Dokumentuaren akzioak
Mugimenduaren soinua
Elektroakustikaren abiadura eta dantzaren musika ikertu dute Alfonso garcia de la torre eta Ignacio monterrubio konpositoreek. bihar Joera berri horiek erakutsiko dituzte lehen aldiz
Euskal Herriko gaurko musiken munduan ezinbestekoak dira Carmelo Bernaolaren eta Felix Ibarrondoren obrak. Horiek entzuteaz gainera, gazteen belaunaldiaren ikerketa eremua ezagutzeko aukera emango du kontzertuak. Zuriñe F. Gerenabarrena, Alfonso Garcia de la Torre, Antonio Lauzirika, Ignacio Monterrubio eta Sergio Gutierrez konpositoreen lanak interpretatuko ditu Jesus Guridi taldeak. Bi estreinaldi izango dira gainera; soinuaren espazio dinamikoaren ikerketa egiten dute Alfonso Garcia de la Torrek eta Ignacio Monterrubiok, eta Michelle Man dantzariaren bitartez mugimenduaren soinua frogatuko dute. Eugenio Tobalinren gitarrak elektroakustikarekin nahastuta sortuko du egileek nahi duten dimentsio berria.
Carmelo Bernaolak abian jarri zuen laborategi elektroakustikoan ikasitakoak dira biak, eta elektroakustikak soinuak baliatzeko ematen duen gaitasuna gitarra akustikoarekin nahastuz soinu oso interesgarriak lortzen dituzte, ezezagunak orain dela gutxi arte. «Musikak eta mugimenduak duten harremana interesatzen zait. Musikak dituen denbora faktoreak eta dantzaren espazio faktoreak aztertzea», dio Garcia de la Torrek (Gasteiz, 1964). Gaur egun bera da Bernaolak Gasteizko kontserbatorioko laborategian zabaldutako bidea jarraitzeko arduraduna, eta oso ongi ezagutzen du musikaren historiaren bilakaera. «XX. mendean musikaren akustikan egon diren aurrerapenei esker, sakon ezagutu ahal izan dugu instrumentuen interpretatzeko ia-ia aukera eta efektu guztiak, eta mundu zabala ireki digu zientziak. Teknologia, elektronika, musikaren zerbitzura jarri dugu, eta oso erabilgarria da konposatzeko, paregabea, ideiak garatzeko». Xuxurla izena jarri dio obrari, gitarrak soinu leuna duelako De la Torrerentzat. «Xuxurla espazioan mugitzen jartzen dugu elektroakustikari esker eta dantzaren bitartez bisualiza daiteke abiadura eta norabidea».
Ezagutzeko beldurra kentzeko ordua
Ignacio Monterrubiok ere (Burgos, 1976) soinua eta mugimendua lantzen ditu, eta obra deskribatzerakoan esperimentazioak sorrarazten dion zirrara erakusten du. Horregatik ez du ulertzen ikusleek eta entzuleek zergatik dioten ezagutzari beldur. «Gustatzea edo ez gustatzea. Hori ez da kontua. Inoiz entzun ez ditugun soinuek eragiten diguten erreakzioa da garrantzitsuena. Jendea behin eta berriz gauza bera entzutera joaten da, eta zergatik ez aukera eman beste zerbaiti?». Hori dena dio penagarria iruditzen zaiolako jendeak esperientziei atea ixteko ohitura. Bera, berriz, etengabe sakontzen ari den hizkuntza berri horretan eroso dago. «Keinuak soinu sortzaile gisara duen funtzioa aztertzeko ikerketa proiektu batean buru belarri sartuta nago. Hortik abiatuta hasi nintzen Trois konposatzen. Gitarrak mugimendua du eta dantzak soinua. Gitarraren musika zuzenean manipulatuko dut elektroakustikaren bitartez, eta soinu horrek forma geometrikoak ditu niretzat. Borobilak, marrak, eta horiek dantzariari esker bisualizatzen dira».
Michelle Man dantzariarekin batera landu dute biek soinua, eta jarduera hori, ikus-entzunezko arteen nahasketa, asko landuko den joera izango dela uste dute konpositoreek.
Dokumentuaren akzioak