Dokumentuaren akzioak
Mugitzearen plazeraz
Sub', 'Herman Schmerman' eta 'Minus 16'
Nacho Duatok Espainiako Dantza Konpainia Nazionala utzi zuenetik asko hobetu dira bai dantzarien bai koreografien kalitatea —bere garaian Duatoren lanak baino ez zituzten dantzatzen—, eta Maitaldira ekarritako egitarauak holaxe frogatu du mugimenduaren plazer hutsez egindako hiru sorkuntzarekin.
Gaualdiko lehen pieza —Sub— Itzik Galilirena izan da, eta hutsaltasun sentsazio handia utzi digu. Herbehereetan aspaldi finkatu zen sortzaile israeldarrak artasunean oinarritutako lan bat eratu du, zazpi gizon gihartsu taula gainean mugiaraziz, biolin musika minimalista eta handinahi baten pean. Planteamendu horrekin, saihestezina egin zait Burkina-Fasoko dantzari/borrokalariek beren herri-borrokaren omenez egindako lanaz gogoratzea. Beharbada horregatik, eta seguruenik jantzien diseinu trakets eta itsusiarengatik ere, ezin izan diot koreografiari beste munduko baliorik aurkitu, eta musika nekagarriaren amaieraren zain geratu naiz, ezinbestean.
William Forsytheren Herman Schmerman pieza etorri da bigarren lekuan, eta harekin hasi da gozamena. Egitarau osoan bezala, mugimendu hutsaren aldarrikapena egin du sortzaile newyorktarrak, eta Galilik baino askoz inspirazio handiagoa erakutsi du, Thom Willemsen Just Ducky musika totel eta dibertigarriaren laguntzaz. Lehen atalean, hiru emakume eta bi gizon agertu dira, puntetan eta ballet klasikoaren arau denak betetzen, baina musika bezain absurduak ziren ñabardurak gehituz pauso, jauzi eta jarrera eder bakoitzari. Bigarrenean duo bikain bat ikusi dugu aurreko zatiaren bide beretik, eta horretan ere agertu da Forsytheren keinu-aberastasuna, lehenengoan bezala ezusteko amaiera polita heldu den arte.
Minus 16 izan da egitarauak ekarritako azken lana. Ohad Naharin israeldarrak bertako Batsheva konpainian garatu zuen Gaga delako teknika, dantzariengandik onena ateratzeko, plazera eta esfortzua, gorputzaren entzutea eta espazioaren kontzientzia bateratuz. Hasiera batean dantzariek zirkulu erdi handi bat osatu dute aulki banatan jesarrita, eta kapelua, jaka, alkandora, zapatak eta prakak erantzi dituzte folklore juduko kanta bateko txanda bakoitzean. Jarraian etorritako eszenetan metronomo baten soinupean garatu dituzte gizonek keinu mekanikoen segida konplexua, eta gero duo bat etorri da musika barrokoan bilduta. Naharinek bizitzearen pozari abesten dio, eta bere hiztegi koreografikoa egunerokoaren eta sinbolikoaren artean mugitzen da, seriotasuna eta umorea bikain uztarturik. Bide horretatik lortu du azken zatian ikusleak agertokira ekartzea eta beraiekin dantzatzea, mugimenduaren plazeraren ospakizun betean.
Espainiako Dantza Konpainia Nazionalaren Sub obra. BERRIA
Dokumentuaren akzioak