Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mundu berria bestaldean

Dokumentuaren akzioak

Mundu berria bestaldean

Hamabost urte bete ditu Necocheako euskal etxearen Hator Hona egitasmoak. Euskal Herriko gazteak Argentinara gonbidatzen dituzte, euskal kulturari buruzko ikastaroak egiteko. Aurtengoa berezia da: aurretik joandakoak gonbidatu dituzte .
Egilea
Iker Tubia
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2019/07/02
Lotura
Berria

Necochea ez da Euskal Herrian, nahiz eta hara doanak ikusiko duen badela Euskal Herririk Necochean. Euskal etxe handi bat bada bertan, Euskal Herri txiki bat, Argentinan. Udan —han negua—, euskal gazteak gonbidatzen dituzte haienera, euskal kulturari buruzko tailerrak eman ditzaten. Dagoeneko hamabost urte pasatu dira Hator Hona izeneko egitasmoa abiatu zutenetik, eta, urtemuga ospatzeko, aurtengoa berezia izanen da: aurretik egondakoak gonbidatu dituzte berriz etxera.

Antolatzaileek zein parte hartzaileek, argentinarrek zein euskal herritarrek, denek argi dute Hator Hona berezia dela. «Aitzakia bat zen, baina aitzakia perfektu bat». Hala deskribatu du Olatz Elejabarrietak. 2006. urtean izan zen Necochean. «Konexio bat dago, sekulakoa, eta, gainera, urtero pasatzen da». Zortzi urte geroago joan zen Eñaut Arretxe: «Necocheako gazte zoragarri batzuek martxan jarritako proiektua da, niri pertsonalki diaspora ezagutzeko aukera eman didana, eta munduaren beste puntan beste mundu bat ireki didana».


Euskara eskolak 2004. urtean. HATOR HONA

Dagoeneko euskal etxeko «motorra» da Hator Hona, Maite Bilbaok dioenez. Bilbao necocheatarra da, eta lehenbiziko edizio horretako antolatzaileetako bat. EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko ordezkari batek deituta bilera bat egin zuten. EGK-koak Argentinan ziren, bertako gazteei proiekturen batean laguntzeko gogoz. Aurretik eginak zituzten beste batzuk. «Handik egun batzuetara sortu zen ideia truke bat egiteko, gure euskal etxeari eta batez ere gure belaunaldiari indarra emateko». Borobil atera zen. «Lehenengo hartan bihotza utzi genuen: bihotza ireki eta mahai gainean jarri genuen». Lagun handiak egin zituzten, eta Euskal Herria aho gazteagoetatik ulertu. «Gure arbasoek kontatutako ipuin bat izatetik, kontaktu bizi, zuzen eta lagun sorta izatera pasatu zen. Familia bat».


Trikiti doinuak 2005eko Hator Honan. HATOR HONA

Lotura bat da Hator Hona, Euskal Herria eta Argentina ez ezik Argentinako eta Euskal Herriko euskaldunak ere lotzen dituena. Eta lotura estua, hangoak eta hemengoak aldatzerainokoa. «Hator Honak jarrera aldaketa eragin zuen euskal etxean: gaur egun, noiznahi etortzen diren euskaldunak hartzeko jarrera ona dago», azaldu du Juantxi Yacominik. Lehenbiziko urtean nerabe zen Yacomini, baina 2009tik aurrera antolatzaile lanetan ibili da, buru-belarri. «Mugarri bat» izan zen egitasmoa, horrek ekarri zuelako segidarik: proiektu berriak egin ziren, Necocheako 60-70 lagunek Euskal Herria bisitatu zuten, Necochean egin zen azken Euskal Astean ehun euskal herritar joan ziren hara... eta euskara: asko euskarari lotu zitzaizkion. «Euskara ikasten eta irakasten ari gara hemen, eta interes hori, dudarik gabe, Hator Honan piztu zitzaigun».

Euskal Herritik Argentinara joandakoen artean horrek sortu zuen harridura: euskaldunak aurkitu zituzten. «Gazteak euskaraz; sorpresa ikaragarria izan zen. Ez hori bakarrik, hemengo eguneroko gai politiko eta kulturalen berri dute», azaldu du Arretxek. Euskara ikastaroak eman zituen han. Alustizatarren etxean izan zen 2014an, Ignacio eta Fran anaiekin. Lehenbizikoa euskalduna zen, bigarrena ez, aitzitik. Koloreak, asteko egunak, eta abar irakatsi zizkion. «Aurten, Bilboko Alde Zaharrean egin nuen topo Franekin, eta hasi zitzaidan euskaraz egiten, gainera, erraztasunez. Harrituta, hunkituta eta harro gelditu nintzen. Ez nuen imajinatzen horrelakorik».


Trikitilariak, lehenbiziko aldian. HATOR HONA

Lotura estua

Aurtengo Hator Hona berezira itzuliko da Arretxe, uztailaren hondarrean. Ezin ezetzik esan: «Hango lagunak eta familia bisitatzeko, eta jasotakoa eskertzeko beharrez, ezin dut hutsik egin. Bertan egon beharra dut, eskertu behar dudalako egin zutena». Elejabarrieta ez da orain joatekoa, baina Eguberrietan han izanen da, seigarrenez. Han bizitzen ere egon zen denbora batez. «Nire bizitza aldatu zen; mundu bat zabaldu zitzaidan», esan du. «Nire zatitxo bat utzi nuen han, eta beti saiatzen naiz zatitxo horrekin konektatzen hemen jarraitzeko». Han sortutako harremanak ez dira azalekoak, bere aburuz. «Asko eragin zidan, eta txarto pasatu izan nuen gai honegaz: han egon gura nuen».

Bizipenak antzekoak dira ozeanoaz bestaldean. Bilbaok eta Yacominik onartu dute lagun handiak egin dituztela, eta familia hitza erabiltzen dute batzuetan Hator Hona-ra joandakoez hitz egiteko. Yacominik arratsaldeko hitzorduak maite ditu, bertara joandakoekin kalean matea hartzea. Baita afariak ere, eta ondorengo parrandak. «Hor elkar ezagutzen dugu, eta horrela sortzen da adiskidetasuna».


Txalaparta eskolak, 2006an. HATOR HONA

Gazteentzako aukera

Garaiak aldatu dira, baina egitasmoak funtsa mantendu du: «Euskaldun batzuek euskal kulturari buruzko klaseak ematen dituzte, gure etxeetan lo egiten dute, eta otorduak gure esku. Hori da proiektuaren funtsa; etortzen direnak etxean bezala sentiaraztea», esan du Yacominik. «Gaur egun, zaila da imajinatzea neguko [hemen udako] oporrak Hator Hona-rik gabe».

Bilbaok aipatu duenez, gaur egun gazte gutxiago daude euskal etxean, eta horrek egoera pixka bat zailtzen du: «Ardura hartzea zailago egiten da». Dena den, proiektuaren alde egin du: «Aire freskoa da guretzat, indarra ematen digu. Gazteei zeregina ematen die, eta euskal etxeari lotuta mantentzen ditu».


Afal ondokoa, 2012ko aldian. HATOR HONA

Iparra ez dute galdu Necochean. Yacominik argi du zer bideri jarraitu behar zaion: «Horrelako proiektuak sortu eta mantendu behar dira. Horrelakoek bizitza ematen diote euskal etxeari». Gainera, egitasmoak beste euskal etxeekin batera proiektuak egiteko bidea eman diela aitortu du. Euskal Herriari egindako ekarpena ere ez da makala. Elejabarrietarenak dira hitzok: «Euskal Herriko gazte askorentzat aukera bat da, eta diaspora zabaltzeko modu bat, etxe askotara heldu delako Hator Hona».

 

HATOR HONA

Dokumentuaren akzioak