The Fools (Hofesh Shechter), Day 'without' Night (Jiri Pokorny), This is Everything (Bryan Arias). Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Maiatzak 24.
Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2019/05/28
Lotura
Berria
Exijentzia handiko egitarau batekin etorri da Bilboko Arriaga antzokira Basileako (Suitza) Ballett Theater Basel konpainia. Hiru koreografo handik sortu dituzte gaualdiko piezak, eta esan beharra dago Miarritzeko Gare du Midin eman dela asteon programa bera, bi antzokien arteko lankidetzari esker.

Londresen finkatu zen aspaldi Hofesh Shechter israeldarra, eta Miarritzeko Dantza Maitaldian ezagutu genuen bere estiloa, Barbarians izeneko trilogian. Orduan bezala, dantzaren zatikatze bortitzak, musika-nahasketa aberasgarriak eta argi-joko efektistak izan dira nagusi The Fools (Zoroak) piezan. Hasiera batean hamar bat segundoko zati frenetikoak tartekatu dira beste dantzari talde baten eboluzio leunekin, eta ekintza fisiko konpultsiboetan txertatu dira fusilatuen astinduak eta erregu jarrerak. Anartean, soinu-bandak bihotz taupaden erritmoa, piano-musika, haizearen hotsa eta danbor militarrak nahasten zituen, eta une batetik aurrera, 50eko hamarkadako unibertsitario ezkertiarren itxura hartu dute dantzariek, banderatxo gorri bat haizagailu batekin astinduz eta The Fools zekarren pankarta erakutsiz. Atzeko lerroan uniforme grisekin jantzitako gizon eta emakumeak ikusten ziren, eta lepoa egingo nuke garai hartako Israelen amets ustelean zegoela horren guztiaren erroa.

Gaualdiko bigarrena Jiri Pokorny txekiarraren Day 'without' Night (Gaurik 'gabeko' eguna) izan da. Zuri-beltzean zabaldu da eszena, kontra-argiaren eraginez eta atzeko gortina erraldoiaren presentzia erabatekoarekin. Zoru gaineko oihal beltz handi batek bete du eszenaren erdialdea, handik irten eta ezkutatu dira dantzariak eta haien eraginez desplazatu, zokoratu eta, kasuan kasu, nagusitu da oihalaren izaera enigmatikoa. Une batean duo eder bat hasi da, eta haren atzetik beste bospasei etorri dira, elkarren segidan, arintasuna eta lirismoa nagusi. Inspirazio handikoak izan dira haiek guztiak, eta giro erdi ilun erdi mistiko horretan indar handia hartu dute irudi poetikoek, une batzuetan isilean eta beste batzuetan olatu pausatuen murmurioa entzuten zelarik.

Eta amaieran Bryan Arias puertoricar-newyorktarraren This is Everything (Hauxe da dena) etorri da. Atsedenaldiaren ostean besaulkietara zetozen ikusleekin batera hasi dira posizioak hartzen dantzariak. Eremu eszenikoa zeharo hutsik zegoen eta kolore beroaren gama osoa ikusten zen praka eta alkandoretan. Hasiera batean eskultura kolektibo bihurtzen ziren haien eboluzio geldoak, eta dozena bat foku altuera diferenteetara jaitsi direnean birtuosismo handiko hainbat duo etorri dira, trio ikusgarriren bat tarteko. Une jakin batean musika xederik gabeko soinu metaketa zentzugabea iruditu zaigu, deserrotzearen ideia areagotuz eta Ariasen bi kulturen arteko ezkontza zaila irudikatuz. Azkenean, bete-betean sartu gara abstrakzio iparramerikarraren eremuan, eta talde osoaren eboluzio koordinatuak piano-musika sakonaren zerbitzura, hau da, edertasunaren zerbitzura jarri dira.

Dokumentuaren akzioak