Dokumentuaren akzioak
"Mundu ero honetan dantza beharrezkoa da"
Gimnasia erritmikoan aritu zinen hasiera batean.
Ni berez hirugarrena naiz. Bi neba zaharrago dauzkat. Oso jarraian eduki gintuzten gainera, eta ni zaharrenen arrastoan joaten nintzen. Gogoratzen dut egun batean heziketa fisikoko irakaslea gerturatu zitzaiola nire amari eta esan ziola “neska honek zerbait egin behar du, ze gaitasun handiak ditu kirolerako”. Eta orduan eskubaloian eman nuen izena. Entrenamendu egun batean polikiroldegian ikusi nuen afixa bat, jartzen zuena “Club de gimnasia Oskitxo”, eta esan nuen: “Nik hori egin nahi dut”. Ez nekien zer zen. Baina joan nintzen proba egitera eta hor hasi nintzen, kasualitatez, gimnasia erritmikoan.
Buru belarri aritu nintzen geroztik. Gogoratzen dut eskolatik atera, autobusa hartu eta entrenatzera joaten nintzela, lau orduz jarraian. Bederatzi urterekin hasi eta hamalau urtera bitarte. Oso gogorra egin zitzaidan eskakizun maila hura. Ez nintzen behar bezain fina, nire giharrak nituen... Diziplina izugarria jarri ziguten, janaria kontrolatu… Gogoratzen dut borrokatu behar izana nire gosearen kontra, amaren kontra, denaren kontra.
Hura utzi zenuen orduan, baina kirolean jarraitu zenuen.
Bai. Eta ikasketak ere bide horretatik egitea erabaki nuen. Heziketa Fisikoko Magisteritza ikasi nuen. Mendia zela, igeriketa zela, eskalada zela... Kirol pilo bat probatu nituen ikaskideekin, eta oso garai dibertigarria izan zen. Orduan, zerbait ikasten segi nahi eta Donostiara etorri nintzen Psikopedagogia ikastera. Ondoren Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduan eman nuen izena. Mugimenduak erakarri nau beti.
Noiz sartu zen dantza zure bizitzan?
Ba graduko azken urtean, pentsatu nuen: “Ezin dut hainbeste urte ikasten pasa eta Erasmusik ez egin”. Orduan, Portugalera joan nintzen. Eta berriz ere, nik espreski erabaki gabe, ate bat ireki zitzaidan. Lisboako Faculdade de Motricidade Humana izeneko eskolan ikasten nuen, eta han uztartzen zituzten dantza, ergonomia, heziketa fisikoa... Eta irakasle batek erabaki zuen taldetxo bat sortzea, eta ikuskizun bat sortu genuen, Perto do Mar izenekoa. Hondartzan egiten zen ikuskizun bat zen. Orduan, pentsa, hondartzan entseiatzen genuen nire lagunek, nik eta nire rastek, eta jira bat egin genuen hondartzaz hondartza, Portugal osoan zehar... Zoragarria izan zen. Nire bizitzako urterik politena. Eta horrela, dantzaren harra sartu zitzaidan, nola ez. Hura zen ni bilatzen ari nintzena. Kirolarena aitzakia zen, mugitzeko, ze nire gorputzak mugitu behar du, baina bat-batean dantzarekin ohartu nintzen mugitu zintezkeela esanahi batekin. Zerbait kontatu dezakezula mugimenduaren bitartez. Eta ez baitezpada emaitza bat lortu. Soilik mugituz zure emozioak adierazi behar dituzula? Gauza liluragarriagorik!
Handik itzuli zinenean, zer?
Bat-batean Donostian nengoen, gimnasio batean lanean... Eta esan nuen: “Barkatu? Nik hau ez dut nahi!”. Nire bizitzan argiago izan ohi dut zer ez dudan nahi zer nahi dudan baino. Hori normalean jakiten dut. Baina zer nahi dudan ez dut oso argi izaten. Horregatik, beti joaten naiz leihoak irekitzen, eta gero bizitzak erabakitzen du. Bizitzak edo nik neuk, baina nola nahi ere, ez oso kontzienteki. Eta gogoratzen naiz pasa nintzela Aldamar kaletik, han dantza denda bat dago, eta afitxa ikusi nuela: “London Contemporary Dance School”. Sarrera-proba baterako deialdia zen, eta justu probaren egunean Lisboako lagunekin topaketa bat antolatua genuen, sagardotegian! Erabaki behar nuen egun horretan Bilbon proba egin, nahiz eta pentsatu ez nindutela hartuko, edo sagardotegira joan Lisboako lagunekin. Proba egitea erabaki nuen, oraindik ez dakit oso ondo zergatik. Eta hartu egin ninduten.
"Kirolarena aitzakia zen, mugitzeko, baina bat-batean dantzarekin ohartu nintzen mugitu zintezkeela esanahi batekin; zerbait kontatu dezakezula mugimenduaren bitartez”
Eta Londresko The Place Dantza Garaikideko Eskolan sartu zinenean, zer?
Oso gaizki sentitu nintzen. Eskola hartan denek hamabost urte zeramatzaten dantzan, denek ezagutzen zuten baleta, denek izan nahi zuten dantzari profesional… Nik hogeita bost urte nituen eta ez nekien ezer! Ezta ingelesez ere! Gainera, ez nintzen inolaz ere dantzariaren prototipoa, gorputz liraina, ilea mototsean bildua.... Eta oso handia sentitzen nintzen. Gogoratzen dut gelan mundu guztiak jarraitzen zituela pausoak zehatz mehatz, eta nik nire burua munstro bat bezala ikusten nuela, baldar, pausoak berandu emanaz eta parekoa kopiatuz... Gaur egun asko eskertzen dut hura bizi izana, baina momentuan oso gogorra izan zen.
Ez zenuen alde egin?
Pentsatzen nuen, “urtebete”. Ondo edo gaizki, urtebete izango da. Dantzatu egin nahi nuen! Banekien dantzak bazeukala zer edo zer nire oso barneko zerbait ateratzen zidana. Bestalde, koreografo piloa ezagutu nuen, teknika desberdinak... Eta urtebete izan behar zuena luzatu egin zen. Eskolako Edge izeneko konpainiarako aukeratu ninduten. Dantzan jarraitzeko aukera bat zen, eta beste urtebetez jarraitu nuen ikasten. Koreografiak montatu, birak egin... beste opari bat izan zen. Ikasten ari nintzen! Eta kontaktu asko egin nituen: batek deitzen zidan pieza baterako, besteak beste baterako...
Halako batean, itzuli egin zinen…
Londres ez zen nire hiria. Eta hango aukerak bukatu zitzaizkidanean itzultzea erabaki nuen. Nola? Hori ere ri-rau. Egun hartan emanaldi bat geneukan Portugalgo ez dakit zer hiritan. Eta biharamun goizean Artelekun audizio bat zegoen Asier Zabaletarekin lan egiteko Ertza konpainian. Edge, Ertza... beti in the limit! Eta pentsatu nuen, “hau izan daiteke nire aitzakia itzultzeko”. Orduan zer egin nuen? Gaueko hamarretan emanaldia bukatu, nire autoa hartu, eta bakar-bakarrik penintsula gurutzatu. Garaiz iritsi nintzen, eta hartu egin ninduten. Eta pentsatu nuen bizitzak esan zidala hura zela bidea.
Dantzari gisa urte batzuk egin ondoren, koreografiak sortzen hastea erabaki zenuen.
Jesús Rubio eta biok hasi ginen probatzen, eta Pi20 gure lehen pieza montatu genuen. Lanak 2010eko Madrilgo Koreografia Lehiaketa irabazi zuen. Lehenengo lan haren arrakastak aukerak eman zizkidan bide horretan jarraitzeko. ImpPulsTance Vienako Nazioarteko Dantza Jaialdira gonbidatu ninduten, baita beste hainbat tokitara ere… Irekidura bat eman zidan, munduan zehar gertatzen zena ikusteko parada. Opari izugarria izan zen. Eta batez ere pentsarazi zidan egiten nuenak zentzua zeukala, ez zela lelokeria bat, ez zitzaidala burua joan dantza munduan sartu nahi nuela erabaki nuenean.
Aldi berean, pentsatzen nuen: “Horrelaxe atera zait, asko gustatu zaie... baina nik ez dakit hau nola egin dudan ere! Orain, zer?”. Demostratu beharraren sentipena, berriz ere. Oso arrunta da emakumeongan, ezta?
Kontuak kontu, koreografiak sortzen hasi nintzen, eta Anakrusa konpainia sortu genuen Iñigo Ortegak, Eneko Gilek, Jon Estalak eta laurok, eta hiru pieza egin genituen, Tempus,-i, Duo eta Insitu. Gustua hartu nion koreografiak pentsatzeari. Dibertigarria egiten zitzaidan. Hori izan zen nire sortzaile fasea. Eta haurdun geratu nintzen.
Eta sabela handitu ahala, zer?
Berez emakume sortzaile izatea oso zaila da. Kristalezko sabaia hor dago lehendik ere. Eta ama zarenean, energia beste zerbaiti eskaintzen diozu eta nahi eta nahi ez dantzak lehentasuna galtzen du, eta desagertzen zara. Edo nire kasuan behintzat hala izan da. Ez inork inposatu didalako. Oso argi gogoratzen dut ama izan nintzenean esaten nuela, “hemen ez da ezer gertatu, nik dena beti bezala egiten jarraituko dut”. Bai, beti bezala, baina lo egin gabe, titia emanez eta etengabe pentsatzen nola egongo ote den nire haurra, nori utziko diodan nik ensaiatu bitartean zaindu dezan... Azkenean nire energia ez zegoen sorkuntzan eta ez zegoen inon, eta ez nuen egiten ez gauza bat eta ez bestea.
Azkenean hondoa jo nuen, eta orduan jabetu nintzen. Erabaki nuen ama izango nintzela behin edo bitan nire bizitzan eta hori oso modu kontzientean bizi nahi nuela. Orduan, Donostiako musika eta dantza eskolan irakasle lanpostua eskaini zidaten eta hilabeteroko soldatari eta ordutegi erregularrei eutsi nien. Dantzarekin harremana mantentzeko modu bat zen. Eta ez naiz damutzen gaur egun. Baina egia da sistemak ez zaituela laguntzen ama izan eta dantza munduan sorkuntzan jarrai dezazun.
Itzultzeko asmorik baduzu?
Oso zaila da. Jendea ez dago zure zain. Zure gorputza zortzi urte zaharragoa da, eta dagoeneko ez zaude fisikoki gorenean. Pasa zara bi haurdunalditatik, eta zure gorputza ez da berdina. Zu ere amatasunak aldatu egin zaitu, eta berriz ere ezagutu behar duzu zure gorputza. Oso gorputz desberdina daukazu. Hor egin behar den lanak denbora eta energia eskatzen du. Zaila egiten zait itzulera irudikatzea. Ez dakit nahi dudan ere. Batzuetan pentsatzen dut “hori pasa nuen, eta oso eskertuta nago, baina beharbada ez dut dantza sorkuntzaz bizi nahi”. Eta beste batzuetan sekulako gogoa ematen dit…
Adinean aurrera egin ahala, zure burua dantzan ikusten duzu?
Nik horretan sinesten dut eta aldarrikatu nahi dut. Ez dago adin bakar bat zure gorputza perfektua dena dantzarako, ez daukazu urte jakin horietan atera beharrik zuku osoa zure gaitasun efimero horri... Nik uste dantza egokitzen dela adin guztietara eta gorputz guztietara. Askotan esaten didate, “a, dantzaria zara? Hori izan da beti nire pasio frustratua”, eta nik beti erantzuten diet edozein momentu dela ona. Dantza garaikidean balio duena da kontatzeko duzuna eta kontatzeko modua. Eta horrek ez dauka zerikusirik adinarekin, alderantzizko zentzuan ez bada. Zenbat eta zaharrago gauza gehiago eta interesgarriagoak izan ditzakezu kontatzeko. Gorputzak bere mugak dauzka, noski, baina muga horien barruan ere infinito mugimendu daude.
Dantza irakasle zara orain. Zer irakasten duzu?
Azken batean, nok bere mugimendua bilatzen laguntzea da nire lana. Ez gaude ohituta. Gure gizartean dena dago oso pautatua, bi bide baldin badaude, bat da zuzena. Bizitza ez da horrela, eta dantza garaikidea ere ez. Aukera piloa dago. Aukeratu bat. Aukeratu bide bat. Zuk behar duzuna. Niretzat, mundu ero honetan salbokondukto bakarra dantza da. Horregatik gustatzen zait irakaskuntza ere. Nire pasioa transmititzeko aukera ematen dit. Eta zuk hortik zerbait jasotzen baduzu eta dantza maitatzen hasten baldin bazara, nahikoa. Zuri pertsona bezala zerbait eskaintzen baldin badizu dantzak, nahikoa. Joan ikustera, hitz egin dantzari buruz, elkartu zure lau lagunekin astero eta egin koreografiak... Gizartean hiper paralizatuta bizi gara, eserita, pantailen aurrean, burua etengabe lanean... eta gorputza? Gorputzak bere gaitasunak ditu, bere memoria, eta ez dakigu erabiltzen. Ba goazen probatzera! Zer dauka nire gorputzak kontatzeko? Zein da nire mugitzeko modua? Nola gustatzen zait? Dantza hor dago, ba erabili dezagun.
DENA ULERTU BEHARRAZ
“Zenbat aldiz entzun ote dudan ‘ez dut joan nahi emanaldi bat ikustera ez dudalako ezer ulertzen’. Eszenatokitik ikusten da hori jendearen aurpegietan. Dantza garaikideko pieza baten aurrean jartzen direnean, kezkatuta bezala daude. ‘Zerbait ulertu behar dut eta ez naiz ulertzen ari’. Eta ez dira erlaxatzen. Gogoa zabalik baldin baduzu, beti jasoko duzu zerbait. Eszenak, argiak, koloreak, musika, gorputzak, aurpegiak, mugimendua bera. Eta norberak askatasuna du pieza norbere egiteko. Ni hau ari naiz ikusten, eta hau mugitzen dit hemen eta orain. Ba gelditu horrekin, ze gaur zuretzako hori da errealitatea. Hori da dantza garaikidearen magia. Baina hainbeste epaitzen dugu gure burua, ez diogula zabaltzen uzten. Gure abiapuntua da badagoela intentzionalitate bat, eta ez dugula ezagutzen. Bai noski, koreografoak intentzionalitate batekin egin du, baina bere helburua ez da zuk berak bezala ulertzea. Hala ulertzen baduzu, primeran, baina bide pila bat daude eta hori da politena. Dantza garaikideak ez dizu ezer eskatzen”.
BIZIPOZA
“Eskerrak dantza ezagutu dudan. Oso pozik nago horregatik. Nik uste dut mundu guztiak duela bizitzan bizipoza ematen dion zerbait. Batzuk olerkiak idatziko dituzte, besteek marraztu... eta askok ez dute ezagutzen haien bizitza osoan zehar. Nik bai, nik ezagutu dut eta dantza da. Dantzatzen dudanean zoriontsua naiz. Berdin du eszenatoki batean egon ala ez. Mugitzea bera da kontua. Emozionatu egiten naiz esate hutsarekin. Dantza ezagutu dut eta hor egongo da betirako. Eta gaur egun nahiz eta ez nagoen zirkuitu profesional horretan, dantza nire bizitzaren parte da”.
Dokumentuaren akzioak