Dokumentuaren akzioak
Mugimendua sentimendu bihurtzen duen poeta
"Ez dugu filma eszenifikatzen. Gidoi emozional bat da", dio Muñozek. Izan ere, hizkuntza desberdinak erabiltzen dituzte zinemak eta dantzak. "Hala ere, hasieran uste genuena baino gehiago geratu da pelikulatik koreografian. Pelikula ezagutzen ez duenak istorio bat ikusiko du, eta pelikula ezagutzen duenak erreferentzia asko identifikatuko ditu".
Bi aingeruk bere kargu dituzten lau gizon-emakumeren gorabeherak jarraitzen dituzte zerutik. Aingeruetako batek bere babestuarekin maitemindu eta zerutik lurrera jaistea erabakiko du. Aingeru izateari uko eginik gizaki arruntak bezala bizitzera jaitsiko da, bizitzaren miseria gorriei aurre eginez.
Giza harremanen konplexutasunak arduratzen du Damian Muñoz eta ikuskizun gogorra taularatu du hori islatuz. Protagonisten sentipen eta bizipen latzak zuzen zuzenean iristen zaizkio ikusleari. Istorioaren gordintasuna bete-betean sentitzen da eserlekutik eta protagonistek bizi duten deserosotasuna areto osora zabaltzen da. Heriotz batekin hasten da ikuskizuna eta bere buruaz beste egiten duenarekin bukatu.
Eusko Jaurlaritzaren «Dantzara» Plataformaren bidez babestuta estreinatu berri da Damian Muñozen azken lana Barakaldo antzokian. Erakundeen laguntza garrantzitsua da koreografoarentzat, baina dantzariek ausartak izan behar dutela defendatzen du. "Argi izan behar dugu ez dugula erakundetu, instituzionalizatu behar. Ez zait egokia iruditzen babesik ez badago, dantzarik ez dudala egingo esatea". Koreografo berrien erakusketak lehen urratsetan daudenei leihoa irekitzen laguntzen badie, «Dantzara» plataformak dagoeneko abiatuta dauden konpainien lanak Euskal Herrian ikusteko aukera eskaini nahi die. Honela bi egunetan A Deshoras, Ion Munduate, Nekane Santamaria eta Damian Muñoz Danzaren lanak ikusi ahal izan ziren Barakaldon uztaileko bigarren asteburuan.
Damian Muñozek aurkezpen txartel ikusgarria ekarri du oraingoan. Bartzelonako Grec jaialdiak koproduzitu du ikuskizuna. Uztailaren 25etik 29ra aurkeztuko da Gasteizko koreografoaren lana Grec jaialdian. Egitarauan, Damian Muñoz Danza konpainiaren ondoan egungo dantza konpainia entzutetsuenetako batzuek jardungo dute. Tartean Nederlands Dans Theatrek Jiri Kylian-en lanak aurkeztuz. Goi mailako jaialdia da, eta antolatzaileek Muñozen ikuskizunaren ekoizpenean parte hartu nahi izanak koreografoarengan ezarritako konfiantzaren neurria ematen du. Babes horiek dantza garaikidea pixka bat gehiago ezagutzera emateko balioko duten esperantza du Muñozek. "Dantza garaikidearen arazo nagusia ezagutzen ez dela da. Ezagutzen ez den produktua ez da erosten. Ezezagun handiak gara. Formazio eta publizitatean inbertsio handia egin beharra dago. Eta nik uste dut oso garrantzitsua dela telebistaren parte hartzea. Dantza gauza oso bisuala da, eta horren berri
modu onean izateko modu bakarra telebista da. Eta egin diren gauzetan ikusi da funtzionatzen duela".
«Las mentiras del entusiasmo» koreografia sortzeko Virginia Garciaren laguntza izan du Muñozek. Bi horiekin batera Jorge Jauregi, Fernando Hurtado, Fernando Nicolás Pelliccioli eta Maria Rocak osatzen dute dantzari taldea. Orain arteko talde sendoena osatu du seikote horrekin. Dantzari indartsuak dira seiak, teknika desberdinak menperatzen dituzte eta ongi moldatzen dira Muñozek maite duen dantza erara. «Teknikoki oso irekia naiz eta saiatzen naiz ez geratzen teknika bakarrarekin. Nire formaziotik, gauza askotatik gustatzen joan zaidana hartzen eta nahasten joan naiz. Giza gorputzak eskaintzen dituen aukera guztiak baliatzea gustatzen zait". Dantzarien arteko kontaktu fisikoa atsegin du Damian Muñozek eta oraingoan bortxaz erabiltzen du ukimena. "Niretzat oso garrantzitsua da dantzarien arteko kontaktu lana, hori asko erabiltzen dut beti, eta orain ere horrekin jarraitzen dut". Adierazpen gaitasun handia du Muñozek darabilen lengoia koreografikoak. "Asko laburbildu beharra dago. Sentipen hau edo beste emozio hori adierazi nahi dudala erabaki eta mugimenduaren bidez hori lortzea da erronka. Noski, hau gauza konplexua da, emozioa gauza abstraktua baita, eta mugimendu fisiko baten bidez kontatzen saiatzea nahiko zaila da, baina horixe da erronka".
Damian Muñozen ikuskizunetan ohikoa den Borja Ramos arduratu da musika konposatzeaz eta Javi Ulla argiztapenaz. Bien artean eszena gaineko gertakizunei dagokien giro hotz eta gogorra ematen diete.
Muñozen dantzak ez du gehienetan musikaren erritmo beharrik. Dantzak berak bere erritmoa izan ohi du eta gutxitan bilatzen du babesa musikan.
Ohi bezala errekurtso eszeniko ugari erabili ditu oraingoan ere. Zerua eta lurraren arteko jokoak sabaitik taula gainera hamaika elementu erortzen uzteko bidea ematen dio. Horrek ikuskizunaren prestaketa lanak asko zaildu ditu baina emaitza oso zinematografikoa da. "Nik askotan nuen sentsazioa zen pelikula egiten ari ginela. Story board-a, eszenetaz hitz egiteko genuen modua... æhau pelikula bat da eta grabatu egin behar duguÆ, sentsazio hori daukagu guztiok".
Ikuskizun bat estreinatu berritan, eta beste bi ditu martxan dagoeneko Damian Muñozek. Urte asko daramatza dantza munduan, baina orain gutxi arte ezin izan du dantzan erabat profesionalki jardun, eta aisialdiko jarduera izan da dantza Muñozentzat. «Horixe da modu bakarra. Artea ez dela erakundetu behar uste dut, eta beraz, aurrera egiteko modu bakarra goizetan lan eginez eta gauez eta asteburuetan dantzatuz izan da. Poliki-poliki, joan gara hazten, hobbya lanari nagusitu zaion arte eta bien arteko posizioak trukatu arte". Damian Muñozek ez du bide samurra izan bere gogoa betetzera iritsi arte. Dantzaren munduan bizitzeak dituen zailtasunak ondo ezagutzen ditu. "Oso gogorra da. Gainera, ez zoaz gauza on batetik hobeago batera. Eszenatoki gainera iritsi arte dagoen prosezu osoa, alor ekonomikoa, enpresa antolaketa, hori guztia oso konplikatua da. Horrez gain, elkarren aurka dauden bi gauza nahasten diharduzu: artea eta dirua".
Traspasos konpainian eman zituen lehen urratsak dantzari profesional gisa, eta ondoren Moaré eta Puertas Abiertas taldeekin jardun zuen. 1995ean sortu zuen bere konpainia, Damian Muñoz Danza. Urte berean Madrileko koreografia lehiaketan lehen saria eskuratu zuen «Cuando me des un respiro» lanarekin. Ordutik hamaika lan berri sortu du, tartean «Humedades», «Daño» eta «Asiré», eta nazioarteko hainbat jaialditara gonbidatu dute.
Bide sendoa egin du, eta azken bi-hiru urteotan dantzara bete-betean emateko aukera lortu du. Ongi landu eta izerditutako aukera izan da eta ez dago alferrik galtzen uzteko. Bi proiektu berri ditu esku artean dagoeneko. Lehenengoa «Tres tristes Striptease» izenekoa da eta zinemarekin duen lotura berretsiz, film labur bat grabatuko du koreografia horrekin. Tonu alaia, tragikomikoa izango omen du eta udaberrirako estreinatzeko asmoa du. Bestetik, irailean koreografia bat aurkeztuko du Bartzelonako Miro Fundazioan.
Dokumentuaren akzioak