Dokumentuaren akzioak
Mundu hobe baten alde borrokatu zen gizonaren historia kantatua
Jendez gainezka egon zen atzo Atharratzeko pilotalekuko plaza. Haien aurrean, herriko seme izan zen Jean Pitrau militantearen bizitza eta borrokak kontatzen zituen pastorala.
Sindikalista hitza erabili izan da Jean Pitrau definitzeko, baina zehatzagoa litzateke idealista zela esatea, eraman zituen borrokak bere herriko eta bortuko laborantza defendatzea baino urrunago joan baitziren. Horietako anitz Pier-Pol Berzaitzek idatzitako pastoralean ageri ziren. Han ikusi zen 1968ko maiatzeko “hippyekin” egin zuen lana, eskola txikiak ez ixtearen aldekoa edota Eretako lurrikara izan zelarik erakutsi zuen elkartasuna. Aldi berean, urdinen aldarrikapenei gorriek emandako erantzun umoretsuek alde transzendentala arindu zuten. Diru-laguntzak ematen dituzten burokraten armairu bati buruzko aipua ere entzun zen: «Dosierrak hor dira metan/ Beren aldean aidürü/ Ixil-ixilik pausüan».
Duela soilik 50-40 urte sujeta maitatua izan ondoren zokoratua nola izan zen kontatzen da, 14 eta 20. jelkaldietan «ele txarkariak karrikan» entzun daitezke. Beren jantzietan “huts”, “basa”, “zozo” eta “mihi” hitzak zituzten gorriek, Pitrauren kontrakoek esaten zituztenak. Ariketa ausarta, mihiluze horiek ikusleen artean baitziren.
Berzaitzek ez zuen bere ikuspuntua ezkutatu obra idaztean; lehen peredikuan bertan, «militante bat kartsua/ Bihotz handiko gizona» zela izateaz gain «merexi dütü gur eskerrak/ Eta gure goresmenak» erran zuen. Urrunago ere joan zen, Pitrauren beraren heriotzaren ondotik pastoralak segitu zuelako, bere ildo ideologikoa gaur egun izango zenaren berri emanez. Horrela, gorriz jantziak ikusi genituen Coca, Johnson, Monsanto eta Procter, «kontsümitzaile maiteei» zuzenduz.
Kantu eta Dantzak
XX. mendearen bukaeran bizitako laborari atharraztar baten nondik norakoak oinarri izanda, beste pastoraletan deigarriak izaten diren jantziak edo atzerriko kantu eta dantza ikusgarriak egitea zaila zen baina, hala ere, Berzaitzek ukitu berezia ematea lortu du. Horrela, abestietan denetarik entzun zen; “xiberutar” ederraren ondoan frantsesez, gaztelaniaz eta okzinarieraz kantatutako testuak baziren. Gainera, ez zen hizkuntza soilik berezia, bakoitzak bere arrazoia eta ukitua ere izan bazuelako.
“Airetun txikitun”-en frantsesezko bertsioan Euskal Herrian «bizitza guztian zehar bakantzetan bezala egotea» dela zioten, oporretan Zuberoara etorritako paristar gorriek.
Aldiz, gaztelaniazko kantua, Nafarroatik zuzenean, bertako kulturari ohore egiteko izan zen. Javier Ochoa Barace eta Thomas Barace Ochoa jotariek nekazarien pozak abestu zituzten Atharratze eta Otsagabiaren arteko anaitzearen berri ematen zuen jelkaldian. Jotekin tartekatuz, Nafarroako herriko dantzariak izan ziren kriskitinak joaraziz eta makilak joz, Zuberoako satanen dantzekin parekatuz, euskal dantzaren aniztasunaren testigu. Deabru gorriak ugariak eta dantzari onak izan ziren atzokoan. Azken peredikuaren aitzinetik, agur gisara denak elkartu eta dantzatu zutenean, ikusleen txalo zaparrada handienetarikoa bildu zuten.
Ideologia modernoko pastorala izan da “Jean Pitrau”, garai bateko alter-mundialista aintzindariaren historia kontatuz. Bestela ere nabarmena izan da emakumeei tokia emateko egin diren hautuak. Berez gizonena zen laborari eta artzainen munduan pertsonaia femeninoak agertzen dira iritziak ematen.
Aldiz, formari dagokionez, tradizioetan gelditu da pastoral ofiziala, apaizak zuritik pasaraziz, aingeruak lagun, horrela alde elizkoia oso agerian utziz. Mundu hobe baten aldeko borrokari formatu tradizionaletik nola begiratzen zaion deskubritu nahi dutenek hainbat aukera dituzte oraindik: abuztuaren 7an Atharratzen, 15ean Otsagabian eta irailaren 17an Pariseko Le Chatelet antzokian.
Pier-Pol Berzaitzek, bere sorkuntzekin batera, kantu erdaldunak eta tradizionalak eman ditu; dantzak zuberotarrak eta nafarrak dira.
Ohi bezala, ikusleek obra dualista honetan parte hartu zuen. Polizia gorrien kontrako txistuak izan ziren gehien entzun zirenetakoak.
Dokumentuaren akzioak